Sortu edo suntsitu

Oraindik ere gailentzen da kutsu negatiboa bakardadeaz hitz egitean, kontuan izan gabe bakardadea aukeratua den edo ez: psikologoek bakardadearen alde onak aipatzen dituzte, nork bere burua ezagutzeko tresna gisa, eta beharrezkotzat jotzen dute.

Saizarren arabera, bost beldur primario daude, eta bakarrik egoteari beldur izatea da horietako bat. CC0.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Izan daiteke aukeratua edo behartua. Tarterik txikiena baliatu daiteke bakarrik egoteko, edo eginahalak egin daitezke horixe bera saihesteko. Batera zein bestera izan, oraindik ere negatiboa balitz bezala hartzen da bakardadea, baina psikologoek bakardadearen alde onak nabarmentzen dituzten.

«Aukeratua denean, sekulako zukua atera dakioke bakardadeari; inposatua dela sentitzen bada, arazo izan daiteke», nabarmendu du Edurne Saizar Beldarrain psikologoak. Haren ustez, bakarrik egotea «beharrezkoa» da: «Zuk maneiatu behar duzu: zuk hartu behar diozu gain bakardadeari, eta ez alderantziz». Haren ustez, kontrako bi joera gerta daitezke: «Izan daiteke oso momentu sortzailea, edo kontrakoa, suntsitzailea: ziurrenik, oraindik ere gehiago identifikatzen dugu bakardadea suntsitzearekin».

Saizarren arabera, bakarrik egotea «beldur primario bat» da: «Bost bat beldur primario daude, eta bakardadea da horietako bat. Irudikatu haur txiki bat: bakarrik ezin du bizirik iraun. Lehenengo erreakzioa negarra da: senez egiten dute, arreta erakartzeko». Baina zer dago bakarrik egoteari beldurra izatearen atzean? «Beldurra diogu sentitzeari: sentitzen dugunean, emozioak ateratzen dira, eta, ez badakigu emozioak kudeatzen, asko jotzen dugu besteengana, distraitu egiten gaituelako: arreta gehiago jartzen diogu besteari, gureari ez begiratzeko».

Lehenengo pausoa emozioekin konektatzea da, Saizarren arabera: «Emozio batzuk positiboak izan daitezke, eta, beste batzuk, negatiboak, baina guztiak dira bizirik irauteko». Kutsu negatiboa dutenak azaleratzean, Saizarrek haiengandik ihes egiteko joeraz ohartarazi du —nork bere buruari negar ez egiteko esaten dionean, esaterako—. «Zenbat gauza egiten ditugun ez sentitzeagatik!».

Bateko zein besteko emozioak onartzeko beharra nabarmendu du psikologoak, hori egiteak «aske» sentiarazten duelakoan. «Emozioekin konektatzea lortzen dugunean topatzen ditugu poza, tristura, haserrea, beldurra... Horiekin konektatzen hasten garenean, onartu egiten ditugu, eta gure burua ezagutzen hasten gara: jakiten hasten gara zerk egiten digun on eta zerk kalte».

Bizitza osoko lana

Saizarren esanetan, bakarrik egotea «hausnarketarako» baliatu beharko litzateke, nork bere ahuleziak zein indarguneak identifikatzeko balio duen heinean. «Oso ariketa potentea da, eta terapeutikoa da hori egiten ikastea, nire ustez: zure burua ezagutzeko modua da, gauzak lasaitasunetik aztertzeko». Izan ere, perspektiba «handitu» egiten da, Saizarren ustez, gauzak «lasai» aztertzerakoan, modu «ez hain inpultsiboan».

Nork bere burua ulertzea eta onartzea «bizitza guztiko lana» da, haren esanetan: «Argi eta garbi dago besteak behar ditugula, besteekin garela eta besteak gure ispilu direla; gure buruaz zenbait gauza adierazteko bitartekari dira. Bakarrik gaudenean, gu gara gure ispilu». Beste pertsonekin egotea bezain garrantzitsua da, beraz, nor bere buruarekin egotea, Saizarrek nabarmendu duenez: «Loturak egitea naturaren parte da, baina gauza batek ez du bestea kentzen: norbere buruarekin lotzea ere beharrezkoa da».

Bakarrik egoteak heldutasuna ematen du, Saizarren ustez: «Bizitza bakarrik bizitzen ikastea ere bada». Dena den, orokortzearen arriskuak kontuan hartuta ere, Saizarren ustez jendeak ez daki bakarrik egoten. «Gizarte honetan, ez: distrakzio pila bat erabiltzen ditugu defentsa mekanismo gisa, zaurituak ez izateko». Desberdina da, haren esanetan, zer egiten den bakarrik egotean: hau da, ez da gauza bera gogoetarako erabiltzea edo aisialdia bakarrik lantzea. «Egia da, aisian, gauza batzuk ez direla bakarrik egitea ateratzen: batzuek ezin dute zinemara bakarrik joan, edo kontzertuetara... Ariketa kontziente bat egin eta pauso txikiak ematen hastea da kontua, konturatzea gauza batzuk egiteko ez duzula besteen beharrik».

Gainera, besteen presentziak ez du zertan fisikoa izan, Saizarren arabera. «Zure beharrak aseta badaude, barruan sentitzen dituzu besteak: doluan ere egiten da lanketa hori guztia, ulertu arte zugan dagoela joan den pertsona hori». Kontrakoa, beharbada, azkarrago ulertzen da; hau da, besteen presentzia fisikoak ez duela saihesten bakarrik sentitzea. «Oreka hori bilatu behar da, nork bere buruarekin eta besteekin: lortzen ez dugun bitartean, edozein preziotan saltzen gara. Zenbat gauza galtzen diren bakarrik ez sentitzeagatik soilik».

Beti izan zuen bakarrik bidaiatzeko gogoa, baina Fernando Rojo Tolosak propio bilatu gabe eman zuen pausoa azkenean: bikotekidearekin joatekoa zen, baina abiatu aurretik utzi zuten harremana; hark ez zuenez joan nahi, Rojo joan zen azkenean. Laos eta Kanbodia bisitatu zituen lehen aldi hartan, 2003 inguruan, eta ordutik urtero bidaiatu du bakarrik. «Hasieran, kolpea izan zen: lehenengo bi egunak gogorrak izan ziren, baina, hirugarrenetik aurrera, gozamena».

«Ez zara aspertzen?»

Lehenengo bi egun haietan «deskolokatuta» egon zen; litekeena da jet lag-agatik izatea, dioenez. «Baina, hara iritsi, eta 'Bakarrik nago: zer egingo dut?'». Irakaslea izanda, «opor onak» ditu, eta bi edo hiru bidaia egiten ditu urtero: lagunekin ere joaten da, baina bakarrik egiten ditu oporraldi luzeenak. «Lagunekin oso gustura joaten naiz, baina bakarrik nahiago». Lagunekin joaten denean ere, hartzen du bakarrik egoteko tartea: «Beti egun bat edo bi hartzen ditut, aitzakiaren bat bilatuta edo argi eta garbi esanda: gustatu egiten zait, eta behar dut».

Asko dira, Rojoren ustez, bakarrik bidaiatzearen alde onak. «Agian egoista dirudien arren, onena da nahi duzuna egin dezakezula, nahi duzunarekin egoten zarela...». Baina, horrez gain, Rojok oso gustuko du idaztea eta irakurtzea, eta goiz edo arratsalde oso bat eman dezake batean edo bestean. «Jendearekin zaudenean, zailagoa da tarte bat bilatzea, beti daudelako planak». Askotan egin diote galdera bera: «Bakarrik ez zara aspertzen?». Baietz dio Rojok, tarteka aspertzen dela, baina lagunekin ere gerta daitekeela hori, eta ez dela txarra, «beste momentu batzuk baloratu ahal izateko» balio baitu, besteak beste.

Aitortu duenez, bada lagun batekin egotea faltan izaten duen momentu bat, bakarrik bidaiatzen duenean: «Afalosteko zerbeza: horixe da momentu bakarra». Gerta daiteke zerbait larria pasatzea: halakoetan, norbaiten konpainia izatea lagungarria dela dio. Rojori ezer larririk gertatu ez zaion arren, hamaika pasadizo bizi izan ditu bakarrik egindako dozenaka bidaietan: «Atxilotuta egon nintzen Zimbabwen, hipopotamo batek eraso zigun... Gauza asko gerta daitezke, eta batzuetan konturatzen zara bakar-bakarrik zaudela, inolako babesik gabe».

Nagore Etxabe gogoratu ere ez da egiten bakarrik ikusi zuen lehen kontzertuaz: «Ezta arrastorik ere: hainbestetan joan naizenez, ez daukat ideiarik ere». Baina ondo gogoan du zergatik hasi zen bakarrik joaten: «Konturatu nintzen baten baten zain egonda ez nituzkeela egingo egin nahi nituen gauzen erdiak ere». Ez du dudarik izan ordutik: inork plana gustuko badu, ondo, eta, bestela, ere bai.

Etxabek ez du arazorik ez jendea ezagutzeko ez bakarrik ibiltzeko ere, baina aitortu du bitxia izaten dela kontzertua hasi aurreko denbora: «Trago bat hartzen duzu, eta hantxe zaude zu, bakarrik: gainerakoak, normalean, kuadrillan, edo baten baten esperoan egoten dira —konpainia ailegatzen zaienean, denak dira zoriontsu—; eta han zaude zu, zu zure buruarekin». Askotan joan da bakarrik kontzertuetara; hainbeste, dagoeneko ezagun baititu hura bezala bakarrik maiz joaten direnak: «Beraz, lehenengo aldietan, bakarrik joaten zara, baina gero kontzertuetarako lagunak egiten dituzu».

Etxabek bidaiatu ere egin izan du bakarrik. Italian egon zen Erasmus programarekin, eta, ikasturte amaieran, handik bidaiatzeko aprobetxatu zuen. «Tarteka, lagunen bat batzen zitzaidan, baina uste dut hura izan zela lehen aldia, potente samarra: hamabost egun pasatxo izan ziren atzerriko herri batean, eta, nahiz eta hizkuntza ezagutu, 19 urte nituen... Bakarrik nengoen garraio publikoa hartzeko edo auto-stop egiteko».

Etxaberen esanetan, bakarrik joanda ere beti dago aukera jendearekin hitz egiteko, «nahi izanez gero». Horrez gain, hainbat alde on ikusten dizkio bakarrik joateari: «Nahi duzuna nahi duzunean egin dezakezu, ematen dizu astia pentsatzeko, aspertzeko, dibertitzeko, galtzeko, bilatzeko...».

Psikologo ere bai

Bakartia dirudien lanbidea da Raquel Ostolazarena: badira 28 urte Zarauzko bidesarian (Gipuzkoa) lan egiten duela. Bi egun goizez, bi arratsaldez eta beste bi gauez: horiexek dira betetzen dituzten txandak, eta lau egun jai izaten dituzte gero. «Kabinatik kabinara ez dugu askorik hitz egiten, soinu asko dagoelako: justu-justu hitz egiten dugu, dirua aldatzeko edo dokumenturen bat falta badugu».

Zaila dirudi irudikatzea autoan joan-etorrian dabiltzanekin hitz egin daitekeenik halako lan batean, baina gertatzen da: «Askotan gertatu zait goizeko 03:00etan psikologo lanetan aritzea: askotan pasatzen den norbait egokitu, eta bere bizitza kontatzen hasten zaizu...». Psikologo lanetan, eta turismo bulego gisa ere bai, tarteka: «Turista asko etortzen dira Zarautza, eta denetik galdetzen dizute: borondate onenarekin azaltzen hasi, baina badakizu jendea nolakoa den, eta klaxona joka hasten dira».

«Masokista» dela esan izan diote, baina asko gustatzen zaio bere lana, eta «nahiko azkar» pasatzen zaio lanaldia. «Jende askok galdetzen dit ez ote naizen aspertzen zortzi ordu kabinan sartuta: agian horrela ikusten da kanpotik; egun guztiak ez dira berdinak, baina lan entretenitua da». Ostolazak azaldu duenez, egun argia denean handiagoa izaten da trafikoa, eta ez dute denborarik izaten ezertarako; gauetan, irratia eta liburuak ditu lagun.

Hasieran, bitxia egiten zitzaion: «18-19 urterekin hasi nintzen bertan lanean, udan, eta, adin horrekin, gauean lan egitea egokitzen zitzaidanean...». Urteetan lanbidea nola aldatu den ezagutu du: besteak beste, teleordainketa sistema abiatu dute, eta horrek gutxitu egin du jendearekin duten hartu-emana: «Hori, adibidez, galdu egin da: lehen dirutan ordaintzen zuten askok orain hori erabiltzen dute, eta askotan klaxona jotzen dute, baina, batzuetan, ezta ikusi ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.