Auzi(tegi) «politiko-polizialak»

'Dena da ETA' teoriak ekarritako auzi handiak aztertu dituzte Izko eta Iruin abokatuek, Compains auzipetuak gidatuta. «Etsaiaren zigor zuzenbidea» erabiltzen dela salatu dute

Amaia Izko, Eneko Compains eta Iñigo Iruin, atzo, EHUren Donostiako campuseko Zuzenbide Fakultatean emandako hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Zuzenbidean gertatu behar duenaz bestera gertatzen da: epailea da poliziaren laguntzailea. Poliziaren teknika hutsak erabiltzen dira: emaitzek dute lehentasuna, eraginkortasunaren, susmoaren, prozesuaren berme logikaren gainetik». Zorrotz definitu zituen Iñigo Iruin abokatuak «ETAren inguruarekin» lotutako auzi handiak, atzo Donostiako EHUren Zuzenbide Fakultatean egindako hitzaldian. Amaia Izko abokatua eta Eneko Compains EHUko Zuzenbideko irakasle eta 8/2013 sumarioan auzipetua zituen ondoan. Aurrean, areto bete jende, Zuzenbideko ikasle ugari tartean.

Aurkezpenean, Compainsek salatu zuen «gertakari politiko hutsak» daudela beren auzian: bilerak, dokumentuak... Maiatzaren 17tik aurrera epaituko dute Compains, beste zortzi lagunekin batera, «talde terroristako kide» izatea egotzita. Bederatzi eta hamabost urte arteko zigorrak eskatu dituzte bakoitzarentzat.

Nola gerta daiteke hori, ordea? Teoria «politiko-polizial» batean dago oinarria, Iruinek azaldu zuenez: Dena da ETA. Edo ETA hori dena da. Bortxarik erabili ez arren, pixkanaka, ezker abertzalearen inguruko erakundeak ere ETA direla ebatzi dute, abokatuaren esanetan: erakunde politikoak, enpresak, egunkariak... «ETAren bihotza eta barrunbeak», 18/98 sumarioan Espainiako Auzitegi Nazionalak esan zuen gisan. «Terrorismo desarmatu» kontzeptua erabili zuen Iruinek, eta ez «terrorismo» definizio juridikoa, definizio politikoa baliatu dutela esateko.

Abokatuaren esanetan, horrek ekarri du «etsaiaren zigor zuzenbidea» erabiltzea Auzitegi Nazionalak halako auzietan, «kriminalizatzeko» xedearekin. Makroepaiketa horien ezaugarriak aipatu zituen: ez dutela gertaera zehatz bat ikertzen, «fenomenologia kriminal oso bat» baizik; sarekada handiak, dozenaka inputatu eta milaka orrialdeko sumarioak izan ohi direla, luze jotzen dutela auziek; eta izaera politikoa dutela —«egungo legediaren etsaiak zigortzea da helburua, sistemaren etsaiak»—.

Funtsean, zuzenbidea aldatzen dutela esan zuen, delitu mota «oso bereziak» erabiliz, tipo penal «gero eta subjektiboagoak» sortuz. «Adibidez, lapurreta delitu batean, denok ezagutu ditzakegun ezaugarriak definitzen dira; hemen subjektiboak dira». Iruin: «Intentzionalitatea zigortzen da, eta ez ekintza zehatz bat». Iazko uztailean Zigor Kodean egindako erreformek bide hori sakondu dutela ohartarazi zuen.

18/98 auzian jarri zuen jatorria abokatuak, eta «teoria politiko-polizial» hori HB, EH eta Batasuna legez kanporatzeko Auzitegi Gorenak ateratako sententzian islatu zela gero, 2003an. Iruinek gogorarazi zuenez, tarte horretakoak dira «terrorismoaren kontrako lege» gehienak: bai Zigor Kodekoak, bai espetxeei buruzkoak...

Bide horretan guztian Auzitegi Nazionaleko epaileek izan duten egitekoa ere kritikatu zuen Iruinek, justizia egin ordez «borroka» egiten dutelako. 2004an auzitegi horretako zigor aretoko presidente izendatu zutenean, hala esan zuen Javier Gomez Bermudez epaileak: «Terrorismoaren aurkako borroka juridikoa da Auzitegi Nazionaleko zigor aretoaren helburu nagusia».

Salbuespen neurriak, ohiko

Auzitegi Nazionaleko «ironia maltzurra» aipatuz hasi zuen hitzaldia Izkok: han auzipetutakoei asistentzia juridikoa emateagatik, orain bera dago auzipetuta. Han egindako lanean ikusitako adibideak eman zituen abokatuak, batez ere, 8/2013 sumarioan oinarrituta. «Salbuespen auzitegi bat da Auzitegi Nazionala, eta ohiko bihurtu ditu salbuespen behar luketen neurriak», salatu zuen.

Adibidez, ikerketaren lehen fasean, Poliziarenean. Datu bat eman zuen: 2008 eta 2010 artean, 200 laguni baino gehiagori egin zizkieten halako telefono entzuketak, zuzenean —eta, ondorioz, haien ingurukoei ere bai—. Batez beste, urte eta erdi inguruz bakoitzari. Horietatik, 120 lagun auzipetu dituzte gero, eta 37 bakarrik zigortu: Segurako auzikoak eta Segirekin lotutako bi gazte.

Instrukzio faseari dagokionez, inkomunikazioaren erabilera nabarmendu zuen abokatuak. Eta epaileena. Izkok kontatu zuenez, bederatzi auzipetuak inkomunikatuak zituztela, auzi medikuen txostenak jaso zituen egunero epaileak, tratu txar salaketekin. Habeas corpus eskaerak ere egin zizkioten, eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoak eskatu zuen torturaren aurkako protokoloa ezartzeko. Atxilotuek epaile aurrean ere salatu zuten jasotako tratua.

Guztiarekin ere, Fernando Grande-Marlaska epaileak ez zuen neurririk hartu, ezta salaketak ikertzeko ere. Izko: «Epaile aurreko deklarazioetan, ofiziozko abokatu batek adierazi zuen ziur zegoela deklarazioak ez zirela bat-batekoak izan. 'Telepatia daukazu beste atxilotu harekin, ala?', galdetu zion atxilotu bati. Deklarazio bera egin zuten biek, aurretik buruz ikasitakoa».

Behin-behineko espetxeratzeekin ere berdin gertatzen dela salatu zuen Izkok: «Inolako premiarik gabe, arau gisa, bi urtera arte luzatzen dute kartzelaldia».

Compainsek eman zuen ondorioa bukaeran: «Espainiarentzat, denak balio du euskaldunon aurka egiteko. Eta hori aldatzeko gakoa Euskal Herrian dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.