Euskal Herriko zulo beltzak

Ez dira gutxi Euskal Herrian telefono eta Interneteko konexio ganorazkorik gabe dauden herriak. Nazio Batuen Erakundeak komunikazioa oinarrizko giza eskubideen artean ikusten duen arren, zerbitzua eman beharko luketen konpainia pribatuen etekin gosearen hormarekin egiten du topo. Nola bizi dira itzalguneetako biztanleak?

Aitor Abezia, seinale bila, Arabako Zanbrana herrian. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Etorkizuna hemen dago, baina oraindik ez dago ondo banatuta. Esaldi klasikoa oso egokia da Euskal Herriko egoera deskribatzeko. 5G telefoniako estandarra bi urte barrurako iragarri duten honetan, hainbat txokotan XX. mendean geratu dira, komunikazioari dagokionez. Batez ere, Araban eta Nafarroan daude zulo beltzak.

«Araban oso zabalduta dago arazo hau», esan du Aitor Abezia Zanbranako alkateak. Biztanleak berreskuratzeko borrokan dabil herrialdearen hegoaldeko herria, baina oztopo handia topatu dute horretan: teknologia. Zabalate, Ozio eta Bergantzu herriak batzen ditu Zanbranako udalerriak. Inguru menditsua da, eta betidanik izan dute horietan lehia uhinekin. Telebista ikusteko ere larri ibili dira. Zaldiarango antenatik hartzen dute seinalea, baina ez zen herrietara heltzen, zuloan daudelako. «Antena jarri dugu, eta arazoa konpondu dugu, azkenean», esan du Abeziak. Baina teknologiak azkarrago egiten du korrika: Internetera lotzeko, herrietan RDSI sistemarekin daude oraindik. Gogoratzen telefonoko lineara konektatzean zarata elektroniko bitxiak egiten zituzten aspaldiko modem haiek? Bada, horiekin dabiltza Zanbranako herrietan. Mugei irudimenarekin egiten diete aurre, ordea. Zanbranan bertan, wifi libreko sistema jarri dute, baina satelitearen bidezkoa. «Geldoa da, baina hobeto hori, ezer ez baino».

Zelako eragina izaten ari da inguruan komunikatzeko zailtasuna? Abeziak adibideak jarri ditu: herrian gaztagintza enpresa bat sortzekotan egon zen, baina atzera egin zuen, gaztak saltzeko ere, gaur, Internet behar delako. «ADSL behar duzu gutxienez horretarako». Jaurlaritzak egitasmo bat du langileei etxetik lan egiteko aukera emateko, baina hori ere ezinezkoa izan da, «Gasteizera edo Bilbora joan behar izan dira langileak, hemen ez dutelako behar bezalako konexiorik». Turismoko landetxe bat irekitzeko egitasmoa zegoen Bergantzun. «Udal arkitektoak esan zien sateliteren bidezko sistemarekin zelako abiada izan zezaketen, eguraldi ona eginez gero, eta, noski, atzera egin zuten».

Halako egoeran dauden udalen kontra jokatzen du legeak. Wifi librea eskaini nahi duten udalek ezin dituzte 400 kilobit segundoko baino gehiagoko abiadura eskaini, bestela telefoniako operadoreei «lehia bidegabea» egiten dietelakoan, nahiz eta inongo operadorek ez eman zerbitzu hori. Legeak ere betebeharra ezartzen die operadoreei bazter guztietara seinalea eramateko, baina ez dute betetzen. «Zergatik ez datozen operadoreak Bergantzura? 40 konexio izango dituztelako, eta ez zaielako errentagarria suertatzen», esan du Abeziak. Arazoa konpontzeko modu bakarra administrazio publikoak kontua bere eskuetan hartzea da, alkatearen arabera.

Arabako aldundiak badu oinarrizko beharrak betetzeko lan eta zerbitzu plan bat. «Baina erakundeek oinarrizko beharren zerrenda zaharkitua dute oso: ur zikinak, euri urak eta espaloiak. Ez dira konturatzen landa eremuan ez dugula kaka kortan egiten, hori konponduta dugula. Gaurko oinarrizko beharrak telefonia eta Internet dira». Arabako aldundiak iragarri du lan eta zerbitzuetako planeko %15 Araba osoari konexioa emateko erabiliko duela. «Ez da aski. 500.000 eurorekin ezin da lurraldea orekatu. Erakunde publikoak sartu beharko dira, konpainia pribatuek ez baitigute zerbitzua ekarriko».

Zanbranako biztanleek ez dute 100 mega eskatzen: «Badakigu non bizi garen. Sei mega nahikoa lirateke jendeak lan egin dezan», esan du Abeziak.

«Egoera danteskoak»

Nafarroako Ollaranen telebista ikusteko arazoak ere izan zituzten, eta udalak berak hedagailua jarri behar izan zuen ibarraren barruan, Anotz, Arteta, Egillor-Beasoain, Iltzarbe, Ollo, Oskia, Saldise, Senosiain eta Ultzurrun herriei zerbitzua emateko. «Telefono seinalea beti izan da penagarria, eta penagarria da gaur egun ere», esan du David Campion alkateak.

Herri batzuetan, ez dute seinalerik, edo oso eskasa da. Itzalgune asko daude ibarrean, eta horrek arazoak sortu ditu hainbatetan: errepide istripua gertatu eta jendeak telefonoz ezin deitzea horren berri emateko, adibidez. Turistak ere galdu egin izan dira, landa turismoko etxe baterako bidean, ezin izan dutelako deitu jarraibideak eskatzeko.«Bizitza izugarri zailtzen digu, eta negozio bat duenari zeresanik ez». Bakailaoa prozesatzen duen enpresa bat dago, eta kamioilariekin komunikatzeko modurik ez dute.

Murphyren legea Ollaranen ere: ibarreko telefono zentrala oso zaharra da, eta Telefonica konpainiak ez du berritu nahi. Ondorioz, ezin da telefono linea berririk kontratatu haranean. «Ollarango herrietan jende asko dagotelefono finkorik, sakelakorik eta Internetik gabe. Egoera danteskoak gertatzen dira, Iruñetik hogei minutura».

Ekainean, Telefonica konpainiak Iberbanda bereganatu zuen. Enpresa horrek kudeatzen zuen hainbat landa eremutako Internet eta telefono zerbitzua emateko wimax sare historikoa, besteak beste Ollarango herritarrei. Telefonicak Iberbandaren sarea itzaltzea erabaki zuen berehala, ez zuelako beharrezko ikusten bi azpiegitura piztuta izatea.

«Erabateko krisia eragin zigun horrek: ez bakarrik herritarrak, udala ere Internetik gabe geratu zen», esan du Campionek. Tokiko enpresa batekin, eta udalak berak antenak jarriz, lortu dute Internet jartzea ibarraren zati batean. Noski, antena horiek argindarrik gabe geratzen badira, edo enpresa horrek porrot eginez gero, ezer gabe geratuko dira berriz. Telefonia eta telebista paketeak kontratatzeko aukera herrialde miresgarri eta urrun bateko ipuina iruditzen zaie Ollarango biztanleei. Datorren urtean, badirudi Nafarroako Gobernuak Internet irrati bidez eramango duela herrialdeko hainbat ibarretara; tartean, Ollaran. Baina han ez dute sinetsiko ikusi arte, lehen ere hitza jan dutelako administrazioek. «Internet garai bateko errepidea edo trena bezalakoa da: pasatu behar da zure herritik, bestela kanpoan geratzen zara, eta galduta zaude».

Haurren eskolako lanak

Kanpezun moldatu egiten dira egunean eguneko lana egiteko, sarea erortzen ez denean, herri handia delako. «Baina ondoko herri txikietan arazoa dute, eta arazo larria gainera», esan du Iber Basterra alkateak. Hango haurrek ere pairatzen dute egoera. Eskolan ordenagailuekin egiten duten lan, beste lekuetan bezala, baina herri askotan, etxera heltzean, ez dute modurik etxeko lanak Interneten laguntzarekin egiteko. Berdin unibertsitatean dabiltzanak.

«Sarea erortzen denean, ez digute ondo azaltzen zergatik gertatu den», esan du Basterrak. Sakelakoarekin ere borrokan ibiltzen dira, seinalea konpainiaren araberakoa baita. «Nahi badugu jendea herrietan bizitzen eta lan egiten geratzea, hau zailtasun handia da. Borrokan gabiltza». Biztanle gutxi dira: 3.000 bat mendialdean. Lehentasuna beste leku batzuetan ikusten dute administrazioek.«Badakit diputazioa 2019rako herri guztietara konexioa ekartzeko lanean ari dela, baina, oraingoz, horrela gaude». Bi aste barru azaroaren 14an aldundiko ordezkariak joango zaizkie egoera konpontzeko ahaleginen berri ematera. «Noiz ailegatuko zaigun, ez dakit».

Etorkizunaren zain, beraz, zulo beltzetan. Bitartean, haran batzuk ekialdera, euskal mitologia berri bat sortzen ari da. Ollarango herritarrek esaten dute han badela harri magiko bat. Kondairaren arabera, haitzera igotzen denak telefono seinalea lortzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.