Datorren asteko estreinaldiak

Familia barneko gerrak eta zauriak

'Nelyubov' filmarekin, Andrey Zvyagintsev zuzendariak berriro ere begiratu dio Errusiako egungo egoerari. Liza Alert elkartearen lana ezagutu ondoren bururatu zitzaion zuzendariari bere pelikula berriaren nondik norakoa

Aitak eta amak kasu gutxi egiten diote Aliocha semeari. Gurasoen harremana oso gaizki doa, eta ez dute semearen ardurarik hartzen, desagertzen den arte. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
2010. urtean, Errusiako herritarrak gogor astindu zituen gertaera bat izan zen: bost urteko Liza Fomkina haurra hilik agertu zen baso batean, hipotermiak jota. Bederatzi egun zeramatzan desagertuta, eta, bila aritu baziren ere, ez zuten hura aurkitzeko modurik izan. Haren heriotzaren ondorioz, 21 egun geroago Liza Alert izeneko elkartea sortu zuten Errusian.

Elkartearen zeregin nagusia desagertuta dauden pertsonak bilatzea da, edozein dela haien adina. Boluntarioz osatuta dago Liza Alert, eta, 2016an, 6.015 pertsonaren bilaketan laguntzeko jo zuten haiengana. Horietatik 1.000 inguru adingabeak ziren.

Hain zuzen ere, Liza Alert elkartearen lana ezagutu ondoren etorri zitzaion Andrey Zvyagintsev zuzendariari burura bere pelikula berriaren nondik norakoa, eta hortik sortu zen Nelyubov. Bi ardatz nagusi ditu istorioak; alde batetik, gaztetxo baten desagerpenaren tragedia,eta, bestetik, eztanda egitenduen familia baten drama gordina.

Bikote bat da Nelyubov-eko protagonista: Boris eta Genia. Moskun bizi dira, eta bien arteko harremana gaizki baino okerrago dago. Dibortziorako urratsak egiten ari dira, eta, besteak beste, bien pisua salgai jarri dute. Era berean, nor bere bizitza berrosatzen saiatzen ari da, eta harreman paraleloak hasi dituzte. Eguneroko liskarretan murgilduta, bikoteak apenas erreparatzen dion semeari, Aliochari, harik eta egun batean desagertzen den arte.

Oihartzuna eta sariak

Mundu mailan, Errusiako egungo zuzendaririk errespetatuena eta laudatuena da Andrey Zvyagintsev. Estilo bisual indartsua du, eta, bere pelikulen bitartez, pantailara ekarri ohi du bere herrialdearen krisi sakona, irudi poetikoak baliatuz.

Nelyubov iazko Cannesko zinemaldian aurkeztu zuten, eta bertan oso kritika onak izan zituen. Horrez gain, sari garrantzitsu bat ere eskuratu zuen filmak, epaimahaiaren sari berezia. Hortik aurrera, bestelako sari txikiago eta izendapen ugari ere lortu ditu pelikula honek.

Hain zuzen ere, Cannesko zinemaldiak bere lehen film luzeari egindako harrera onak ireki zizkion nazioarteko merkatuen ateak Andrey Zvyagintsevi. 2011n, Elena zahartzaroaren inguruko drama aurkeztu zuen zinemaldi horretan, Un certain regard sailaren barruan. Orduan ere, epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen. Sariaz harago, zinemagile errusiarraren izena ezagutarazteko balio izan zuen ordukoak.

Are oihartzun handiagoa izan zuen haren hurrengo pelikulak, 2014ko Leviafan-ek. Krisi ekonomikoaren inguruko film gordin horrek harrera oso ona izan zuen urte horretan, eta, sari handirik irabazi ez bazuen ere, kritika on eta laudorio asko egin zizkioten pelikulari.

'NELYUBOV'

Zuzendaria. Andrey Zvyagintsev.

Aktoreak. Maryana Spivak, Aleksey Rozin, Matvey Novikov, Marina Vasilyeva.

Herrialdea. Errusia.

Urtea. 2017.

Iraupena. 128 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.