Datorren asteko estreinaldiak

Estetika japoniarra eta animalien politika

Wes Anderson zuzendariak bigarren animazio filma egin du: 'Isle of Dogs'. 'Stop motion' teknika erabili du berriro

Txakur gripearen izurritearen ondorioz, txakur guztiak irla batera eramango dituzte. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Estilo baten jabe izan, bada, baina zaila da Wes Anderson zinema zuzendaria genero jakin batean sailkatzea. Itxura naif-eko filmak egin ditu, baina, azpian, film horiek gizarteari zorrotz begiratzen diote. Hala, azken hamarkadotan zuzendariak harribitxi sailkaezin batzuk utzi ditu, hala nola The Grand Budapest Hotel, Moonrise Kingdom, The Royal Tenenbaums edota Life Aquatic filmak.

Batera eta bestera salto egin badu ere, zuzendari estatubatuarra eroso sentitzen da animazioan, eta orain molde horretako bigarren pelikula egin du.

Duela bederatzi urte, Wes Andersonek mundu guztia ahoa bete hortz utzi zuen Fantastic Mr. Fox maisulana egin zuenean; Roald Dahl idazlearen eleberri labur baten gainean eraiki zuen azeri familiaren istorio harrigarria.

Animazio digitala denen ahotan zegoen orduan; hark, ordea,erabaki zuen film bat egitea stop motion teknika erabilita, eta emaitza ezin hobea izan zen.

Isle of Dogs-ekin, zinemagileastop motion-era itzuli da berriro ere. Aurtengo Berlingo zinemaldian aurkeztu zuen pelikula, eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Dena den, Andersonek nabarmendu nahi izan duen bezala, halako lan bat talde lan zabal baten emaitza da ezinbestean.

Ez dira hitz hutsalak, jende berarekin lan egitea baita zuzendariaren ohitura. Aktoreen artean, haren pelikuletan ohikoak dira Adrien Brody, Jason Schwartzman, Bill Murray edo Owen Wilson. Oraingoan ez dago hezur haragizko aktorerik, baina, gidoia idazteko orduan, ohiko bi kideren laguntza izan du: Roman Coppolarena eta Jason Schwartzman berarena. Haiekin batera, Kunichi Nomura ere aritu da istorioari forma ematen.

Eragin ugari

Izan ere, Isle of Dogs Japonian dago girotuta. Ez du leku zehatzik aukeratu filmerako, baina kultura eta estetika japoniarraren osagaiez atondu dute dena. Akira Kurosawa eta maisu japoniarren mireslea da Wes Anderson, eta istorio honekin haiengandik ikasi dituen hainbat gauza eraman nahi izan ditu pantailara, ukitu propioa emanda. Era berean, Hokusai eta Hiroshige pintoreen lanek ere eragin nabarmena izan dute Isle of Dogs egiteko orduan.

Nolanahi ere, horiek ez dira Andersonek filmean erabili dituen erreferentzia bakarrak, Stanley Kubrick eta Andrei Tarkovskiren lanen arrastoa ere ikusten ahal baita.

Megasakiko herrian txakur gripearen izurritea zabaldu da. Horren ondorioz, agintariek txakur guztiak irla batera eramatea erabakiko dute. Hortik aurrera, txakurrak bakartuta biziko dira.

Atari gaztetxoa, berriz, ez dago prest Spots bere lagun fidela galtzeko. Horregatik, irlara abiatuko da, haren bila. Bertara ailegatzean, espero ez zuen errealitate bat aurkituko du, eta herria arriskuan jartzen duen plan bat ezagutuko du. Bost txakurraren laguntza izango du mehatxuari aurre egiteko.

'ISLE OF DOGS'

Zuzendaria. Wes Anderson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 101 minutu.

Generoa. Animazioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.