Mundua, kontrako eskutik

Hamar biztanletik bat da ezkerra, eta oztopo ugari dituzte egunerokoan, ia guztia eskuinen ikuspuntutik pentsatua baitago; haientzat pentsatua ez dagoen mundura egokitu dira ezkerrak.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Guraizeak, poto irekitzekoak, labanak, idazmahaiak, koadernoak, gitarrak... Neurri batean edo bestean ia egunero erabiltzen diren tresnak dira. Eskuin bati ez dio ezer berezirik esango zerrendak, baina produktu horiek buruhauste bat baino gehiago eragin dizkiete ezker gehienei. Eskuinentzat daude horiek denak, gehiengoa direlako. Kontrako eskutik bizi dute egunerokoa ezkerrek, egokitze konstantean.

Biztanleen %10-13 ei dira ezkerrak eskua erabiltzeko garaian, eta %30 oinari dagokionez. Gutxiengoa izanik, nola aurre egin horri? Garbiñe Ubeda kazetari eta idazlearen iritziz, egokitzea da gakoa: «Ezker asko oso trebeak dira eskuinarekin». Ezkerra da Ubeda, eta ezkerren inguruko Mila Ezker (Susa, 2009) saiakera liburua idatzi zuen. Haren aburuz, «ezker gehienak ez dira kontziente, ahal duten bezala moldatzen dira eskuinen tresnekin». Iritzi berekoa da Beñat Rezusta pilotaria: «Ohitu egiten zara azkenean, pilotalekuan eskuina oso gutxi erabiltzen dut, baina handik kanpo gehiago».

Egon badaude ezker izatearen zama arintzeko tresna bereziak. The Simpsons telesaileko zaleek Ned Flanders pertsonaiak ireki zuen ezkertegia izango dute gogoan. Euskal Herrian ere badaude halako dendak, Iruñeko El Rincon del Zurdo (Ezkerraren Txokoa) da horietako bat. 120tik gora produktu dituzte liburu denda barruan daukaten txokoan. Halere, Internet bidez saltzen dute gehiago, Juan Carlos Lukin jabeak aitortu duenez. 1998an ireki zuen denda.

Bi talde nagusitan banatu ditu produktuak: «Zorrotza dutenak eta eskola materiala». «Ahoa duen oro ezkerrentzat egin behar da, mozketa errazteko; idazteko materiala ere egokitu beharra dago». Saltzeaz gain, nola idatzi irakasten dute: «Ez gara pedagogoak, ez psikologoak, ez da erraza 12-15 urteko mutiko edo neskato bati gaizki idazten duela azaltzea; baina, beharrezkoa da».

Nolanahi ere, beti ez da erraza ezkerrentzako tresnak aurkitzea, eta askoz garestiagoak dira askotan. Ondo daki hori Lide Hernando Liher musikariak: «Ezkerren gitarra berri baten bila ari naizela, enkargu bidez eskatu behar dudala esaten didate, edo Interneten. Eta, noski, garestiagoak dira». Ubedaren iritziz, baina, produktu «uniformeak» dira urteotako joera, ezkerrentzat eta eskuinentzat egokiak. «Ezker batek labana bat behar badu, ez die ezkerrentzako eginikoei erreparatuko, bi ahoko baten bila joko du; ondorioz, etxean tresna hobeak, baina garestiagoak, izango ditu».

Ezkerren nolakotasuna azaltzean, autodidakta hitza nabarmendu du Ubedak: «Ezkerrak autodidaktak dira neurri handi batean; gauza asko ikusiz ikasten dituzte, baina alboan ezker bat ez badute, nekez ikusiko dute, eta beren modura ikasiko dute». Bere kasa ikasi izanarekin elkartu du ezker izateari maiz lotutako jeniotasuna. «Gaur egun erraztasunak daude, baina jenioak bihurtu zirenek ez zuten horrela lortu, ziren bezalakoak izateagatik baizik».

Hizkuntzaren eragina

Gutxiengoa izanik, gehiengoaren jazarpena pairatu dute ezkerrek historian. Deabruarekin eta sorginkeriekin lotu zituzten urte luzez. Adierazgarriak dira hainbat hizkuntzatan dauden hitz eta esaera asko. Ez hainbeste euskaraz, baina bai inguruko erdaretan. Pertsona traketsak «ez du bat bera ere eskuinera egingo» —no dar una a derechas— gazteleraz. Trebea, berriz, diestro da: «eskuina». Katalunieraz, baldarra edo astuna maldestre da, «eskuin txarra». Frantsesez, gazteleraz eta ingelesez hitz bera erabiltzen da zuzenbide, zuzen eta eskuin esateko: droit, derecho eta right. Lagin txiki bat besterik ez da, baina bada beste adibide esanguratsu bat. Gazteleraz, italieraz eta latinez sinonimoak dira ezkerra eta gaiztoa.

Idazkera da, ezbairik gabe, ezkerren aurkako jazarpenaren muturreko adibideetako bat. Ezkerretik eskuinera idaztea traba da ezkerrentzat: testua eskuarekin estali egiten dute, eskua tintaz zikintzen dute, eta koadernoetako kiribilekin borrokatu behar dute. Hori saihesteko, kako baten moduan idatzi, papera okertu edo bizkarra behartzen dute.

Ezker izatea gaizki ikusia zegoen garaian, haur ezkerren eskua bizkarrari lotzen zioten, eskuinez treba zedin. Ez da hain aspaldiko kontua gainera, zenbaitek antzeko egoera ezagutu izan baitute orain ez asko. 50 urte inguru ditu Josean Imazek, eta gogoan du haurtzaroan eta gaztaroan irakasleekin izandako sesioak, eskua lotzea bezalako gehiegikeriak sufritu ez bazituen ere: «Ezkerrez ez idazteko esaten zidaten, txarra zela, hobe nuela eskuinez ikasi».

Zailtasunak izaten dituzte, batzuetan, haurrek. Ispilu bat balu bezala idazten zuen hasieran Hernandok: «Hizkiak idazten ikasi nuenean, letra pilo bat alderantziz idazten nituen. Ezker askori gertatzen zaiola adierazi zien espezialista batek gurasoei».

Ezker paretaren eragina

Elite kirolera ondo moldatu dira ezkerrak. Beisbola, boxeoa eta eskrima bezalako kiroletan ohi baino ezker gehiago daude; futbolean estimu handia dute. Beste kirol batzuetan, aldiz, debekatuta dago ezkerrez aritzea, poloan kasu.

Euskal Herriko adibide esanguratsuena pilotalekuetako ezker pareta da, mesede gehien eskuinei egiten baitie. Ubedaren arabera, «ezker listoek jakin dute desabantaila hori bere alde aprobetxatzen». Ezker listo horietako bat da Rezusta, baina berezia da haren kasua, atzelaria baita, profesionaletan dagoen bakarra: «Esan izan da ezkerrez jotako pilotakada zabaldu egiten dela, atzean min egiteko pilota horman sartu behar dela; horregatik ezkerrek aurrean jokatu izan dute». Hari ere behin baino gehiagotan esan diote aurrelari bihurtzeko, bestela ez zela profesionaletara ailegatuko. Iritsi da, baina. «Ezker gutxi daude, eta animatu nahi ditut gazteak atzean saiatzera, ea ateratzen den baten bat».

Zesta-puntaren eta erremontearen logikak, baina, ezinezko egiten du zesta ezker eskuan jartzea; arriskutsua litzateke, pilota ziztu bizian ateratzen baita xisteratik. Ondorioz, ezkerrak eskuinez jokatzera derrigortuta daude.

Musika jotzean ere ez da berdina eskuin edo ezker. Orain dela bost bat urte hasi zen gitarra jotzen Liher. Amarena —eskuina— hartu, eta hariak ordenaz aldatu zizkion: «Ez dakit burugogorkeriagatik edo zergatik, baina ez nuen esfortzu gehiago eskuinarekin egin nahi; era naturalean, ezkerrez, jo nahi nuen».

Ezkerrentzako gitarrak ere baditu desabantailak: «Lagunen artean gitarra jotzeko plana badago, nik beti nire gitarra eraman behar dut». Ez da jotzen duen instrumentu bakarra, trikitia jotzen zuen lehen, eta iaz bateria eskolak jaso zituen. Gitarrarekin gertatzen den moduan, bateria jotzeko ere hainbat modu daude.

Musikan, kirolean edo idazten, gutxiengo izango dira ezkerrak aurrerantzean ere, eskuinen munduan ahalik eta hobekin egokituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.