Trumpen bumeran txinatarra

Merkataritza gerra hasi da AEBen eta Txinaren artean. Baina nork dauka irabazteko aukera gehien?

Altzairua. Galdategi handi bateko beharginak atsedenaldi batean. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Donald Trumpen logikak XX. mendean izan zezakeen zentzua, baina gaur ez du ez hankarik ez bururik». Argitasun horrekin erantzun du Xu Bin CEIBS China-Europe International Business Schooleko errektoreordeak. AEBetako presidenteak Asiako erraldoiaren altzairuari eta aluminioari ezarritako zergei buruz galdetu diote: «Buruaskiak diren herrialdeen mundu batean, zerga horiek balekoak lirateke tokiko industria babestu eta suspertzeko, Trumpek aipatzen duen helburua, alegia». Shanghaiko akademikoak dio industria prozesu mordoa mundu mailan gertatzen direla errealitate globalean. «Neurri horiek prezioak garestitzea baizik ez dute eragiten, lehiakortasunaren galera, eta gerra komertzial bat; eta hor, AEBak oso kaltetuak atera daitezke».

Politikari bihurtzea erabaki zuenetik, magnateak Txina miran jarri zuen, ez dago zalantzarik, eta Trumpen logikak jendetza konbentzitzen du, hain da soila. «Merkataritza defizitarekin arazo bat dugu; kalkulua nola egiten den, horren arabera aldatuz doa, baina 375.000 eta 504.000 milioi dolar artekoa da. Ikuspuntu desberdinetatik azter daiteke, baina beti izango da inoizko defizitik handiena historian. Kontrolpetik at dago. Horregatik erabaki dugu neurri komertzialak martxan jartzea —muga zergak—. Haien eragina 60.000 milioi dolarretakoa izan daiteke», iragarri zuen AEBetako presidenteak hilaren 22an.

Trumpek gaineratu zuen Txinako liderrei eskatu ziela —haiekin negoziazio iraunkorrean dagoela dio— Amerikako superpotentziarekin duten merkataritza superabita txikitzeko, 100.000 milioi dolar gutxienez. Eta AEBetako Merkataritzako arduradun Robert Lightizerrek erantsi zuen Washington haserre dagoela Pekinekin, «atzerriko enpresei teknologiaren transferentzia inposatzen dielako, ezagutzaren lapurreta zibernetikoa alegia, eta ez dagoelako neurririk jabego intelektuala babesteko».

Analista asko bat datoz zilegi direla kezka horiek denak, baina, aldi berean, azpimarratu dute muga zergak ez direla irtenbidea. Izan ere, BPGaren kopuru absolutuetan AEBek munduko lehen potentzia izaten jarraituko dute, baina Txina dagoeneko munduko merkataritzaren protagonista bilakatu da, eta haren inportazioek asko egin dute gora; 115.600 milioi eurorenak dira AEBen kasuan, esaterako. Beraz, Trumpek gidatzen duen herrialdea bere gerra komertzialaren eragina nozitzen hasiko da aurki, Amerikako 128 produkturi ezarriko dizkieten muga zergak onartzen dituztenean Txinan.

Trumpek Txinako metalgintzari eraso egiten badio, Xi Jinpingek AEBetako elikadura industriaren oinarriaren aurka egingo du tiro; Amerikako esportazioen habeetako bat da sektore hori. Amerikako metal aleazioak zergapetzeaz gain, %15 eta %25 arteko muga zergak ezarriko dizkie txerrikiei—Txina da munduko inportatzaile nagusia—, frutari eta ardoari. Zerga berri horien eragina 3.000 milioi dolar artekoa izatea aurreikusi dute Pekinen. «Txinak ez du izan sekula horrelako egoera eragiteko asmorik, baina ez da geldirik geratuko laido horren aurrean. Bere interesak babesteko prestasunarekin ariko da», argitu zuen Merkataritza Ministerioak, hilaren 23an helarazitako oharrean.

«Guri kalte handia eragin diezagukete, salneurriak %25 garestitzeak Txinako merkatutik atera gaitzakeelako; merkatu hori da AEBetako haragiarentzat etorkizun handikoena», aitortu du Rex Kuok, Heartland Brothersen fundatzaileetako batek. Start-up bat dauka Shanghaira begira; Txinako merkatuaren indarra baliatu nahi du abeltzain amerikar independenteen bizimodua hobetzeko. Berkshire arrazako behiak hazten dituzte. «Goi mailako kalitateko haragia daukate, txerri iberikoaren parekoa, baina haragi industria amerikarrarentzat etekin gutxiko negozioa da, eta garestia. Beraz, ustiapen txiki askorentzat, Txina salbazioa izan daiteke». Muga zerga berriekin, ordea, ez.

Sojaren auzia

Bumeran txinatarrak Trumpen burua nola jo dezakeen erakusteko adibide txiki bat da hori. AEBek 19.600 milioi dolarren esportazioak egiten dituzte Txinara janari produktuetan. Soja da esportazioen izarra, 12.400 milioi euro guztira. «Amerikar batzuek uste dute Txina haren menpekoa dela hainbat produkturen hornidura lortzeko, adibidez, soja, eta ez dela gai izango beste hornitzaile bat aurkitzeko. Harroputza eta naifa da ideia hori», azaldu du Global Times egunkariak bere editorialean. Testu horrek argi islatzen du Pekinen konfiantzaren maila Trumpek abiarazitako gerra komertzialaren aurrean.

Baina badira bi superpotentzien arteko merkataritza harremanean sojak baino pisu handiagoa duten beste aldagai batzuk. «AEBei kalte egiteko Txinak har ditzakeen beste neurri asko daude. Adibidez, Boeing konpainiari eskaera gutxiago egin, edota behi haragiaren inportazioa debekatu», dio Wallace Chengek. Garapen Jasangarrirako eta Merkataritzarako Nazioarteko Zentroaren arduraduna da Cheng, Txinaren esparruan.

Eta ez dabil oker. Hua Chunying Atzerri Ministerioko bozeramaileak galdera zorrotza egin zuen prentsaren aurrera atera zenean, hilaren 23an: «Zenbat soja tona erosi behar ditu Txinak Boeing hegazkin baten erosketarekin parekatzeko?». Hegazkinak erostea izaera politikoa duten erabakiak dira. Hegazkin garraio komertzialaren lehen merkatua bihurtzen ari da Txina, eta eskaera horiek bertan behera uzteak Amerikako multinazionalaren emaitzei kalte egingo lieke modu nabarmenean; bide batez, Europako Airbusi onura ekarriko lioke.

Ez da hipotesi bat, HerriarenEgunkaria-k 2016an aurreratutako ohartarazpen bat baizik: «Xi Jinpingek Seattlen iragarritako 38.000 milioi euroko erosketa (Boeingi) Airbusentzat izan daiteke azkenean, AEBek produktu txinatarrei muga zerga berriak ezartzen badizkiete». Alderdi Komunistako egunkari ofizialak argi idatzi zuen mehatxua. Boeingek berak aurreikusi du Txinak 7.000 hegazkinetik gora erosiko dituela datozen 20 urteetan; negozio hori 1,1 bilioi dolarretakoa da, eta enpresaren 150.000 lanpostuei eusteko berebiziko garrantzia dauka.

«Txinak Boeing hegazkin kopuru jakin bat erosten badu, AEBek beste hainbeste C-919 —Txinak diseinatu eta ekoitzi duen hegazkin komertziala— erosi beharko lituzke herrialde bien artean bidezko merkataritza bat dagoela ezartzeko?», erantsi zuen Huak, ironiaz. Produktu teknologikoen esparrua da eragina nozituko lukeen beste bat, Washingtonek Huawei moduko enpresen aurkako gerra hasi baitu. AEBetako telefono konpainiekin ezinezkoa izaten ari zaio Huaweiri elkarlana lortzea. ZTE, berriz, zerrenda beltzean jarri dute, Iranekin negozioak egin dituelakoan. Pekinek Hewlett-Packard edo Apple moduko erraldoien aurka jo dezake erantzun gisa. Ez alferrik Txina sagarraren etxearen bigarren merkatua da jadanik.

Moody's agentziaren arabera, Txinak bere artilleria astuna aterako balu, AEBetako industriaren sektore gehiagori kalte egingo lieke: kortxo eta egur produktuak, etxetresnak, altzariak, instalazio elektrikoak eta autogintza. Gainera, hainbat estatuk ondorio larriak izango lituzkete. Adibidez, Alaskak bere esportazioen %27 Txinara egiten ditu, AEBen %8ko batezbestekotik oso gora. Oregonek, Hegoaldeko Carolinak eta Washingtonek ere asko saltzen diote Txinari, beren atzerriko salmenten %20.

'Made in USA' garestiago

Halaber, Trumpek onartu dituen muga zergek gehiago eragingo dute Txinako inportazioak gako diren estatuen ekonomiatan. Industria horietan Asiatik datozen lehengaiak behar dituztelako beren produktuak ekoizteko. Adibidez, Nevadako inportazioen %46,4 Txinatik datoz. Eta, hori gutxi balitz bezala, Txinako altzairu eta aluminio aleazioen salneurria garestitzeak beste ondorio bat luke: Made in USA zigiluko produktuak garestiagoak lirateke kontsumitzaile amerikarrentzat. Winter Nie IMD negozio eskolako irakasleak nabarmendu du «Trumpen zoritxarrerako» dagoeneko ez gaudela 1980ko hamarkadan.

Orain arte aipatutako balizko neurriez gain, AEBetako hainbat enpresa handik Txinan hazteko duten asmoen aurka jo dezake Pekinek. Qualcomm txipen ekoizlea Txinaren baimenaren zain dago NXP SemiconductorsHerbehereetako enpresa erosteko. 44.000 milioi dolarretako operazioa da; bestalde, Tesla Shanghaiko agintariekin negoziatzen ari da Txinako hiriburu ekonomikoan fabrika bat irekitzeko.

«Uste dut Trumpek ez dituela gogoan hartu gauza horiek guztiak muga zergak iragarri aurretik; epe motzera, oso eraginkorra izan daiteke bere hautesleen zati batean, baina herrialdeari eragingo dio azkenean, eta enplegua galaraz dezake AEBetan», dio Xu Bin CEIBSeko errektoreordeak. Edonola ere, Xuk uste du Trumpek ahaztu egin duela, antza, Txinak gordetzen duen kartarik garrantzitsuena. Munduko superpotentzia handienak berak Txinaren esku jarri du bonba atomiko hori: zor publikoa.

AEBen hartzekodun handiena da Txina, eta inbertsio poltsan 1,2 bilioi dolar ditu haren altxor bonuetan. Fortune aldizkariak dio inbertsio horren bolumena handitzeari utzi diola Txinak, eta zorraren zati handi baten salmentak estualdi handiak ekarriko lizkiokeela Amerikako ekonomiari: «Onartu ezin dugun egoera eragin dezake honek guztiak: interes tasen igoera azkarra. Txinari gogor kaltetzen bazaio, AEBek zapalduta bukatuko dute», dio Fortune-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.