Datorren asteko estreinaldiak

Hildako guztiak ez direlako berdinak

Fatih Akin Alemaniaren historia hurbil eta ilunean murgildu da bere azken pelikulan, 'Aus dem Nichts' izenekoan

Benetako gertaera batzuetan oinarrituta dago filma, Alemanian egindako atentatu batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Benetako gertaera batzuk dira Fatih Akinen azken filmaren abiapuntua. Orain ia hamar urte, hainbat pertsona hil zituzten Alemanian egindako atentatu batean. Hildako guztiak jatorriz turkiarrak ziren, eta NSU izeneko talde neonazi bateko kideak izan ziren atentatuaren egileak.

Nolanahi ere, hasieran poliziak ez zuen neonazien aukera oso serio hartu nahi izan. Hildakoak turkiarrak izanik, bestelako ikerketa lerroak lehenetsi zituen: droga trafikatzaileen arteko liskarrak zirela, edo joko klandestinoarekin lotutako aferaren bat.

Azkenean, baina, Hanburgoko poliziak onartu behar izan zuen neonaziak zeudela atentatuaren atzean. Atentatuaren egileen artean bakarra atera zen bizirik, Beate Zschape, eta haren kontrako auzia oraindik itxi gabe dago.

Fatih Akin zuzendariak ere jatorri turkiarra du, eta, zeharka bada ere, ezagutzen zituen hildakoetako batzuk. Hori dela eta, gertatutakoaren inguruan film bat egitea erabaki zuen, eta 2012an hasi zen proiektuaren inguruan lanean. Besteak beste, Zschaperen kontrako epaiketetako bati adi erreparatu zion, dokumentazio lanak egiteko.

Interpretazio saria

2012. urtean Diane Kruger ezagutu zuen Canneseko zinemaldian, eta orduan aipatu zion harentzako interesgarria izaten ahal zen proiektu bat zuela esku artean. Bost urte geroago, eta itxaropen handirik gabe, berriro jarri zen aktorearekin harremanetan. Akinen harrigarri, hark baiezkoa eman zion Aus Dem Nichts lana egiteari.

Krugeri ez zitzaion damutuko pelikulan parte hartu izana, filmean egindako lanak oso kritika onak jaso baititu: besteak beste, Canneseko zinemaldian emakumezko aktore onenaren saria eman zizkioten.

Katjaren rola egiten du filmean. Haren senarra eta semea atentatu batean hilko dira. Hortik aurrera, saminarekin batera, injustizia ere ezagutuko du. Horren ostean, Katjari mendekua hartzeko garaia iritsiko zaio. Aurretik hainbat film eginak bazituen ere, Fatih Akinen izena 2004an hasi zen ospea hartzen. Urte horretan Gegen die Wand film gogorra aurkeztu zuen, zeinak Berlingo zinemaldian Urrezko Hartza eman baitzion.

Horren ostean, zinemagile alemaniarrak oihartzun handia izan duten beste hainbat film egin ditu. Horien artean dago 2007ko Auf der Anderen Seite, sei pertsonaren istorioak elkarrekin lotzen zituen drama. Film horrek ere hainbat sari irabazi zituen Cannesen, bai eta beste zinemaldi batzuetan ere.

Ospea istorio gogorrekin hartu duen arren, zuzendariak bestelako erregistroak ere landu ditu: 2005ean, Crossing the Bridge: The Sound of Istanbul musika dokumentala egin zuen. Lau urte geroago, berriz, Soul Kitchen komedia gozagarria aurkeztu zuen. Iaz estreinatu zuen orain arteko azken filma: Tschick. Berriro erekomedian murgildu zen film hori, eta nahiko oharkabean pasatu zen.

'AUS DEM NICHTS'

Zuzendaria. Fatih Akin.

Aktoreak. Diane Kruger, Numan Acar, Ulrich Tukur, Johannes Krisch, Siir Eloglu,Denis Moschitto.

Herrialdea. Alemania.

Urtea. 2017.

Iraupena. 100 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.