Ateak zabalik 30 urtez

Gasteizko gaztetxea 1988. urteko San Prudentzio egunean zabaldu zuten, ostikoka. «Bizi ginen mundua ez zitzaigun gustatzen, eta gizartea eraldatu nahi genuen». Bide luzea egin du tarte horretan, eta gazteek diote hirian erabat integratua dagoela. «Ekarpen handia egiten dio Gasteizi».

1988ko apirilaren 28a. Bat-batean, gazte ugari elkartu ziren auto gordailuan, okupazioari ekiteko.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hiriko txokorik ederrenetako batean, alde zaharraren goiko aldean, San Miguel goiaingeruaren elizaren atzean eta Oihaneder jauregiaren alboan, «toki pribilegiatuan», Gasteizko eragilerik garrantzitsuenetako bat dago: gaztetxea. «Hirian dauden ia kolektibo guztien elkargunea da», azaldu du Erlantz Andak (Gasteiz, 1984). Elkargune izatea, baina, ez da goizetik gauera lortzen. 30 urteko bidea da. 1988. urteko apirilaren 28an, San Prudentzio egunez zabaldu zituzten ordura arte artzapezpikuaren orgategia zenaren ateak. «Argi genuen okupatutako eraikinak instituzioena izan behar zuela: udalarena, elizarena...», nabarmendu du Javier Aguillok (Gasteiz, 1962). Eraikina zaharkitua dago, baina gaztetxeak gazte jarraitzen du. «Osasunez ongi dago. Gazteak beren kabuz igotzen dira gaztetxera, eta erreleboa naturala izaten da», dio Aitziber Ramirez de la Piscinak (Gasteiz, 1992). Gaztetxeko komisioetan parte hartzeko ez dago adin mugarik, baina atzetik datozenei tokia egiteko alboratu beharra dagoela uste dute. Belaunaldi desberdinetako hiru kide dira Anda, Aguillo eta Ramirez de la Piscina, eta bakoitza gaztetxearen historia osatzen duen pieza bat da.

Duela 30 urte, gaztetxearen historia gorpuzten hasi zen Javier Aguillo. «Gasteizen, eta Euskal Herri osoan, asaldura handia zegoen gizartean. Gazteok ez geunden gizartearekin konforme, eta aldatu egin nahi genuen. Horretarako, espazio bat behar genuen, eta hura gaztetxea zen». Okupazioaren aurretik, baina, lan ugari egin zuten. «Beste bide batzuk jorratu genituen gure tokia lortzeko. Hitzaldiak antolatu genituen, hiriko gainontzeko elkarteekin bildu ginen, komunikabideetara erreibindikazioak igorri genituen, Gasteiz Txiki lokala sinbolikoki ere okupatu genuen... Udaletxean mozio bat aurkezteko asmoa ere bagenuen. Bertan, auzo bakoitzak bere egoitza autogestionatu, aske eta mugarik gabea aldarrikatzen genuen, baina bidea itxi ziguten. Orduan jo genuen okupaziora», gogoratu du. Manifestazio txiki bat antolatu zuten alde zaharreko kaleetan, eta amaitzean, indarrez, artzapezpikuaren orgategiko ateak zabaldu zituzten. 1972. urtetik zeuden ateak itxita. «Inprobisatu samarra izan zen dena. Garai bateko gazteak oldarkorragoak ginen».

Zuzenean hasi ziren lanean. Gazte ugari elkartu ziren laguntzeko prest, eta azkar garbitu eta txukundu zuten eraikina. «Lehen egunean jada kontzertu bat egon zen gaztetxean». Halere, negozioa egin nahi zuen gazteren bat ere hurbildu zen: «Auto zaharren bat, estatuaxka batzuk eta bestelako materiala topatu genituen bertan. Egon zen lapurretan egiten saiatu zenik, baina gurea ez zen guztia jabeei itzuli genien», nabarmendu du Aguillok.

Gaztetxea garbitzeaz gain, babestu ere egin behar zen. «Barrura sartzea lortu genuen, baina horri eutsi egin behar genion. Bestela, ez luke ezertarako balioko». Lehen egunean bertan gerturatu ziren Gasteizko udaltzainak gaztetxera. Ez ziren, baina, barrura sartu, hein handi batean dozenaka lagun zeudelako gau eta egun gaztetxea babesten. «Indar polizialen errepresioa oso handia zen garai haietan». Kaleratzeko mehatxuak ez zuen etenik. «Ez nuen uste gaztetxeak 30 urte iraungo zuenik. Une batetik bestera kalera bota gintzaketela sentitzen genuen», gogoratu du Aguillok. Ez zuten hala egin, eta, azkenean, artzapezpikuak bertan egoten utzi zien, «kristau onaren jarrera delako».

Andaren ustez, udala ez da gazteak kaleratzen ausartu, ekar zitzakeen ondorio politikoengatik. «Hirian oso errotuta dago gaztetxea, eta jendeak ez luke begi onez ikusiko gaztetxea hustea». Asmoak, baina, egon dira: parkin bat, alde zaharreko bosgarren dorrea Alberto Schommerren omenez... Jose Angel Cuerda eta Alfonso Alonsoren garaiak gogorrak izan zirela gogoratu du Andak. «Udalarekin tirabira handiak izan genituen. Kosta ahala kosta eraitsi nahi zuten gaztetxea, baina 2005eko Gazte Eguna mugarria izan zen». Ekintzaz beteriko jai eguna antolatu zuten gazteek, eta jende ugarik hartu zuen parte. «Gaztetxea kalera atera genuen egun hartan. Hiri osoan zehar ekitaldi ugari antolatu genituen, oso arrakastatsuak denak. Jendeak ikusi zuen gaztetxea ez zela ghetto itxi bat, baizik eta erabilera anitzeko espazio bat».

Herritar askoren elkargune bilakatu da orain, eta herriko kolektibo ugariren bilgune. «Egun, astero dago kolektiboren batek antolatutako ekitaldiren bat», dio Ramirez de la Piscinak. «Hasiera batean gaztetxetik urrun egon daitezkeen kolektiboak ere gerturatu izan dira», erantzun dio Andak.

Autogestioa oinarri

Gasteizko gaztetxea elkarte horizontala dela diote protagonistek, gazteek gazteentzako antolatzen baitituzte ekitaldiak. «Autogestioa oinarri-oinarrizkoa zen. Ez genuen instituzioetan sinisten, eta argi genuen gizarte hobe bat eraiki nahi bagenuen geuk eraiki behar genuela». 30 urteren buruan, autogestioa da proiekturen ardatza.

«Gaztetxea Gazte Asanbladak kudeatzen du, eta barnean komisio desberdinak daude: kultura, taberna, ekonomia, propaganda, materiala eta tailerrak. Ekintza puntualetarako komisio bereziak ere sortu ohi dira», azaldu du Ramirez de la Piscinak. Betidanik horrela funtzionatu izan dela dio, «okupazioa, autogestioa eta batzarra oinarrizkoak izan direlako beti». Baina aitortu du gizartea aldatuz doan heinean gaztetxea ere aldatuz doala: «Testuingurua aldatu egin da, eta gazteon kezkak ere bai. Gaztetxea gizartean txertatuta dagoenez, aldaketa horiek eragiten diote».

Alde Zaharra biziberritzen gaztetxeak lan asko egin duela diote. «Adibidez, ekintzak antolatzean beti jakinaren gainean jartzen ditugu, eta ordutegiak asko errespetatzen ditugu, bizikidetza bermatzeko». Feminismoak ere pisu handia duela nabarmendu du Ramirez de la Piscinak. «Hasieran ere bazegoen Pipi izeneko talde feminista bat. Gaztetxea osatzen genuenon forma asko birplanteatu zituzten», gogoratu du Aguillok. Egun, emakume gehiago daude Gasteizko Gazte Asanbladan gizonezkoak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.