Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

On Kixoteren abentura amaigabea

Terry Gilliam zuzendariak ia hogei urte behar izan ditu bere proiektu kutuna bukatu ahal izateko
Terry Gilliam Nafarroan hasi zen, Bardean, <em>The Man Who Killed Don Quixote</em> filma grabatzen, 2000. urtean.
Terry Gilliam Nafarroan hasi zen, Bardean, The Man Who Killed Don Quixote filma grabatzen, 2000. urtean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2018ko maiatzak 26

Terry Gilliam Nafarroan hasi zen, Bardean, The Man Who Killed Don Quixote pelikula filmatzen. 2000. urtea zen, eta Monty Python taldeko kide ohiak gazte-gaztetatik buruan zuen proiektuari ekin zion orduan. Cervantesek idatzitako liburu ezagunaren gaineko bertsio erabat librea egin nahi zuen.

Ordurako, Gilliam zuzendari errespetatua zen. Monty Pythonen garai loriatsuak atzera utzita, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bakarka egin zituen filmek harrera oso ona izan zuten: Brazil, The Adventures of Baron Münchausen, The Fisher King, 12 Monkeys edota Fear and Loathing in Las Vegas.

Horiek horrela, bere amets kutuna betetzeko mementorik aproposena zela ematen zuen. Proiektu handinahia zen —32 milioi dolarreko aurrekontuarekin abiatu zen—, baina beharrezko finantzaketa lortu ahal izan zuen ordurako zeukan curriculumari esker. Horrela jarri zuen martxan The Man Who Killed Don Kixote-ren lehendabiziko atala.

Filmaketa hasi eta berehala, ametsa amesgaizto bihurtuko zitzaion zinemagileari. Hasteko, hegazkin militarren hotsek ez zuten uzten filmaketa behar bezala egiten. Gero, ekaitz batek kalte larriak eragin zituen dekoratuetan. Azkenik, Kixoterena egin behar zuen Jean Rochefort aktore frantziarrak ezin izan zuen filmatzen segitu: hernia bat sortu zitzaion, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Gilliamek haren neurrira egindako rola eskaini zion, baina osasunak ez zion aurrera segitzen utzi.

Filmaketa eten

Horrekin guztiarekin, tentsioak gora egiten zuen egunetik egunera, eta Gilliamen izaerak ez zuen egoera lasaitzen lagundu. AEBetan jaiotako britainiarrak zuzendari zaila izateko ospea du, eta ekoizleekin zuen harremana gero eta konplikatuagoa bihurtu zen. Aurrekontuaren etengabeko igoerak ez zuen kontua bideratzen lagundu, ezta aseguru-etxearekin sortu ziren arazoak ere.

Azkenean, filmaketa bertan behera gelditu zen, filma oraindik bukatu gabe zegoela. Hurrengo urteotan, Gilliam handik eta hemendik saiatu zen proiektuari berrekiten, baina ordurako film madarikatuaren fama zuen The Man who Killed Don Quixote-k.

Hala ere, dena ez zen alferrikakoa izan, eta, pelikula horren errautsetatik, Keith Fultonek eta Louis Pepek Lost in La Mancha egin zuten 2002an, filmaketa horretan izandako gorabeherak kontatzen dituen dokumental bikaina.

Azkenean, Gilliamek filma bukatu ahal izan zuen, eta Cannesko zinemaldiko amaierako ekitaldian aurkeztu zuen. Bertsio berrian ez daude ez Johnny Depp, ez Vanessa Paradis ezta Jean Rochefort ere, baina hori ez da oztopo izan bere amets kutuna gauzatu ahal izateko. Ia hogei urte geroago izan bada ere.

'THE MAN WHO KILLED DON QUIXOTE'

Zuzendaria. Terry Gilliam.

Aktoreak. Jonathan Pryce, Adam Driver, Olga Kurylenko, Stellan Skarsgard, Joana Ribeiro.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 133 minutu.

Generoa. Abenturazkoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...