Datorren asteko telesailak

Ipuin klasikoaren molde berria

'Errementari' filmarekin,Paul Urkijo zuzendariak genero fantastikora eraman du euskal zinema. 'Patxi Errementaria' ipuinaren moldaketa da filma

Joxe Miguel Barandiaranek bildutako istorioaren gainean idatzi dute istorioa Asier Gerrikaetxebarriak eta Paul Urkijok. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Sitgesen saririk ez zuen lortu, baina kritika oso onekin itzuli zen etxera. Horren ostean, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea inauguratzeko ohorea izan zuen, eta, bertako harrera are beroagoa izan zen. Horrekin guztiarekin, ikusmin handi samarra piztu du Errementari filmak, zeina euskaraz egina den.

Izenburuak argi uzten duen moduan, filma Patxi Errementaria euskal ipuinaren moldaketa da, moldaketa librea betiere. Joxe Miguel Barandiaranek bildu zuen istorioa, eta haren gainean idatzi du gidoia Paul Urkijo zuzendariak, Asier Gerrikaetxeberriarekin elkarlanean.

Filmean, istorioa 1843. urtean gertatzen da, Lehenengo Gerra Karlista hasi eta hamar urtera. Gertakari arraro bat izan da Arabako herrixka batean, eta, diputazioaren izenean, Alfredo izeneko komisarioa bidaliko dute hara, gertatutakoa ikertzera. Aztarna guztiek basora daramate; bertan, Patxi izeneko errementari bakarti eta misteriotsu bat bizi da.

Aktore eskarmentudunak

Herria haren inguruko esamesez betea dago: lapurreta eta hilketa guztien erantzule dela uste dute, eta deabruarekin hitzarmen bat duela ere esaten dute. Halako batean, Uxue izeneko neska umezurtz batek Patxi errementeriaren etxean sartzea lortuko du, eta zer misterio ezkutatzen duen aurkituko du.

Filma euskaraz egiteaz gain, zuzendariak gaur egun desagertuta dagoen Arabako euskara erabili nahi izan du; XIX. mendeko euskara, hain zuzen. Horretarako, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntza izan du, zeina Arabako euskara liburuaren egilea den.

Ez da harena Errementari pelikulan aurkitzen ahal den izen ezagun bakarra; izan ere, azken urteotan film arrakastatsuak egin dituzten hainbat aktorek lan egin dute proiektuan. Eneko Sagardoi da protagonista —berriki Espainian saritu dute—, eta, harekin batera, euskal zinemaren beste izen handi batzuek ere parte hartu dute filmean: Itziar Ituñok, Ramon Agirrek, Kandido Urangak edo Josean Bengoetxeak, besteak beste. Uxue gaztearen rola, berriz, Uma Bracagliak egin du. Ekoizleen artean ere bada sona handia duen izen bat: Alex de la Iglesia.

Paul Urkijo gasteiztarraren lehen film luzea da Errementari. Aurrez formatu luzerako esperientzia biltzen aritu da, harrera ona izan duten film labur batzuk onduz: Jugando con la muerte edo El bosque negro, adibidez.

Filmaketa 2016 amaieran hasi zen, baina pelikula aurrera ateratzeko prozesua askoz ere luzeagoa izan da; izan ere, sei urte luze dira Urkijo proiektuan lanean hasi zela. Filmaketa Euskal Herriko hainbat parajetan egin dute: adibidez, Antoñana eta Korresen (Araba), Aizpurutxo eta Agorregin (Gipuzkoa) eta Muskizen (Bizkaia).

'ERREMENTARI'

Zuzendaria. Paul Urkijo.

Aktoreak. Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Gorka Aginagalde, Kandido Uranga, Gotzon Sanchez, Almudena Cid.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2017.

Iraupena. 96 minutu.

Generoa. Fantasiazkoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.