Ehunka Ahed Tamimi

Ahed Tamimi hilaren 6an epaituko dute. Israelgo bi soldadu jotzeagatik hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Ikur bihurtu bada ere, hura ez da atxilotutako gazte bakarra. Israelek 350 adingabe palestinar atxilotu zituen iaz; 2000tik, 8.000.

Fawzi al-Junaidi. Abenduan izandako protesta batean atxilotu zuten 16 urteko gaztea, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Erresistentziaren ikur bilakatu da. Heroi bat. Sinbolo bat. Okupazioaren kontrako borrokaren ikonoa. Ahed Tamimi dauka izena, atzo 17 urte egin zituen, eta datorren astean epaituko dute. Israelgo epaitegi militar batean epaitu ere, bere etxeko atarian bi soldaduri aurre egiteagatik, eta hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Tamimi abenduaren 19an atxilotu zuten, lau egun lehenago, hilaren 15ean, soldaduei kontra nola egiten dien erakusten duen bideoa mundu zabalean ikusi ostean. Egun hartan, haren lehengusua zauritu zuten, aurpegian, gomazko bala batekin, eta sei orduko ebakuntza egin behar izan zioten gazteari. Ahed Tamimik, amorruz, bi soldaduren parez pare jarri, eta ukabila altxatuta muturrekoa eman zien; ondoren, ostikoka hasi zen, bultzaka, burua tente, begirada zorrotzez.

Ez zen aurreneko aldia. Anaia gazteena atxilotzen saiatu zirenean, duela bi urte, soldadu bati kosk egin zion, eta anaia zaharrena atxilotzen saiatzen ari zirenean, duela bost urte, 11 urte besterik ez zituenean, muturreko bat eman zion beste bati.

Tamimi Nabi Saleh herrixkan atxilotu zuten, abenduaren 19an, amarekin batera, etxean zeudela, eta, ordutik, kartzelan dago, ziega batean bakartuta, oinetan eta eskuetan eskuburdinak ipinita. Oferko auzitegi militarrean entzun zituen bere kontrako salaketak. Hamabi guztira. Segurtasun indarrei eraso egitea. Harriak botatzea. Manifestazioetan parte hartzea. Indarkeria baliatzea. Iritzi publikoan eragin nahi izatea. Mehatxuak egitea. Matxinada bultzatzea. Berak isilik egoteko eskubidea baliatu zuen.

Epailearen hitzetan, haren kontrako salaketak «sendoak» dira. Ahed Tamimi «arriskutsua» dela adierazi zuen epaile militarrak, besteak beste, «delitu ideologikoak» egin dituelako. Gabi Lasky abokatuaren ustea, oso bestelakoa da: «Jendeakulertu zuen [Israelgo] nazioa umiliatu zuela neskato batek. Haren atxiloketa, alde horretatik, okupazioari aurre egiten dion erresistentziarentzako mezua da, mugimendu hori ahultzeko estrategia». Galdera bat ere egin du abokatuak: «Lurralde okupatuetan bizi diren pertsonek ba al dute okupazioaren kontra borroka egiteko eskubidea? Bai edo ez? Eta zein da hori egiteko modu onena?».

Berez, atzo ziren neskatoa epaitzekoak, bere urtebetetze egunean, baina hilaren 6ra atzeratu dute saioa. Elkartasun mezu ugari jaso ditu gazteak azken egunetan, besteak beste, nazioarteko zenbait politikarirena eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderena; baina oihartzun horrek, oraingoz, ez du eraginik izan.

Galdeketak eta torturak

Tamimi, sinbolo eta ikono izanagatik, ez da, ordea, bere sendia, etxea eta herria defendatzeagatik kartzelan dagoen adingabe palestinar bakarra. Ehunka Ahed Tamimi daude Palestinan. Israelgo kartzeletan. Iaz 350 atxilotu zituzten.

Fawzi al-Junaidi da horietako bat. Tamimirenak bezala, 16 urteko gazte horren argazkiak ere erreakzio soka ekarri zuen. Israelgo armadako hogei bat soldaduz inguratuta, kale batean behera, begiak tapatuta, eskuak lotuta, aurpegia uspelduta, galduta bezala... Al-Junaidi Hebronen atxilotu zuten, abenduaren 7an, ustez soldaduei harriak botatzeagatik. Erresistentziaren ikur bihurtu den hirian, ia ohitura bihurtu da egunero gazteren bat atxilotzea. B'Tselem Israelgo erakundearen arabera, iragan urriaren 13an hemezortzi gazte atxilotu zituzten, gehienak adingabeak, harriak jaurtitzeagatik.

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen iragarpenak eragindako protestetan egin dira azken atxiloketa masiboak. Enbaxada Jerusalemera eramango duela jakinarazi zuen mandatariak abendua hasieran, eta palestinarrak erruz atera ziren kalera, hiriburu historikoa defendatzera, horietako asko gazteak eta adingabeak. III. Intifada piztuko ote zen ere zabaldu zen, ezen azken asteetan dezente handitu dira protestak, eta, ondorioz, baita atxiloketak ere.

Atxilotuen Batzorde Palestinarrak jakinarazi duenez, abenduan kartzelatu dituzten presoen %95 gazteak dira, eta galdeketetan era guztietako laidoak eta torturak jasan dituzte. Urrian, 40 adingabe atxilotu zituzten, eta horietako zortzik salatu zituzten torturak. Louay Akka abokatuak gazte baten egoeraren berri eman du: «Ahmed Samirat 17 urteko gaztea bost orduz egon zen konorterik gabe hamabi soldaduren eskutik jasandako torturen ostean».

DCIP Palestinako Haurren Defentsarako Nazioarteko Erakundearen arabera, gaur egun 300 ume palestinar daude kartzelan—Israelgo kartzeletan, orotara,6.500 preso palestinar daude—. HaMoked elkartearen arabera, berriz, iaz 483 adingabe atxilotu zituzten. Atxilotuen Batzorde Palestinarrak gehiago direla zehaztu du; haren arabera, 800dik gora izan ziren, eta zehaztu du horietako batzuk behin baino gehiagotan atxilotu dituztela, askotan eskolarako bidean. Megiddo eta Ofer kartzeletan daude gehienak, bakartuta, nazioarteko legediak aitortzen dizkien eskubideetatik ere bakartuta.

Israelgo Barne Ministerioak ere ematen ditu datuak: 1.400 gazte epaitu dituzte epaitegi militarretan. Visualizing Palestine erakundeak kontaketa historikoa egin du, eta datu borobilagoa eman: 2000. urtetik 8.000 haur palestinar atxilotu eta epaitu dituzte.

Badira, ordea, atxilotuena baino etorkizun latzagoa izan duten adingabe palestinarrak. Asko dira soldaduen eskuetan hil direnak. Aurten, jada, lau gazte palestinar hil ditu Israelek. Laith Abu Naim izan da azkenekoa. Asteartean hil zuten. Zisjordaniako Al-Mughayyer herrixkan. Ramallaheko ospitalera eraman zuten, buruan benetako munizioarekin tirokatuta izan ostean. Ma'an Informazio Agentziaren arabera, aurten hildako laugarren adingabea eta zortzigarren palestinarra da. Haren herrixkan haren heriotza salatzeko martxa egin zuten atzo, eta hiriburuan, berriz, greba.

Laith Abu Naimek 16 urte zituen. Aurreko astean hildako gaztearen adin bera. Muyhi al-Din al-Rahmen Salah bala batez zauritu zuten. Burqa herrixkan zelatan ari ziren gazteei tiro egin zieten soldaduek. Nablusko ospitalean hil zen gaztea.

B'Tselem erakundeak behin baino gehiagotan salatu izan du krimen horien erantzuleek ez dutela inongo zigorrik jasotzen, eta gazte palestinarren familiek ere ez dutela aski diru izaten abokatu bat ordaintzeko. Inpunitate horren abaroan, bada, gazteak hiltzea sistematikoa bihurtzen ari dela ohartarazi du erakundeak. Iaz, hamalau neska eta mutil hil zituzten.

Amnesty International erakundeak epaiz kanpoko heriotzak ere gaitzetsi ditu. Mahmud Xaalan, Mohammed Abu Khalaf, eta Maram eta Ibrahim Abu Ismail anaien kasuak jaso zituen 2016ko txostenean. Ramallaheko kontrolgune batean. Jerusalem Ekialdeko kale batean. Edo Qalandiako beste kontrolgune batean. Laurak tiroz hildako adingabe palestinarrak dira.

Ilan Pappe historialari israeldarraren hitzetan, datuak «apartheid estatu baten» ondorio dira

Osloko belaunaldia

Osloko Akordioen porrotaren ostean jaiotako gazteak dira orain kalera, barrikadak jartzera, ateratzen direnak. Amira Hass Haaretz egunkariko zutabegileak definizio bat eman die: Osloko belaunaldi galdua. Palestinan bizi den kazetari israeldar bakarraren hitzetan, oraingo Intifada, ez da soilik bakea aldarrikatzeko, edo estatu propio bat eskatzeko, baizik eta etorkizunik eta itxaropenik eza salatzeko: «Gazte hauek ez daukate promestu zitzaien estatua, eta ez dute lan duin bat izateko perspektibarik».

PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Israelek 1993an sinatu zuten bake akordioa, orain dela 25 urte, eta bide orri hori antzua izan dela ikusi ahala sortu da etsipena gazteen artean. Al-Fataheren kontsignak ere ez dituzte bere egiten, azken batean, bake akordioen porrotaren erantzule egiten dutelako alderdia, eta erresistentzia modu baketsuan egiteko mezua ez da gazteengan errotu.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen azken adierazpenak testuinguru horretan ulertu behar dira. Osloko Akordioak akabatuta daudela adierazi zuen. Eta horren erantzule bakarra aipatu: «Israel». Nazioarteari ere mintzatu zaio. NBE Nazio Batuen Erakundean 1947tik 705 ebazpen onartu direla. Segurtasun Kontseiluan beste 86 agiri onartu direla. «Zertarako?», galdetu du Abbasek. Hala ere, indarkeriaren zirimolan ez direla eroriko esan zuen agintariak.

Gazteen erresistentzia, baina, irmoagoa da, bereziki, 13 eta 17 urte bitartekoena, harriak eskuetan eta kufija, zapi palestinar tradizionala buruan dutela, egunero ateratzen baitira kalera. Palestinan, %40koa da gazteen langabezia tasa, eta goi mailako ikasketak dituzten palestinarrek ere, lehen ez bezala, manifestazioekin bat egiten dute. Frustrazioa, kaleetan ez ezik, sare sozialetan ere kanporatzen dute, partekatzen dituzten irudi eta bideoengatik «terrorismoaren apologia» egitea leporatzen badiete ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.