Telesailak

Izua izotzean

Franklingo espedizio galduari buruzko kontakizunak pantailaratu dituzte 'The Terror' telesailean

BERRIA.
ander perez zala
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Franklingo espedizio galdua 1845eko maiatzaren 19an abiatu zen Ingalaterratik Artikorantz, John Franklin buru zuela. Bidaiaren helburua zen Artikoa igarotzea, esploratzeke zegoen Ipar-ekialdeko igarobidetik. 129 pertsona zeuden bidaia hartan, eta denak hil ziren, bi barkuak —Erebus eta Terror— Kanada iparraldeko Victoria itsasartean harrapatuta geratu ostean. Duela urte gutxira arte, bidaia horren eta heriotzen inguruko misterioa zen nagusi, eta askotariko elezaharrak kontatu izan dira ustez gertatu zenaren inguruan. Dan Simmons idazleak istorio horietan oinarrituta osatu zuen eleberria, eta obra hori eraman du telebistara AMC kateak, Ridley Scott zinemagile ezaguna ekoizle duela, hamar ataleko denboraldi batean: The Terror.

?Bidaia horretan, tripulazioko kideek bi urtez iraun zuten bizirik, barkuan zeramaten janariarekin. Tarte horretan, Erresuma Batuak 11 itsasontzi eta AEBek beste bi bidali zituzten erreskate lanetara, eta aurkitu zituzten espedizioaren arrasto batzuk, tartean eskifaiakideen gorpuak. Inuitek kontatu zizkieten eskifaiakide horiei buruzko istorio batzuk, eta kanibalismoaren aztarnak ere aurkitu zituzten. Erreskateak hamar urte iraun zuen, baina ez zuten inor bizirik aurkitu.

Azken urteotako ikerketaren arabera, Addison gaixotasunaren ondorioz hil ziren, nekeak, goseak, hipotermiak eta pneumoniak eraginda, besteak beste. 2014 eta 2016 artean aurkitu zituzten bi barkuak, eta horri esker agitu da misterioa. Baina AMCren telesailak ez du bide hori jarraitu, eta, eleberria oinarri hartuta, bizirik atera diren eskifaikideek harrapari misteriotsu bati egin beharko diote aurre, Artikotik bizirik ateratzeko. Budapesteko hangar batzuetan eta Kroazian egin dute produkzioa, Artikoko giroa birsortzeko.

Telesailak pixkanaka neurtzen du izua, kolpe dramatiko handiagoa lortzeko, eta istorioaren atmosfera pixkanaka biziagotzeko. Giro horrek pertsonaien nekea, adoregabetasuna eta beldurra elikatzen ditu, horiek ikusleari transmititze aldera. Paisaia istorioko beste elementu garrantzitsu bat da, eta pertsonaia bilakatzen da, infernu zuri. Izua protagonista den arren, The Terror hurbilago dago drama psikologikotik, eta protagonisten humanitatea jartzen du istorioaren erdian, bi barkuetan gertatzen dena erakutsiz. Antzezle taldea aurpegi ezagunez dago osatuta: adibidez, Jared Harris eta Tobias Menzies aktoreek antzezten dituzte pertsonaia protagonistak.

Sortzaileek zabalik utzi dute denboraldi gehiago egiteko aukera, baina lehen denboraldiko istorioa azken atalean amaitzen da; beraz, gainontzeko sasoi posibleetan beste istorio batzuk landuko lituzkete. Bitartean, ukitu fantastikoak dituen istorio ezin hobea da gertakari itxiak, laburrak eta maila onekoak gustatzen zaizkien ikusleentzat. Azken finean, genero horretako telesail gutxi daude.

'THE TERROR'

Sortzailea: David Kajganich.

Aktoreak: Ciaran Hinds, Jared Harris, Tobias Menzies, Paul Ready, Adam Nagaitis, Nive Nielsen, Ian Hart,Trystan Gravelle, Edward Ashley.

Herrialdea: AEB.

Urteak: 2018.

Non ikusi: AMC.

Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Drama psikologikoa. Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.