Datorren asteko estreinaldiak

Superheroien batzar nagusia

'Avengers' saileko pelikula berriak hango eta hemengo pertsonaiak elkartu ditu

Thanos geldiarazteko, Avergers taldeak bat egin beharko du beste talde batekin. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Zineman-eta, superheroi gutxi zeuden duela urte batzuk; horrez gain, haien gorabeherak segitzea ez zen sobera konplikatua. Superman izan zen hainbat urtez erreferentzia nagusia; ordena kronologikoari segituz, lehenengoaren ostean bigarren filma etorri zen, hurrena hirugarrena, eta abar. Batman eta besteak etorri zirenean ere erraz samarra zen haien ibilbide zinematografikoari jarraitzea.

Hori guztia aspaldian amaitu zen, Marvelek ikusi zuenean bigarren urrezko aroa izaten ahal zuela superheroien pelikulekin. Enpresako baten batek unibertso hedatuaren kontzeptua asmatu zuen; horren ondorioz, komikietako logika pantaila handira ailegatu zen: superheroi guztiak, etxekoak baziren, unibertso berean bizi ziren, eta egunerokoak ziren haien arteko aliantza, haserre, cameo zein elkarlanak.

Ideia horretatik sortu zen genealogiari segitzeko, App batzuk behar dira, zinez zaila baita jakitea zein superheroi agertuko den urliaren pelikulan, edo nortzuk osatzen duten halako taldea. Prozesu horren guztiaren azken emaitza —emaitza gorena, beharbada— Avengers: Infinity War filma da.

Bi pelikula bakarrean

Ia 70 pertsonaia agertzen dira superheroien bilkura bat dirudien film horretan, eta bertan dira azken urteotan han eta hemen ikusi diren gehienak: Iron Man, Thor, Hulk, Captain America, Black Widow, War Machine, Spider-Man, Black Panther, Falcon, Loki, Rocket... Nahi adina luzatzen ahal da zerrenda.

Horren ondorio logikoa da superheroien rolean ari diren aktoreen zerrenda ere luzea izatea. Bakar batzuk aipatzearren, pelikulan dira Scarlett Johansson, Benedict Cumberbatch, Josh Brolin, Robert Downey Jr. eta Mark Ruffalo.

Efektu berezi ikusgarrien eta aktore zerrenda luzearen ondorioz, aurrekontua ere izugarria da: mila milioikoa da pelikularen aitortutako aurrekontua. Dena den, trikimailu bat egin dute horretan; izan ere, behin hasiz gero, bi film egin dituzte: orain estreinatzen den hori eta haren bigarren partea, 2019rako aurreikusia dagoena. Hala ere, inbertitutako dirua ez da mauka, 500.000.000 eurokoa baita pelikula bakoitza.

Hori ikusita, Marvelek eta Disneyk gastatutako dirua berreskuratzea eta gainditzea espero dute orain. Dirudienez, ikusmina behintzat handia da, Avengers: Infinity War-en trailerra inoizko trailerrik ikusiena izan baita Interneten. Badaezpada ere, pelikularen estreinaldia aurreratu dute, AEBetan Deaadpool 2 eta Solo: A Star Wars Story-rekin lehiatu behar ez izateko.

Pelikula 1991ko The Infinity Gauntlet komikian dago oinarrituta, oso molde librean. Bi urte pasatu dira Captain America: Civil War filmeko gertaeretatik. Thanos Lurrera ailegatuko da, infinituko harriak jasotzera. Horren aurka, Avengers taldeak bat egin beharko du beste talde ezagun batekin, Guardians of the Galaxyrekin, Thanos geldiarazi eta unibertsoa suntsi dezan eragozteko.

'AVENGERS: INFINITY WAR'

Zuzendaria. Anthony Russo eta Joe Russo.

Aktoreak. Roert Downye Jr., Chirs Evans, Scarlett Johansson, Chris Hemsworth, Chris Pratt, Samuel L. Jackson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 156 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.