Urpekariko marinela

Aitor Arregi getariarrak hiru denboralditan jokatu zuen Vila-realen, 1997tik 2000ra. Taldearen susperraldian partaide izan zen, eta orain denaren sustraiak jarri zituzten.

Aitor Arregi, Vila-realekin jokaturiko partida batean. VILA-REAL FUTBOL TALDEA.
Aitor Manterola Garate.
2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Telefonoak jo zion 1997ko egun batean Aitor Arregiri (Getaria, Gipuzkoa, 1971). Vila-real (Herrialde Katalanak) zuen jatorria deiak. Bertako futbol taldeko ordezkari bat zen. Hara jokatzera joateko eskaini zion. Orduan, Eibarren ari zen ezker hegaleko atzelari ezkerra. Aurretik Alavesen ibilia zen. Beti etxean. «Eskaintza onartzekotan, aurreneko aldia izango nuen etxetik ateratzen nintzela, eta hor izan nituen zalantza batzuk. Baina baiezkoa eman nion azkenean», kontatu dio BERRIAri.

Hiru denboraldi egin zituen Vila-realen. Aurrenekoan, Bigarren Mailan zen taldea. «Orduan sartu zen klubean Fernando Roig, bere egitasmo berritzailearekin. Talde apala zen, eta handien parera eramatea zuen asmo. Bistan da lortu duela». Urpekari horiak eliterako lehendabiziko sarrera Arregiren aurreneko denboraldi hartan egin zuen, hain zuzen. Ez dauka ahazteko Lehen Mailarako igoera: «Zoragarria izan zen. Jose Antonio Irulegi genuen entrenatzaile, eta taldearen ezaugarri nagusia zen taldea izatea». Partida asko jokatu zituen Arregik denboraldi hartan, eta golen bat sartu ere bai: «Bakarra Albaceten izan zen. Ez daukat ahazteko, ez, nire ibilbide osoan oso gutxi sartu nituelako».

Igoera harekin lotuta, beste hau ere buruan ondo gordeta dauka: «Azkeneko partidan lortu genuen, eta nire ibilbide osoan, ia beti izan dut zerbait handia jokoan azkeneko partidetan. Igoera zela, jaitsiera zela, ezin lasai bukatu ». Lasaietik gutxi izan zuen Lehen Mailako aurreneko denboraldiak, 1998-1999 hartan, hasiera ona eman bazion ere Vila-realek: «Bartzelonari bere zelaian ere irabazi genion, 1-3, Van Gaalen taldeari. Figo zaindu nuen, eta hasieran errespetu handia sentitu banuen ere, behin partida hasita batere beldurrik ez».

Bigarren itzuli txarra egin zuen Vila-realek, eta maila galdu. Berriz ere Bigarren Mailan jokatu behar. Baina denboraldi batez bakarrik, 1999-2000n igo egin zelako berriz Arregiren taldea. Ez zirudien, baina, halakorik gertatuko zenik Liga hasieran: «Gaizki hasi ginen. Joaquin Caparros ekarri zuen klubak entrenatzaile bezala, eta denboraldi-aurrean sekulako lan fisikoa eginarazi zigun. Ez zuen asmatu, eta hasieran gaizki ibili ginen. Zazpigarren partidan edo, kaleratu egin zuten». Liga hasiera txar hartatik, badu partida bat ondo gogoan: «Eibarrek 1-5 irabazi zigun gure zelaian, Blas Ziarretaren Eibarrek». Bere talde ohiaren aurka jokatzea berezia izaten zela dio: «Taldekideak izan direnen aurka jokatzea ez da izan ez direnen aurka aritzea bezala».

Hamasei urte taldea utzi zuela, baina harremana ez du galdu zenbait kiderekin: «Roig presidentearekin egoten naiz batzuetan, eta Pascual Donat jokalari ohia ere laguna dut. Orain, lehen taldeko ordezkaria da». Harreman horiei eusteari sekulako balioa ematen dio: «Futbola emozioa da, zirrara, eta harreman pertsonalak. Ederra da horiek ez galtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.