Nola jarri onurak kalteen gainetik

Sagardotegien bueltan, jende andana bat elkartzen da Gipuzkoako zenbait herritan otsailetik apirilera bitarte. Hernanin bereziki, bizikidetza arazoak eragin ditu horrek azken urteetan. Bizilagunek aitortu dute hobera egin duela egoerak, baina neurri gehiago hartzeko eskatu dute.

Gauez herriko kaleetan pilatzen den jende andanak bizikidetza arazoak sortzen ditu. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Egiturazko arazoa da, ala kasu bakan bat? Txotx garaiak askotariko iritziak sortzen dituen eran, onura beste kalte eragiten dizkie Hernaniko (Gipuzkoa) bizilagunei. Batzuentzat bizi iturri da, eta besteentzat, bizi kalte. Ertz asko dituen errealitate konplexua da: txotx garaiak irauten duen asteetan, jende andana bat joaten da herrira, eta, horrek, alde positiboak dituen modu berean, alde negatiboak ere baditu. Bada, oreka bilatzeko beharrak inoiz baino garrantzi handiagoa dauka auziari irtenbidea emango dion konponbide bat aurkitzeko. Hala uste dute txotxaren fenomenoak eragindako alde guztiek: bizilagunek, sagardogileek, merkatariek eta ostalariek, eta udalak berak. Guztiekin hitz egin du BERRIAk.

Bizilagunak daude txanponaren alde batean, batez ere alde zaharrekoak. Haiek jasaten dituzte albo kalterik gordinenak. Haienak beharko luketen guneak hartzen ditu sagardotegietatik bueltan herrira joaten den jende oldeak egunez, eta haien deskantsua zapuzten gauez, bizikidetzaren kalterako. Alde zaharreko bizilagunen Kaxko elkarteko kidea da Alberto Blanco. Haren ustetan, «gehiegizkoa» da txotx garaian herrian pilatzen den jende kopurua. Hala ere, eta auziak «konponbide zaila» duela aitortu arren, txotxaren fenomenoari eustearen alde azaldu da: «Konponbide oso zaila du, eta badakigu hori. Badakigu, hala ere, badirela txotx garaia desagertzearen alde dauden herritarrak ere. Gu geu, elkarte moduan, ez gaude ados horrekin. Uste dugu onura asko dakartzala herriarentzat: ekonomikoak, kulturalak eta sozialak. Hernanirentzat ona da, hein handi batean. Beste kontu bat da neurri gehiago hartu behar direla eragiten dituen arazoak konpontzeko, eta horretan lan asko dugula egiteko oraindik».

Txanponaren beste aldean daude sagardogileak, merkatariak eta ostalariak. Txotx garaiak eragin positiboa du haiengan, eta denboraldiko onura ekonomikoak pisu nabarmena dauka negozioen urteko balantzean. Mertxe Jimenez Berriak Hernaniko ostalari eta merkatarien elkarteko kideak azaldu duen moduan, «zerbitzuek industriari hartu diote lekua azken urteetan, eta herria ostalaritzatik bizi da egun». Jimenezek adierazi du, halaber, kultura bati lotuta dagoen fenomeno bat dela kalekoa, eta Hernanikoa ez dela «kasu bakana». «Kalean kontsumitzeko kultura handia daukagu hemen, eta zaila da hori aldatzea. Konponbide zaila dauka aferak».

Iritzi bera du Jon Peña Akarregi sagardotegiko arduradunak ere. Adierazi du, hala ere, urtetik urtera pausoak ematen ari direla auziari konponbide bat emateko asmoz. «Beti dago zer hobetu. Urte askoko lana dago honen guztiaren atzean, baina tarte hori beti dagoela uste dugu guk behintzat».

Kontuak kontu, alde guztiek aitortu dute nabarmen hobetu dela egoera azken bost urteekin alderatuta. Bat datoz, halaber, arrazoietan. Blancoren esanetan, alde batetik, parrandaren ordutegian izan den aldaketak eragin du hobekuntza: izan ere, lehen batez ere gauez etortzen zen jendea; egun, gehiago etortzen dira egunez. Jimenezek azpimarratu du, bestalde, lau egunetik bakarrera mugatu dela festa giroa herrian. Hernanira joaten den jendearen jarreran ere nabaritu du aldaketa bat.

Desoreka horiek kudeatzeko ardura du, hain zuzen, Hernaniko Udalak. Luis Intxauspe alkatearen hitzetan, «sektore guztien inplikazioa handia da», eta elkarlan horri esker lortu dituzte emaitzak. Adierazi du, hala ere, hobetzen jarraitzeko «nahia eta jarrera» izan behar dutela guztiek, eta nabarmendu du gezurretan ari direla «ezer» egiten ez dela dioten herritarrak: «Neurriak hartzen dira, eta urtetik urtera hobetzen ari da egoera, nahiz eta jakin konplexua eta zaila dela herritar batzuek nahiko luketen bake hori lortzea. Hori beste planteamendu bat da, eta beste hainbat elementu hartu beharko lirateke kontutan horretarako; agian, ezinezkoa ere izan daiteke».

Nork bere neurriak

Hartutako neurrien adibide gisara jarri ditu bereziki aurten martxan jarritako bi: Gudarien plazan jarritako informazio gunea eta komunikazio kanpaina bera. Udaltzaingoaren egoitza herrigunetik aldenduta dagoenez, jendearengana hurbildu nahi izan dute herriko plazan jarritako informazio gunearen bidez, eta, hala, «erreferentzia gune» bilakatu da edozein gertaeraren aurrean kanpotik datozenentzat. Handik tramitatzen dituzte gertaera asko, Intxauspek azaldu duenez, «eta horrek laguntzen du jendearengandik gertuago egote horretan». Horrez gain, udaltzain gehiago jarri dituzte lanean.

Beste sektoreek ere hartu dituzte egoerari aurre egiteko neurriak, nork bereak. Sagardogileek, esaterako, sagardotegiak eta herrigunea lotzen dituen autobus zerbitzua indartzeaz gain, komunikazio kanpaina bat sustatzeko ardura hartu dute. «Sagardotegira etortzen direnei eskuorriak banatzen dizkiegu herrian errespetuz jardun dezatela eskatzeko. Kartelak ere jarri ditugu sagardotegietan», azaldu du Akarregi sagardotegiko arduradunak.

Tabernariek ere bat egin dute kanpainarekin, eta Hernanin gozatu baina arduraz jokatu leloa daramaten kamisetak atera dituzte zerbitzariek une oro soinean eramateko. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez jarri dute leloa; itsasgarriak ere egin dituzte. Horrez gain, mezu bera zabaltzen duten iragarki laburrak jartzen dituzte tabernetan aldian behin, eta larunbatetan kalean pilatzen den plastikoa jasotzeko bilketa bereziak ere antolatzen dituzte.

Alde zaharreko bizilagunek, berriz, kartelak jarri dituzte balkoietatik zintzilik: oihurik ez egiteko edota kalean pixarik ez egiteko eskatzen dute, «alde zaharra izateak ez baitu esan nahi zikina izan behar duenik», Blancok dioenez.

Mahaiaren bueltan

Neurri horiek guztiak Txotx Mahaiaren bueltan adostu dituzte. Txotx denboraldiak eragindako sektore guztiek osatzen dute lanerako mahai hori, eta auziari «elkarlanean» heltzea da haren helburua. Mahaiak urteak daramatza lanean, eta bertan eztabaidatzen eta lantzen dituzte txotxaren aferari lotutako kontu guztiak. Halaber, bertan ebaluatuko dute aurten martxan jarritako neurriak eraginkorrak izan diren ala ez, eta aurrerantzean zer egin haiekin.

Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du alkateak, hain zuzen ere: «Elkarrekin abiatzea da garrantzitsuena: hau da, denok gara jakitun zein alde positibo eta negatibo dituen, eta zer den hobetu behar duguna. Hobetze horretan, elkarrekin aztertzen bada oro har zein neurri hartu ditzakegun eta sektore bakoitzak zer egin dezakeen, askoz errazagoa da guztiontzat, eta onuragarriagoa».

Horiek hala, arazoari konponbide bat bilatzeko «tresnarik egokiena» mahaia dela uste dute alde guztiek. Jimenez: «Mahaian egiten diren eskaera eta proposamen guztiak aintzat hartzen ditugu, eta bizikidetzari eusten ahalegintzen gara une oro. Dena hobetu daiteke, baina alde guztientzat aldi berean onak izango diren erabakiak hartzen saiatzen gara, guztion interesei eusten. Ildo horretan, elkarlana erabatekoa da». Hala berretsi du Peñak ere. «Urtetik urtera lan ildo batzuk zehaztu dira, eta uste dut bide onetik goazela. Garaia amaitzean egingo dugu beste bilera bat, eta aztertuko dugu zer hobetu daitekeen hurrengo urtera begira. Ziur naiz aurrera egiten lagunduko diguten pausoak emango ditugula oraindik».

Kaxko elkarteak ere nabarmendu du «gutxienez» bizilagunak «entzun» egiten dituztela, «nahiz eta ez dituzten eskari guztiak aintzat hartzen». «Hernanin dugun egoera bera duten oso herri gutxik lortu dute auzia konpontzea, guk dakigunez behintzat. Gure eskaerak jasotzen dituzte, baina badakigu beste herri batzuetan oso bestelako egoera dutela. Laguntza ere eskatu digute», nabarmendu du Blancok. Erantsi du bi urte daramatzatela alde zaharren eta parranden auziaren inguruko mahai inguru bat antolatu nahian Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Arartekoarekin batera, baina gaur-gaurkoz ez dutela lortu ezer egiterik. Nolanahi ere, ohartarazi du hartutako neurriak ez direla aski oraindik: «Jendeak gauzak apurtzen jarraitzen du, behebarruetan pixa egiten du oraindik ere... Eta hori guztia, kaleko zarata kontuan izan gabe».

Intxauspe alkateak aitortu du nahiz eta udaltzain kopurua hirukoiztu eta isun gehiago jarri batzuek oraindik ere jarrera desegokia izaten dutela: «Lan giroa ona da mahaiaren bueltan, baina horrek ez du kentzen bizilagunen kexurik ez egotea. Arazoak badaude, noski, eta egia da udaltzaingoak ere ezin duela etengabe leku guztietara iritsi. Baina horri aurre egiteko ahalegina badago».

Sagarraren kultura

Horiek hala, Hernaniko Udalarentzat garrantzitsua da txotx garaiaz baino gehiago sagarraren eta sagardoaren kulturaz hitz egitea. Kultura hori sustatu beharraz mintzo da alkatea. «Sagarra eta sagardoaren kultura gure herriaren elementu garrantzitsu bat da, tradizioa delako, gure kultura delako, eta gure nortasunarekin eta jarduera ekonomikoarekin lotuta dagoelako». Uste du giltzarria dela sagardoaren prozesua ezagutaraztea eta txotx garaiak horretan guztian zer garrantzi duen azaltzea. «Prozesu horretan, txotx garaiarena etapa bat baino ez da: behin sagardoa eginda, botilan sartu aurretik dastatzeko garaia da txotxa. Hori garrantzitsua da guretzat, askotan konnotazio negatiboekin hitz egiten baita txotx garaiaz».

Peñak ere kultura horretan sakondu beharra azpimarratu du: «Guk oinarrizkoa dela uste dugu, hein handi batean, sagardogileontzat ere garrantzitsua baita». Adierazi du horretan ari direla, eta Txotx Mahaiaren eginkizunetako bat ere badela sagarraren eta sagardoaren kultura zabaltzea. «Egia da askotariko jendea dagoela: batzuek kultura horren berri izan nahi dute, baina beste batzuentzat, berriz, festa egun bat baino ez da. Zaila da oreka horri eustea, ordea». Hala berretsi du Jimenezek ere: «Hezkuntzak badu zerikusirik: txotx garaia zer den, nondik datorren, zertarako balio duen... Lanketa hori egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.