«Maila guztiak gainditu ditu»

Maputxe herriaren aurkako errepresioa eta indarkeria inoizko handiena da Txilen. Duela astebete, jendarme ohi batek bi indigena hil zituen tiroz, haietako batek bere zaldia berreskuratu nahi zuenean. Huenchullan indigenarentzat, egoera «larria» da.

«Maila guztiak gainditu ditu».
ander perez zala
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ekainak 10, larunbata, duela aste eta erdi. Arratsaldeko 17:30 inguru da. Txile mendebaldeko Los Sauces hirian daude Patricio Gonzales —23 urte— eta Luis Marileo —24 urte— , beste hiru lagunekin batera, Ignacio Gallegos izeneko jendarme ohi eta lur-jabearen etxe parean. Marileoren zaldi bat jendarme ohiaren esku dagoelakoan, itzultzeko eskatzera joan dira bostak. Hitzik trukatu gabe, Gallegosek erantzun hilgarria eman die gazteei: tiroka hasi, eta Gonzales eta Marileo hil ditu. Hori izan da, lekukoen arabera, han gertatutakoa, hango hedabide askok beste bertsio bat zabaldu duten arren —bere burua defendatu zuela, gazteek eraso egin ziotelako—. «Faxistatzat, hiltzailetzat eta maputxe herriaren etsaitzat» dute jendarme ohia; hain justu, bi hildakoak maputxeak ziren, mendeetako erresistentzia egiten ari den herri indigenakoak.

«Maila guztiak gainditu ditu gure aurkako indarkeriak», adierazi dio BERRIAri Jorge Huenchullan maputxeak; Temucuicui komunitatearen eleduna da. Haserre dago azken urteotan haien aurkako errepresioak hartu duen intentsitatearekin: «Egoera larri batean gaude: indarkeria, torturak, hilketak... gure aurka egiten dute, erabat».

Bi pertsona hil arren, Gallegos ez da justiziaren aurrera aurkeztu, ez baitute gertatutakoaren ikerketarik zabaldu. Huenchullanentzat, indigenek jasaten duten egoera irudikatzen du. Gogor kritikatu du estatua: «Gure lurrak berreskuratu nahi ditugu, eta terrorista gisa saltzen gaituzte. Jendarme horrek, bitartean, libre jarraitzen du, eta bizkatrzainak jarri dizkiote».

Espainiarrak kontinentera iritsi zirenetik, erresistentzia besterik ez dute egin maputxeek. Egun, Txileren eta Argentinaren artean banatuta dago haien lurraldea —Wallmapu—; 1,8 milioi maputxe inguru bizi dira Txilen—Ulumapu deitzen duten lurraldean—, eta 200.000 bat Argentinan —Puelmapun—. Kolonizazioaren ondorioz, lurralde horren %10 dago soilik haien esku, gainontzekoa enpresek eta latifundistek hartua dute. Maputxe gehienak Hego Konoaren hegoaldean bizi dira —estatuek kendu ezin izan zizkieten lurretan—, Txileko talde etniko handiena izanik.

Duela aste eta erdiko hilketak ez dira gertakari bakartuak indigena horiek jasaten duten errepresioan. Horren erakusle da bi weichafe-ei —gerlaria, mapudungu hizkuntzan— egindako hileta, Temucon —maputxeen hiri nagusienean—, hilketa eta bi egunera: jendetzak karabana egin zuen bi hilkutxekin, baina jendarmeak han agertu, eta ekinaldia tiroz eta gasa erabiliz sakabanatu zuten. Bitartean, Ercillan—Temucotik 88 bat kilometrotara—, GOPE Polizia Operazio Berezien Taldea Freddy Marileoren etxera bortxaz sartu zen Luis Marileoren lehengusuaren etxera—.

Bere lurrak, kultura eta ondarea defendatzen ari da etengabe maputxe herria, XIX. mendeaz geroztik. Lurrari erabat lotuta bizi dira, sakratua baita haientzat. Beren izena aztertzea besterik ez dago: lurra esan nahi du mapu-k, eta txe-k, jendea. Lasai bizi izan ziren XIX. mendearen erdialdera arte, Txileko eta Argentinako estatuek bi genozidio handi hasi zituzten arte: Araucaniaren baketzea Txileren aldetik, eta Basamortuaren konkista Argentinaren aldetik. Helburu argia zuten biek: maputxeen eremu guztiabere egitea. Araucania okupatu zuten, eta egun Txile hegoaldea denaren eremua. Hala ahalbidetu zuten 15.000 europarren kolonizazioa —alemaniarrena, italiarrena eta espainiarrena, besteak beste—, eta, noski, kolonoen esku geratu ziren lurrak.

1818an Txile Espainiarekiko estatu independente gisa eratu zenetik ere, komunitate indigenak euren jatorrizko lurrak galduz joan dira, besteak beste, behartuta edo iruzurra jasanda. Inguruko lurrak Estatuak hartu zituen jabetzan: gehienak enkantean ipini zituen, eta indigenak ez ziren norbanakoen eskuetara igaro ziren —haietako gehienak, kolonoak eta eliteko kideak—. Gerora, latifundio zabalak eratu zituzten lurrotan. 1927an abiatutako prozesuaren ondorioz, 500.000 hektarearen jabetzarekin geratu ziren soilik maputxeak; 10 milioi hektareakoa da Wallmapu.

Mendeetatako tratu horretaz aritu zen Michelle Bachelet Txileko presidentea 2014an, presidente hautatu zutenean. Maputxeei barkamena eskatu zien Txileko Estatuaren izenean, haien lurrak «ostu» eta «okupatzeagatik». Horrekin batera, Indigenen Gaietarako Ministerioa eratu zuen Txileko Gobernuak: «Demokraziaren urteotan guztiotan aurrerapausoak eman ditugun arren, zorra kitatzeko daukagu. Tratu berri bat proposatzera nator, indigenen eskubideak benetan bermatuta egon daitezen eta merezi dituzten aukerak jaso ditzaten, haien lurrak eta kultur ondarea lehengora itzulita».

Ordea, herri maputxeak ez ditu onartu Bacheleten hitzak. «Presidenteak protokolo bat bete zuen hori esanez, gure eta estatuaren artean harreman berri bat behar duelako. Bere interesengatik egin zen», ziurtatu du Huenchullanek. Zorrotz mintzatu da gai horren inguruan: «Ez dugu bere hitza sinesten, hain justu kontrakoa egin duelako estatuak mendeotan».

Izan ere, Txileko justizia ez da indigenen mesedetarako izan. Terrorismoaren Aurkako Legea, Augusto Pinocheten diktadurakoa, maputxeen aurka erabiltzen aritu da Santiago, eta egun 40 bat preso politiko maputxe daude herrialdeko kartzeletan. Francisca Linconao izan da kartzelatik atera den azkenetarikoa; haren kontrako behin-behineko zigorra baliogabetu zuen urtarrilaren 6an Temucoko Helegite Auzitegiak. Xaman maputxeak bederatzi hilabete zeramatzan behin-behineko atxiloaldian, eta abenduaren 23tik gose greba egiten ari zen bere egoera salatzeko. Giza eskubideen erakundeek salatu zutenez, maputxeei soilik ezartzen zaien «Terrorismo Legeari» esker auzipetu zuten. 2013an Araucanian izandako sute baten erantzule izatea leporatzen diote xamanari eta beste hamar maputxeri. Senar-emazte bikote bat hil zen.

Mendeotan maputxe herriak kolonizatzaileen aurka duen borroka ideia batean laburbiltzen da: beren lurrak berreskuratzea. Huenchullan: «Gure burua gobernatu nahi dugu, esperientzia dugu horretan. Estatuak zor handia du gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.