Bi egunera

Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 16an eta 17an iraganen da; Pazko astelehenean ez ezik, lehen aldiz bezperako egunean ere eginen dute, egun bakarrean «denak ez baitziren sartzen»

Sarako Biltzarreko iazko irudi bat. SARAKO BILTZARRA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sarako Idazleen Biltzarrak iaz hasi aldaketa aroa segituko du, aurten bi egunera pasatuz. «Egitaraua hain da potoloa, non egun bakarrean denak ez ziren sartzen», esplikatu du iaztik Biltzarrak enplegatzen duen Henri Errandoneak.

Hori bai, aldaketak aldaketa, irakurle eta idazleen arteko harreman zuzenaren hitzordua izaten segitu nahi du Biltzarrak. Egitasmoaren funtsa hori izan zen biltzarra asmatu zuelarik Jean Michel Garatek, eta hori atxiki nahi dute: «Biziki filosofia ona baita. Guk horri gehitu diogu: euskara gehiago, gazte gehiago». Biltzarrari «ikusgarritasuna» ere nahi diote gehitu. Aurrekontua, adibidez, lau aldiz handitu dute, 40.000 eta 50.000 euro artekoa eginez. Orain arte langile kontrataturik ez zuen ekinaldiak; laguntzaileen artean osatzen zen. Aldaketa hauekin, batez ere biltzarrak azken urteetan sentitu gainbeherari gaina hartzea dute xede. «Jende gutxiago bazen. Parte hartzaileen adina gero eta gorago zihoan. Bisitarien adina gero eta gorago. Ez zen batere gazterik. Euskara ez zen batere aditzen», Errandoneak damuturik, «alarma gorriak» piztuak zituzten.Saratar batzuk barne gogoeta bat abiatu zuten. Eta hortik atera ideiak dira gauzatuak.

Durangoko Azoka bis bat bihurtzeko asmoa ote duten galdetutakoan, ezetz erantzuten du Errandoneak. Sarakoa ez dela «azoka bat, baizik eta biltzar bat». Saltzea ez dutela lehentasun azpimarratzen du.

Diru aldetik, aitzineko urteetan bezala, bi euroan finkatua dutebiltzarrerako sartzea. Eta horrez gain, lehen aldiz mahaiak alokatu beharko dituzte biltzarreko parte hartzaileek; 20 euro bi egunak.

Orotara, 140 idazle, 25 argitaletxe eta 20 bat elkartek beren parte hartzea baieztatua dute. Leku berezi bat antolatuko dute beren proiektuak argitaratu nahi dituztenentzat ere, zuzenean argitaletxeekin harremanetan sartzeko aukera ukan dezaten. Eta beste leku berezi bat ukanen du liburu digitalak ere. Astelehen eguerdian, bestalde, aurten zendu diren Piarres Xarriton, Hasier Etxeberria eta Marijane Minaberri omenduko dituzte.

Hiru txoko nagusi ukanen ditu biltzarrak. Usaiako erakusmahaien bilguneaz gain, batetik, mintzaldien txokoan aurtengo liburu berriak aurkeztuko dira. Eta bigarrenik, bost solas berezi antolatuko dituzte bertan; horietako hiru, euskaraz. Animatzaile bathark hautatu liburuen idazleekin bilduko da, eta liburuez solastatuko, hara bildu publikoarekin. Igandean, Karine Etxeberri ikerlariak Danele Sarriugarte eta Arantxa Urretabizkaia elkartuko ditu, 14:30ean; astelehenean, Katixa Dolhare Zaldunbide idazleak Maddi Zubeldia, Mixel Mendiburu eta Mikel Hiribarren idazleak, tenore berean. Solasak Kanaldudek zuzenean emanen ditu bere webgunean. Hirugarren solasa Etxepare lizeoko ikasleek dute ukanen Kirmen Uribe idazlearekin.

Biltzarra gaztetzeko xede horrekin, Sara eta inguruko ikastetxetako irakasle eta ikasleekin lan berezi bat egin du Errandoneak. Iaz zortzi ikastetxe konbentzitu, eta aurten hamabost ikastetxe ditu erakarri biltzarrak. Ametsa gaia oinarri, 500 bat ikaslek lan berezi bat egin dute. Biltzarrean aurkeztuko dutena. Liburuxka bat ere argitaratuko du lan batzuekin biltzarrak.

Biltzarrean bertan, haurren txoko berezitua izanen da Kiriribil konpainiak animatuko duena. Liburuak oinarri, dela irakurketak edo dela jokoak, une oro pentsatuak dituzte animazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.