Kataluniako erreferenduma. Espainiako Erregearen mezua

Erregearen fitxa karratu beltzera

Felipe VI.aren herenegungo hitzaldi gogorrak agerian utzi du zer den Kataluniako erreferenduma Espainiarentzat: estatu auzi bat. Erregearen diskurtsoak zabalik utzi du printzerriaren autonomian esku hartzeko aukera oro

Hainbat herritar Espainiako erregeak Kataluniari buruz zabaldutako mezua entzuten, herenegun iluntzean, taberna batean, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Samara Velte.
Bartzelona
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Astearte gauean, Bartzelonan milaka herritar demokrazia eta herritarren erabakitzeko eskubidea ospatzen ari ziren bitartean, Zarzuelako Jauregian ezohiko agerraldia egin zuen Felipe VI.a Espainiako erregeak. Solemnitate handiz hitz egin zuen, haren aitak 1981ko estatu kolpe ahaleginaren berri eman zuenekoa imitatuz. «Gure bizitza demokratikorako oso gogorrak diren uneak bizitzen ari gara», esanez ekin zion hitzaldiari, eta Kataluniako Gobernuari egotzi zion independentzia «legez kanpo» aldarrikatu nahi izatea. «Kataluniako aginte jakin batzuek denbora daramate Konstituzioa eta Autonomia Estatutua ez betetzen, modu errepikakor, kontziente eta deliberatuan». Horrek «Estatuko botereekiko desleialtasun onartezina» dakar, Felipe VI.aren ustez.

«Kataluniako instituzio historikoez jabetzen ahalegindu dira, eta hori onartezina da», nabarmendu zuen, Kataluniako Parlamentuko gehiengo zabala erreferendumaren alde dagoela aipatu gabe. «Aginte horiek, argi eta garbi, zuzenbidetik eta demokraziatik kanpo kokatu dira. Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala hautsi nahi izan dituzte». Ondorioz, erregeak deklaratu zuen «Estatuko botere legitimoen ardura» dela «ordena konstituzionala eta instituzioen funtzionamendu normala bermatzea, eta zuzenbide estatua eta autogobernua Katalunian indarrean mantentzea, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan oinarrituta».

Estatuburuak, printzipioz alderdien artean neutral izan behar duen figurak, posizio ageria hartu du Espainiako Gobernuaren alde. Diskurtsoan, ez du behin ere aipatu elkarrizketarako aukera. Alderantziz: hitzak kontu handiz aukeratuta, zabalik utzi ditu Kataluniako autonomian esku hartzeko aukera guztiak. Konstituzioko 155. artikulu aplikatzeaz ez du ezer esan, hori Senatuaren eskumena baita. Baina Felipe VI.a, estatuburu izateaz gain, armadaren burua ere bada. Atzo filtratu zuen Espainiako hedabide batek, hain zuzen ere, Espainiak bi konboi militar bidali zituela goizaldean Kataluniara, Guardi Zibilari eta Poliziari «babes logistikoa» ematera.

Fronte nazionala

Erregeak hitzaldia amaitu aurretik ere, Katalunia osoan ehunka lagun atera ziren balkoi eta leihoetara, espontaneoki lapikoa jotzera. «Erregeak abdikatu du Katalunian», idatzi zuten erabiltzaile batzuek sarean. «Mezu beldurgarria da», nabarmendu zuen Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak: «A por ellos-aren bertsio monarkikoa da». Erregearen mezutik katalanei heldu zaiena ez baita soilik mehatxu bat; konstatazio bat ere bada: erabakitzeko eskubidearen eta autoritarismoaren arteko talka ez dela PPren gobernuarekin sortzen den zerbait, Espainiako Estatuak bere egin duen bataila bat baizik. Alderdi nagusi gehienek fronte nazionala osatu baitute harekin. Felipe VI.ak hitzaldia amaitu eta minutu gutxira agertu zen prentsaren aurrera Alfonso Rodriguez Gomez de Celis PSOEren Harreman Instituzionaletarako idazkaria, harekin bat zetorrela esanez. Berdin egin zuten PPk eta Ciudadanosek ere. Alderdi espainiarren artean, Unidos Podemos bakarrik geratu zen: «Ez gure izenean», txiokatu zuen Pablo Iglesiasek.

Izan ere, Espainia agerian geratu da Felipe VI.aren hitzetan, eta de facto desmuntatu du Katalunian hirugarren bidea hitzematen duten alderdien diskurtsoa: Espainian gobernua aldatuz gero —PSOEren eta Podemosen zentro-ezkerreko koalizio batekin—, posible litzatekeela erreferendum adostua egitea.

Baina erregeak ere hartu du arrisku bat. Kataluniako auzian posizio hartuta, oraindik ebatzi gabe dagoen partida batean egin du apustu: zilegitasun demokratikoaren inguruko partidan, hain zuzen ere. Fitxa mugitu du karratu beltzean.

Kataluniako xake partidari, hala ere, asko falta zaio ebatzita dagoela esateko. Espainiak erregea jokora atera du arrokatu aurretik, eta, horrela, nazioarteko ikusleen aurrean monarkiaren zilegitasuna bera ere jarri du jokoan.

Nazioarteko hedabideak

Nazioarteko hedabideen agendan dago ere uneotan Katalunia; eta herenegungo hitzaldiari ere arretaz erreparatu zioten. Biharamunean argitaratutako kroniketan errezeloa suma zitekeen. «Adierazpen kamikazea» deitu zion Paul Mason kazetariak hitzaldiari.

Beste hedabide eta kazetari askok nabarmendu zuten estatuburuak ez ziola erreferentziarik ere egin igandeko erreferendumean Poliziak erabilitako indarkeriari. «Krisi katalana sakonduz doan neurrian, badirudi Felipe erregeak galdu egin duela elkarrizketarako aukera», argitaratu zuen The Times egunkariak: «Hitz bakar bat ere ez zuen izan ehunka zaurituentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.