Bilkurak ere lehiarako eremu

Siriako Gobernuko ordezkaritza bat eta oposizioko bertze bat Vienara joan dira NBEk antolatu bilera sortara. Errusiak astelehenean bake konferentzia bat eginen du Sotxi hirian

Siriako Gobernuak Vienara bidalitako ordezkaritza, Baxar Jaafari Damaskok NBEn duen enbaxadorea erdian duela, atzo. ALEX HALADA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Zita diplomatikoek, eta gerra fronte berpiztuek eta indartuek bat egin dute Siriako gatazkan, eta gutxienez datozen egunetan baldintzatuko dute inplikatuta dauden eragileen agenda. Turkiak Siriako kurduen Afrin barrutiaren aurka joan den asteburuan hasi zuen erasoaldia izan da gerrari gehitu zaion azken elementua, eta, paraleloan, Siriako armada talde islamista suniten azken gotorlekuak berreskuratzeko borroka betean ari da herrialdearen mendebaldean, Errusiaren laguntzarekin. Testuinguru horretan elkartu ziren atzo Siriako Gobernuaren ordezkaritza bat eta oposizioko bertze bat Vienan NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekariarekin. Mendebaldeak eta Saudi Arabiak elkarrizketa horietan paratua dute militarra ez den konponbide bat lortzeko ahalegin nagusia, baina Errusia, Iran eta Turkia astelehenean Sotxi hirian (Errusia) hastekoa den konferentzian zentratuta daude. Ahalegin diplomatikoak ere lehiarako eremu baten gisa hartu dituzte gerran nahasita dauden eragileek.

«Baikorra naiz definizioz. Une kritikoan gaude, hagitz-hagitz une kritikoan», adierazi zuen Staffan de Mistura NBEren Siriarako bitartekariak bilerak hasi aitzinetik. De Misturak sustatu duen bederatzigarren bilera sorta da, eta gaur da bukatzekoa. Konstituzioaren erreforma bat aztertzea dute helburu. «Vienako bilkuraz gain, ez dago bertzelako perspektiba politikorik. Azken itxaropena da», adierazi zuen Jean Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak herenegun. Siriako Gobernuak Baxar Jaafari NBEn duen enbaxadorea bidali du ordezkaritzaren buru, eta oposiziotik HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorena izeneko aliantza gonbidatu du NBEk —Nasser Hariri Siriako Parlamentuko legebiltzarkide ohia da delegazioaren burua—.

Prozesuak zailtasun nabarmenak ditu, ordea. Bertze behin, bi ordezkaritzak bakarka elkartu ziren De Misturarekin, eta ziurtasunik ez dago gaur aurrez aurre elkartuko ote diren. Siriako Gobernuak zalantzan paratzen du HNCren legitimitatea, eta Errusia gerran sartu zenetik (2015) presio gutxiago daukala sentitzen du, HNCn ordezkatuta dauden talde armatuei etengabe eginarazi baitie gibelera gerra frontean.

Siriako Gobernuaren babesle nagusienak, Errusiak, Sotxiko konferentzian paratua du itxaropena. Iaz Astanan egin zituzten elkarrizketa sorten bururatze gisa planteatu zuen Moskuk Sotxiko bilkura, baina horrek ere zailtasun handiak dauzka. HNCk jasoa du gonbidapena, baina Yahya Aridi bozeramaileak atzo adierazi zuen «[Siriako] Gobernuak Vienan erakutsiko duen konpromisoaren arabera» erabakiko dutela onartu ala ez. Errusiak Ekialde Hurbileko herrialdeei ere bidali dizkie gonbidapenak, baita NBEren Segurtasun Kontseiluan betorako eskubidea duten bertze lau kideei ere —AEBei, Erresuma Batuari, Frantziari eta Txinari—. Mendebaldeko estatuek ez dute argitu Sotxira joanen ote diren, baina mesfidantza erakutsi dute, beldur baitira Errusiak sustatu duen ekinbide bat babesteak mesede eginen ote dion Moskuk Sirian duen eraginari.

Vienako bilkurak hutsune handi bat dauka, eta, egoera aldatu ezean, Sotxikoak ere izanen du, kurduen alderdi nagusien ordezkaritzarik ez baita izanen. Vienara ez dituzte gonbidatu. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak aste honetan adierazi du «kurduen ordezkaritza bat» gonbidatu dutela Sotxira, baina Ipar Siriako Federazio Demokratikoak atzo erran zuen ez duela gonbidapenik jaso, eta jasoz geroez dela Sotxira joanen Turkiak ez badu gelditzen Afrin barrutiaren aurkako erasoaldia —Ipar Siriako Federazioa SDF Siriako Indar Demokratikoak miliziak kontrolatzen duen eremuko administrazioa da, eta kurduen alderdiak eta miliziak dira indar nagusiak—. Federazioko eragileak haserre daude Errusiarekin, uste baitute Turkiari baimena eman diola Afrin inbaditzeko —horixe adierazia du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, baina Errusiak ez du ez baieztatu, ez ukatu—.

Arma salmenten etetea

Erasoaldi horren harira, AEBen eta Turkiaren arteko tentsioa handitu egin da azken orduetan. Donald Trump AEBetako presidentea lehenbizikoz mintzatu zen horri buruz herenegun, eta Turkiari eskatu zion «ekintza militarrak mugatzea eta biktima zibilak eragoztea». Tom Bossert Trumpen segurtasun nazionalerako aholkulariak atzo erran zuen nahiago luketela Turkia Afrindik «ateratzea». Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak erantzun zuen, ordea, ez dutela «deus» eztabaidatzeko AEBekin, «konfiantza berreskuratu arte».

Mendebaldeko estatu nagusiek, oro har, AEBen jarrera babestu dute: «kezka» agertu dute mezu gehienetan, eta «neurritasuna» eskatu diote Turkiari, baina ez dute zalantzan paratu Ankararen legitimitatea Afringo milizien aurka jotzeko. Hala mintzatu zen atzo Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroa, baina bertze inork hartu ez duen neurri baten berri eman zuen: Turkiari ez diote armarik salduko behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.