Albistea entzun

Homeopatikoei azterketa

Aurki, produktu homeopatikoek segurtasun eta kalitate probak egin beharko dituzte Hego Euskal Herrian, baita eraginkortasuna egiaztatu ere kasu batzuetan. Horrela, Europako legedia beteko da. Medikuntza zientifikoaren aldeko sektoreek harago joan nahi dute.
Produktu homeopatikoak.
Produktu homeopatikoak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2018ko maiatzak 1

Azkenik, produktu homeopatikoak arautuko dituzte Hego Euskal Herrian. Urte luzez zehaztu gabeko egoeran izan dira, baina aurki osasun segurtasun irizpideak bete beharko dituzte nahi eta nahi ez. Hiru hilabete izanen dituzte segurtasun eta kalitate irizpideak betetzen dituztela egiaztatu eta produktu horiek erregistratzeko. Arautzearen beharra defendatzen duten arren, hainbat sektore ez daude kontent, produktu horiek botikatzat hartuko direlako eta farmazietan salduko direlako. Homeopatiaren aldekoek begi onez ikusi dute erregulazioa.

Espainiako Osasun Ministerioak hartu du erabakia. Aurretik ere saiatu zen, baina orain izan da balekoa. Horrela, produktu homeopatikoen kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasuna kontrolatu nahi dituztela azaldu dute, baina, batik bat, Europako araudia betetzeko modua izanen da. Hego Euskal Herrian saltzen diren produktu homeopatikoek seguruak eta kalitatezkoak direla egiaztatu beharko dute, gutxienik. Horiek «indikazio terapeutiko onarturik gabeko botika homeopatikoa» mezua eramanen dute azalean.

Produktuak gaitz zehatz bat sendatzeko balio duela azaldu ahal izateko, beharrezkoa izanen da eraginkortasuna egiaztatzea. Horretarako, saiakuntza klinikoak egin beharko ditu produktuaren ekoizleak. Adibidez, Oscillococcinum produktua gripearen sintomak artatzeko produktu gisa saldu ahal izateko, ekoizleak zientifikoki egiaztatu beharko du horrela dela.

Aurki indarrean sartuko den araudiak, baina, ez ditu gogobete medikuntza eta farmazia alorreko elkarte anitz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun sailak ere kexua agertu du produktu horiek botikatzat hartuko direlako, gaixotasunak sendatzeko eraginkorrak direnik ez dutelako egiaztatu. Horregatik, epe luzera Europako legedia aldatzea edo Hego Euskal Herriari eraginen liokeen araudia ahalik eta zorrotzena izatea eskatu dio Dolors Montserrat Espainiako Osasun ministroari.

Gipuzkoako mediku, haginlari, albaitari eta farmazia elkargoek ohar bateratua sinatu dute berriki gai horri buruz duten jarrera agertzeko. Diotenez, sendagai homeopatikoek terapia farmakologikoan erabiltzen diren edozein produkturen estandar berberak bete behar dituzte, ebidentzia zientifiko izateko irizpideak, hain zuzen ere. Ez dute uste horrela denik: «Egungo ezaguera zientifikoaren arabera, ez da existitzen produktu eta sendagai homeopatikoen eraginkortasuna bermatzen duen argumenturik, eta, ondorioz, horien erabilpen klinikoa justifikatzen duenik ere ez». Argi utzi nahi izan dute tratamendu homeopatiko bat ezin dela erabili zientifikoki egiaztaturik dagoen beste baten ordezko terapia gisa.

Oro har, arautzearen aldeko jarrera dute alde guziek. Koldo Callado EHUko farmakologia irakaslea da, eta, haren aburuz, produktuak arautzea ongi dago: «Produktu batzuk ez ziren batere fidagarriak, ez genekielako zein baldintzatan zeuden eginda, zer kalitate zuten... askotan, badago produktu naturalak direlako ustea, eta ez da horrela». Iñigo Altuna mediku homeopatak ere begi onez ikusi du arautzeko ekinbidea: «Guk arautzea nahi dugu, eta Europan dagoenarekin homologatzea. Ez dute egiten borondatez, Europak agintzen duelako baizik».

Arautu bai, «baina»

Arautzearekin ados, bai, baina ondoren heldu da baina. Zientziaren aldera lerratzen diren medikuek ez dute begi onez ikusten produktu homeopatikoak botikatzat hartzea. «Lehen okerra da botika direla esatea. Botika da sendatzen edo osasuna hobetzen duen produktu bat, eta hau ez da. Farmazietan saltzen badituzte, jendeak sinesten du benetako botikak direla, eta hori ere kezkatzekoa da». Berak argi du farmazian saltzen diren produktuek badutela segurtasun eta kalitate etiketa kontsumitzailearen begietan. Antzeko ikuspegia du Felix Zubia medikuak: «Inork emango lioke asun urari botika kategoria? Orduan, zergatik aitortzen zaio funtzionatzen ez duen zerbaiti farmako kategoria bat?».

Altuna, berriz, kritiko agertu da produktu horiek farmazietatik kanpo nahi dituztenen aurrean: «Nahi eta nahi ez botiken legearen menpe daude, eta, beraz, farmazietan saldu behar dituzte, botikak direlako. Parafarmazietan eta belar dendetan nahiko lituzkete hierarkia kentzeko homeopatiari, eta ea horrela behingoz lurperatzen duten». Mediku homeopatak dio haiek gauza bakarra nahi dutela: Iparraldean dagoen egoera bera izatea Hegoaldean ere. «Irungo [Gipuzkoa] zubia zeharkatzen dudanean, berehalaxe dago lehenbiziko botika, Irigoien, eta, han sartzean, badaude atal batean botika homeopatak eta beste batean alopatak».

Altunak esan bezala, zubia igarota, beste egoera batean dago homeopatia. Ipar Euskal Herrian askoz ere zabalduago dago praktika hori. Botikan produktu homeopatikoak erosteko, ez da errezetarik behar. Hendaiako (Lapurdi) Pharmacie Internationale botikako langile batek azaldu duenez, gizarte segurantzan sartzen dira produktu horiek, eta kasu horretan, bai, errezeta behar da. «Guk ez dugu bereizketarik egiten; hauek ere botikak dira», esan du. «Gainerako botiketan bezala, botikan ez duzu askorik ordaintzen homeopatiagatik, aseguruan dagoelako». Botikariak azaldu duenez, mediku guziek ez dute homeopatia errezetatzen. Horretarako, espezializazioa egin behar dute. «Askoz gutxiago dira mediku homeopatak».

Calladoren aburuz, Iparraldeko egoera eta Frantziakoa salbuespena da gainerako herrialdeekin alderaturik. «Produktu homeopatikoekin diru gehien irabazten duen enpresa Frantziako bat da: Boiron. Orduan, interes ekonomikoak direla eta, zainduago dago». Altunaren aburuz, alderantziz da: homeopatiaren kontrakoa multinazionalek sortutako kanpaina dela uste du, «AEBetan XX. mende hasieran izan zen bezalaxe». Berak dioenez, homeopatia suntsitu nahi dute. «Hilabeteak isilik ematen dituzte, eta, gero, hamabostaldia izaten dute hedabideetan egurra ematen. Guk indar gutxiago daukagu, baina salbatzen gaitu gure kontsultetan ditugun emaitzak». Homeopatiaren alde egiten duten pazienteen alde agertu da Altuna, askotan, hedabideetan, ezjakinak balira bezala agertzen dituztelakoan.

Zubiak onartu du farmazia enpresa handiek negozioa egiten saiatzen direla, baina, ez haiek bakarrik. Homeopatiaren atzean ere negozioa bada. Are, gogorarazi du industria farmazeutiko handi batzuek hainbat lerro jorratzen dituztela, homeopatiarena barne. «Zoritxarrez osasunaren atzean beti negozioa dago, eta interes ekonomikoak azaltzen zaizkigu tartean», esan du medikuak.

Produktu homeopatikoak botika direnetz, hor dago eztabaidaren iturri nagusietako bat araudiaren aferan. Altunak argi du botikak direla, eta, beraz, gizarte segurantzak horiek ere onartu beharko lituzkeela. «Horixe egon beharko luketela. Homeopatiarekin tratatu garenak, bizi guztian kotizatu badugu, zergatik ez dugu eskubiderik?». Homeopatia erabiltzen duten pertsona kopurua islatzen duten estatistikak ikusi nahiko lituzke.

Eraginkorra den egiaztatu

Calladok bestelako ikuspegia du: nork bere sakelatik ordaindu beharreko produktuak direla dio, eta, betiere, informazio egokia izanda. «Eraginkortasuna zalantzagarria duten botika batzuk ere atera dira gizarte segurantzatik, ez bakarrik homeopatikoak: antituxigeno batzuk, gripearen kontrako batzuk...». Antzera mintzatu da Zubia: eraginkortasuna egiaztatu arte, ez litzateke gizarte segurantzan sartu beharko. «Uste dut garbi hitz egin beharra dagoela. Homeopatian erabiltzen diren pilulatxo horien eraginkortasuna ez da egiaztatu. Ez dut esaten medikuntza homeopatikoak ez duela funtzionatuko beste gauza batzuetan. Medikuntza ez da bakarrik pilulak ematea; izan daiteke psikoterapia bat, bizi ohiturak, elikadura... eta, agian, funtziona dezake, baina pilula hauek ez dute egiaztatu eraginkortasunik».

Horrekin batera, beste kontu batzuk arautu beharko liratekeela ere uste du Zubiak: «Medikuek egin beharko lukete homeopatia; gaur egun edonork egin dezake». Homeopatian bakarrik ez, medikuntza guzian modu berean funtzionatu beharko lukeela uste du: «Eraginkortasuna egiaztatu, arriskuak neurtu, eta, hori neurtuta dagoela, funtzionatzen duenarekin aurrer,a eta funtzionatzen ez duena utzi, ez delako zientzia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.