Albistea entzun

Garbiñe Aranburu. LABeko idazkari nagusia

«Patronalak jarrera aldatu ezean, gatazka gehiago etorriko dira»

Lan erreforman kaleratzeen edukiak aldatzen ez badira ezetz bozkatzeko eskatu die euskal alderdiei Aranburuk. Inflazioa dela eta, LABek KPI osoa exijituko duela ohartarazi dio patronalari.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2022ko urtarrilak 16 - Donostia

Espainiako Kongresuak lan erreformaren dekretua berresteko atarian, argi esan du Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) testu horrek ez duela indargabetu 2012ko lan araudia, eta «CEOEren betoarekin» egin dutela. Ez dagoen alarma bat piztea leporatu diete, berriz, CCOOk, UGTk eta Confebaskek sindikatu abertzaleei, «euskal itunen nagusitasuna ez baitago arriskuan», lanbide arteko euskal esparru akordioa dela eta.

Erreforman jasotako lan itunen prebalentzia dela eta, alarma faltsu bat piztu du LABek?

Inondik inora ere ez. Hasieratik esan genuen CEOErekin batera ezin zela indargabetu lan erreforma, eta horrela gertatu da. Bi gauzak uztarrezinak dira. Eta erreforma ez indargabetzeak ekarri du, besteak beste, bertako itunen lehentasuna ez bermatzea. 2017an EAErako sektore arteko esparru akordioa egin genuen, konforme, baina horren gaineko zalantza juridiko batzuk egon badaude, eta eskatzen duguna da segurtasun juridiko bat erredakzio argi baten bidez, non errespetatuko den erkidegoen sektore hitzarmenak estatukoen gainetik egotea.

Zergatik da hori hain garrantzitsua zuentzat?

Euskal langileen erabakitzeko ahalmenaz ari garelako. Bertako lan baldintzak bertan erabakitzeko eskubideaz ari gara, onartezina delako Madrilek inposatzea euskal langileen baldintzak. Hau 2010eko Zapateroren erreformatik dator, eta 2012ko Rajoyrenak bere horretan eutsi zion.

Zer dago estatuko itunak nagusi egin nahi horren atzean?

Arrazoi argi bat dago: estatuko hitzarmenak merkeagoak direla, lan baldintza kaskarragoak jasotzen dituztela, eta euskal gehiengo sindikala ez errespetatzeko beren modua dela. Estatalizazioa da lan baldintzak prekario egiteko bide zuzenena.

CCOOk eta UGTk adostu dute estatuko itunen nagusitasuna. Nola egiten die mesede horiei?

Erabakigarriak izan nahi dute eremu guztietan, baina Hego Euskal Herrian ez dute gehiengo sindikala ordezkatzen; Nafarroan ere ez dute %50eko langa gainditzen gaur egun, eta estatalizazioaren bidetik ez dagokien ordezkaritza bat bereganatuko lukete.

Zergatik jasotzen dituzte euskal itunek lan baldintza hobeak?

Lan harremanetan ez dugu ahalmen legegile osorik, egia da: estatuarenak dira eskuduntzak; baina joko-arau esparru horretan negoziazio kolektiboak oso rol garrantzitsua jokatu du, eta, horri esker, gai izan gara langileei beste eduki batzuk emateko. Eduki propio horiei bidea mozteko helburua du estatalizazioaren prozesuak, hemengo sindikalismoak beste ezaugarri batzuk dituelako, kontrabotere eredua nagusitzen delako. Konfrontazio sindikalismo horrek ekarri ditu lan baldintza hobeak gurera; ez da izan hemengo patronala jatorragoa delako. Horregatik guztiarengatik da hain garrantzitsua lan hitzarmenen nagusitasuna herrialdeko sektore itunei ematea.

Kaleratze errazei eta merkeei ere eutsi die erreformak, hau da, 2012koaren habe nagusiari. Espainiako ezkerrak traizio egin die langileei?

Bere hitza jan du: ez dago baliogabetzerik, eta, modernizazio hitza erabili badute ere, ez dago bide berririk lan harremanak berritzeko. Aurreko erreformaren izanari eutsi diote, eta CEOEk eta Confebaskek eskaini dute egia horren adierazlerik esanguratsuena beren balorazioen bidez. Erreforma baliogabetzen hasita, kaleratze libre eta merkeen arloak beharko luke aldatzen lehena. Behin-behinekotasuna murrizteko tresna gisa saltzen ari dira erreforma, baina kontratazioan dagoen iruzurra oztopatzeko oso mugatua geratzen da araudia, erredakzio lauso batek ateak zabalik uzten dituelako iruzur egiten jarraitzeko.

Erreforma berriak izango ditu alde positiboak, ordea. Bi gauza on aipatuko zenituzke?

Ezin ditut aurkitu bi gauza on langileentzat. Bakarra da ultraaktibitatea mugagabea dela berriro, baina bigarrenik ez dago euskal langileentzat; enpresa itunak sektore itunen azpitik jartzea ere positiboa da, baina sektore itun horiek Euskal Herrikoak balira.

Aurki bozkatuko dute Espainiako Kongresuan erreformaren dekretua. Alderdi abertzaleei ezezkoa eskatu die LABek; itunen prebalentzia aldatuta, gobernuak EAJ erakar dezake. EH Bildurekin zailagoa dela ematen du. Nola ikusten ari zara negoziazio hori guztia?

Dena irekia dago oraindik, eta sindikatuak garaiz gabiltza Kongresuan eragiteko. Alderdi subiranistek beren indarra baliatu behar dute lan erreforma indargabetzeko, eta lehentasuna bi arlotan jarri dugu guk: esparru propioaren defentsan, hitzarmenen prebalentziak aldatuta, eta kaleratze libre eta merkeetan, haiek mugatuz atzera. Ikusiko dugu nondik nora joango den negoziazioa, patronalaren betoa hor baitago; gobernua estu hartzen jarraituko du testuan aldaketarik egon ez dadin.

EAJk prebalentziaren aldaketa baizik ez du aipatu erreformaren alde egin ahal izateko. Lokarria hortik askatuko du PSOEk?

Itunen nagusitasuna nola jasotzen den ikusi beharko da, gaia jaso bai, baina behar ez den bezala jaso daitekeelako, alegia, garbi utzi gabe gure itunen aldeko nagusitasuna. Baina, guretzat, kaleratzeak oso gai garrantzitsua dira, eragindako enplegu suntsipena denok ikusi dugulako azken urteotan, eta azken hilabeteotan ere bai. Horri muga jartzen ez badiote erreformari ezezko botoa emateko eskatzen diegu.

Erreformaren aurkako protestara deitu du LABek hil honen 27rako. Abenduan, iragarri zenuten sindikatuak egiaztatu zuela ez zegoela greba orokorrerako aukerarik. 27ko protestak ezin zuen greba orokorra izan bide hori itxi izan ez bazenute?

Guk ez genuen grebarako bidea itxi; egoera jakin bat egiaztatu baizik ez genuen egin. Grebara egun batetik bestera dei daiteke, baina ez da egun batetik bestera ateratzen. Lan handia eskatzen du, denbora tarte bat. Argi esaten ari gara mobilizazio ziklo berri bat martxan jarri behar dela, eta horren helburuak izan behar duela Madrilen zabalik dagoen agendan eragitea bai, baina hortik harago, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egitea ere bai. Madrilen ez dago erreforma baliogabetzeko indar nahikorik, eta hemen, berriz, bai. Horregatik, esparru propio bat elikatu eta eraiki daitekeela uste dugu. Baina hor ez dugu topatu gehiengo sindikal bat, eta abenduan egiaztatu genuen grebarako aukera pasatzen utzi zela.

Abenduan, LABek ultimatum bat eman zion ELAri grebara deitzeko?

Gu ez gatoz bat zain-zain egotearen estrategiarekin, Madrildik zer etorriko den esperoan. Dekretuaren edukiak ezagutu, aztertu eta horren arabera jokatzeak betarik gabe uzten gintuen grebara deitzeko. Greba egiteko borondatea egon balitz, grebak deitua beharko zuen, baita Madrilen gertatzen ari den horretan eragiteko ere. Baina gure lehenengo aukera greba udazken bukaeran egitea zen, horrek gure indarra handitzen zuelakoan.

Ematen du, dena den, gehiengo sindikalak erantzun bateratu bat emateko gutxieneko adostasuna lortu berri duela, eta bihar bertan emango duzuela erantzun horren nondik norakoen berri.

Argi dago sartu garen ziklo ekonomikoan erantzun zabal gehiago egituratu beharko ditugula, motzean grebarako aukerarik ez egon arren. Baina iritsiko dira beste testuinguru batzuk grebak aurrera egiteko. Edonola ere, ahalik eta erantzun zabalenak ematera behartzen gaitu egoerak, eta hor bere rola jokatuko du beste nazio batzuetako erantzun sindikalak ere. Galiziakoekin eta Kataluniakoekin ari gara lanean, esaterako.

Inflazioa %6,5 izan da urte bukaeran. Ez du ematen patronala prest dagoenik soldatak hainbeste igotzeko. LAB prest dago KPItik beherako igoerak negoziatzeko?

Langileek erosteko ahalmena galdu ez dezaten borrokatuko da LAB. KPIa izango da gure erreferentzia negoziazio kolektiboan, soldata igoerei dagokienez. Ez alferrik, langileak ere ordaintzen ari dira bizitzaren garestitzea, argindarra eta beste. Soldatak KPIa bezainbeste igoko ez balira, langileek bi aldiz pagatuko lukete bizitzaren garestitzea.

Patronala esaten ari da ezinezkoa dela horrelako koska jasotzea igoeretan, beste formula batzuk behar direla: adibidez, KPIaren urteko batezbestekoa.

Argi dago negoziazio kolektiboa gatazkatsua izango dela. Hainbat hitzarmen daude berritzeko, eta aurreikusten dugu lan gatazka gehiago etorriko direla patronalak bere jarrera aldatzen ez badu behintzat.

Zaila ematen du langile gehienak ez pobretzea 2022an...

Argi dago 2008tik soldatek sortzen den aberastasunarekiko gero eta pisu gutxiago dutela. Aberastasunaren banaketan gertatzen den desoreka urtez urte areagotuz doa, eta ez dugu onartuko orain ere honen guztiaren faktura langileen kontura joatea. Eta badakigu negoziazio kolektiboaren desblokeoa lotuta dagoela lan gatazkak pizteko gaitasunarekin. Gainera, gogoratu nahi dut berritzeko dauden itun horietako asko feminizatutako sektoreak direla, pandemian funtsezkotzat jo zirenak. Prekaritatean lanean ari diren emakumeak dira, alegia, eta sektore horietan administrazioari bere ardurak hartzeko exijituko diogu, negoziazio kolektiboan borrokatzeaz gain.

Funtsezkotzat jo ziren langile horien artean asko dira arlo publikokoak. %2ko igoera baizik ez dute izango, %6,5etik oso urrun...

Ez da bidezkoa, eta horiekiko jarrera jakin bat erakusten du administrazioen aldetik. Txalo egiten genien osasun arlokoei; bada, txaloak ez, bitarteko gehiago, kontratazio gehiago behar dituzte, eta erosteko ahalmena ez galtzea. Hezkuntzakoak, berdin; gizarte zerbitzukoak, zer esanik ez. Baina ez dute egin nahi eremu publikoaren aldeko apustu bat, ez osasunean, ez irakaskuntzan, ezta zaintzan ere. Ez dute borondate politiko bat, Madrildik ezarrita datorren arren soldata igoera hori. Ez dute hori aldatu nahi, ez Jaurlaritzak, ezta Nafarroako Gobernuak ere.

Gobernuak pandemia kudeatzen ari diren moduak, zerbitzu publikoei dagokienez, ez du gainditzen azterketa orduan?

Ez. Pandemia batean ulergaitza da osasun sistema publikoaren aldeko apustua egin beharrean pribatizazioaren aldekoa egitea. Lehendik ere sistema ahuldurik zegoen pribatizazioa bultzatzeagatik, eta pandemia betean ere horrekin jarraitu dute.

Ez da erraza izan inorentzat pandemian asmatzea, ezta?

Jakina ezetz, baina ikusi dugu nola Jaurlaritzak uko egin dion ardurak hartzeari eta dena norbanakoaren bizkar nola utzi duen. Aztikerrek inkesta bat egin du pandemiari aurre egiteko neurrien inguruan, eta hartu ez direnak baloratu dira gehien: osasun sistema indartzea, prebentzio neurri eraginkorragoak... Neurri murriztaileak ez daude lehentasunen artean: COVID pasaportea, txertaketa derrigortzea eta beste.

Zer iritzi du LABek ziurtagiri horri buruz?

Ardura instituzionalak ezkutatzeko baliatzen ari dira. Jendartean %90 txertaturik dagoen testuinguru batean, pase horren beharra eta eraginkortasuna oso zalantzazkoa da, eta, aldiz, neurri baztertzaile bat izan daiteke eta kontrol sozialerako tresna bilakatu.

Aurtengo ekainean da LABen Biltzar Nagusia. Idazkari nagusi gisa jarraitzeko erabakia hartu duzu dagoeneko?

Azkarregi da horrekin hasteko.

Bost hilabete gelditzen dira.

Baina burua beste gauza batzuetan dugu. Erabaki bat hartzen dudanean eta sindikatuan horri buruzko gogoeta egiten dugunean jakinaraziko dugu.

Animoz ondo?

Bai, animoz eta indarrez ondo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Teresa Ribera ministroa sistema berria azaltzen. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Gasaren prezioa mugatu du Madrilek, argindarra %30-35 merkatzeko

Xabier Martin

Bruselak oniritzia emango dio sistemari, baina 2023tik aurrera Espainiak tarifa arautua aldatu beharko du. Gaur argitaratu da sistema berria aldizkari ofizialean.

Nekazari bat bere lurretan lanean traktore zahar batekin, Khmelnitskin. ©OLEG PETRASYUK / EFE
<b>Funtzionarioak.</b> Langileak, Jaurlaritzako administrazio orokorreko egoitzara sartzen, aste honetan. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lehian beren postuengatik

Jokin Sagarzazu

Administrazioak oposizio deialdi bereziak iragartzen ari dira, behin-behineko lanpostuak finkatzeko; zehaztu gabe daude zein, baina ez dira guztiak aterako. «Oposizio malguak» izango dira, eta hautaketa irizpideak argitu behar dituzte.

Josu Jon Imaz (Repsol), Arantxa Tapia (Jaurlaritza), Juanjo Alvarez (Zedarriak) eta Armando Martinez (Iberdrola). ©L. T. / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.