Punteria kontua

Dardoetan jokatzea tabernako denbora-pasa da askorentzat, eta erronda nork ordaindu izaten dute jokoan askok. Baina badira zaletasun soiletik harago doazenak.

1 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Halabeharrez. Horrela hasi dira jokatzen dardozale asko. Lagunen arteko norgehiagoka soiletan hasi, eta pixkanaka gustua hartuta, gero eta serioago hartu dute. Euskal Herrian ez dago dardo federaziorik, makinen enpresek antolatzen dituzte txapelketak. Enpresa bakoitzak bere liga propioak egiten ditu. Baina bada jokalari multzo garrantzitsu bat, eta harreman handia dute elkarren artean. Horietako hainbatek atzerriko txapelketetan parte hartu dute.

Dardoetan aritzeko, lau gauza behar dira: dardoak, jomuga, jendea eta punteria. Hala ere, lau faktore horiek nahastuz jokatzeko hamaika modu daude. Banaka, bikoteka eta taldeka ari daiteke. Horrez gain, badaude hamaika joko ezberdin. Klasikoena 501a da. Jokalari bakoitza 501 punturekin hasten da, eta jomugan lortzen dituen puntuak kenduko dizkie hasierakoei. Hutsera heltzen lehenak irabaziko du. Cricekta da arrakasta handia duten beste jokoetako bat. Sei zenbakiko saila itxi eta jomugan jo behar du jokalariak. Zenbaki bat ixteko, hiru aldiz jo behar da bertan.

Joseba Unanuek taberna ireki zuen Orion anaiarekin batera, 2004. urtean, eta dardo makina jartzea erabaki zuten. Lagunekin batera jokatzen zuen, errondak nork ordaindu behar zituen erabakitzeko. Egun batean Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko aukera izan zuten arte. «Erdi brometan izena eman, eta irabazi egin genuen». Azken hamar urteetan ez da geratu. Munduko lau txapelketatan parte hartu du. Emaitzarik onena Japonian egin zuen, 2010ean; hiru finaletan bigarren gelditu zen. Hala ere, Unanuerentzat dardoetan lortu duen garaipenik handiena bikotekidea ezagutzea izan da. Orain, alaba izan berri dute. «Dardo jokoa deskubritzea espero ez nuen gauza bat izan da, eta bizitza erabat aldatu dit».

Dardoei esker, lanbide berri bat lortu du Unanuek. Euskal Herrian dardo makinen enpresek egiten dituzte txapelketak, eta haietako batek lana eskaini zion duela urtebete. «Ni ez naiz futbol jokalariak bezala, zeinak soilik entrenatu, eta kobratu egiten duten. Nik lana egin behar dut». Lanbide berriak aukera gehiago ematen dizkio dardotan jokatzeko. Askotan, txapelketetan parte hartzeko, urrutira mugitu behar baitu, eta ez da erraza tabernan jai hartzea txapelketetara joateko. Espainiako txapelketetan gutxi ibili da Unanue. «Abendu hasierako zubian jokatzen da Espainiako txapelketa, eta egun horietan Orioko jaiak dira».

Maila ugari

Dardoetan hiru maila daude: amateurra, masterra eta profesionala. Carlos Garbaio irundarra duela hilabete saiatu zen jokalari profesionaleko fitxa lortzen. «Pro tour [profesional] txartelarekin lortzen den gauza bakarra txapelketetan parte hartzeko eskubideada». Hala ere, ez da batere erraza. Ingalaterrara joan zen, eta han lau egunean lau txapelketa jokatu zituen. Orotara, 30 txartel banatzen zituzten, eta 420 lagunek eman zuten izena. Esku-hutsik itzuli zen. Hala ere, ez da damutzen ahalegina egin izana.

Abileziaz gain, dirua ere behar da profesionaletan aritzeko. Garbaiok, txapelketan izena emateko, 320 euro ordaindu zituen, eta jokalari fitxa lortuz gero, beste 320 ordaindu beharko lituzke. Profesional mailako dardo ligak teniseko eta 1 Formulako txapelketekin alderatzen ditu Unanuek: «Profesionalek hamabostero munduko txoko batean jokatu behar dute».

Dardo jokoa bi talde handitan banatzen da, dardoen arabera. Alde batetik, gomazko punta dutenak daude. Horiek dira ohikoenak Euskal Herrian. Beste alde batetik, burdinazko punta duten dardoak daude. Horiekin jokatzen du Garbaiok. Jokalari profesionalek eta ohitura dagoen herrialdeetan burdinazkoekin jokatzen dute gehienbat. «Xarma berezia du burdinazko dardoekin aritzeak, tradizioa eta modernitatea nahasten baitira».

Gomazko dardoak orokortuak daude, seguruagoak direlako. Burdinazko dardoek zauriak egin ditzakete, eta ez dira aproposak tabernetan ibiltzeko. Hala ere, dardozaleek hainbat elkarte sortu dituzte euren kirola lasai praktikatzeko. Horietako bat da Errenteriako Beraungo Iratxoak elkartea. Han, burdinazko dardoekin aritzeko aukera dute zaleek.

Eneko Aznarez eta beste hainbat dardozalek 2013an sortu zuten Iruñerrian San Fermin dardo elkartea. Baina, hainbat zailtasunen ondorioz, iazko urrian itxi behar izan zuten. Aznarezek dio Nafarroan badagoela dardoetan ibiltzeko zaletasuna, baina jendea ez dela norberaren txokotik mugitzen. «Soilik hamabi pertsona inguruko taldetxo bat gara leku batetik bestera mugitzen garenak; pena da».

Hiru urte daramatza Aznarezek dardotan jokatzen. Burgikoa da, Nafarroakoa, eta kuadrillako lokalean itua jarri zutenean hasi zen jokatzen. «Lokalean jokatzen genuen. Lagun batek esan zidan Iruñean liga bat zegoela eta izena emateko». Lagunarekin batera liga irabazi zuen. Garaipenarekin motibatuta, jokatzen jarraitu zuen, eta ahal duen txapelketa guztietan parte hartzen du. Porton (Portugal) jokatu zuen 2013an Europako txapelketa. Bi maila zeuden, eta hark apalenean parte hartu zuen, bikoteka, beste lagun batekin, eta irabazi egin zuten. Gorenean, berriz, taldeka parte hartu zuen, eta bigarren bukatu zuten. Iazko azaroan Espainiako txapelketa egin zuten, Santiagon (Galizia). KO kopa kategorian irabazi zuen Aznarezek, eta Europako txapelketarako txartela lortu zuen.

Tabernari lotuta

Dardo jokoa taberna giroarekin oso lotuta dago. Horrek alde onak ditu, edozein pertsona animatu daitekeelako parte hartzera. Baina, beste alde batetik, taberna giroarekin lotzeak kirol gisa garatzeko oztopo dela uste du Garbaiok. «Punteria kirolik naturalena dira dardoak. Ez dugu ez arkurik, ezta eskopetarik ere erabiltzen». Gainera, parte hartzeko ez da baldintza berezirik bete behar. «Jende guztiak joka dezake. Pena da taberna giroarekin horren lotua egotea, oso kirol unibertsala izan baitaiteke».

Tabernarkin lotuta egote horrek ere eragin du jokalari askok txapelketetan parte hartu nahi ez izatea. «Txapelketak jokatzeko herri batetik bestera joan behar da, autoan normalean. Partidetan garagardo bat edo beste hartzen dute jokalariek, eta hori arazoa da etxera itzultzeko», dio Unanuek. Hori dela eta, duela urte batzuk Gipuzkoako txapelketetan jokalarien parte hartzeak behera egin zuela uste du. Hala ere, teknologia berriei esker, gauzak aldatzen ari dira. «Badira bi urte makinek sarean jokatzeko aukera ematen dutela. Orain txapelketak joka ditzake bakoitzak etxe azpiko tabernatik».

Sareko sistema berriari esker, dardo txapelketak hasi dituzte berriro Gasteizen. Liga bat osatzeko jende nahikorik ez dago Gasteizen, eta Burgosko (Espainia) taldeekin jokatzen dute. «Pena da horrela ibiltzea, baina sistema berriarekin gutxienez ligak joka ditzakegu», azaldu du Alfonso Expositok. Hamabi urte daramatza dardotan jokatzen. Beste asko bezala, lagun kuadrillarekin hasi zen jokatzen, tabernetan. Duela urte batzuk, Gasteizen ligak jokatzen zituztela gogoratu du Expositok. «Taberna batetik bestera joaten ginen; oso giro ona egoten zen».

Lagunarteko giroa

«Nik mundu guztiari dardotan ibiltzeko gomendatuko nioke», dio Expositok. Liga eta txapelketetan oso giro ona egoten dela diote laurek. Expositori asko gustatzen zaio Espainiako txapelketetara joatea, aspaldi ikusi gabeko lagunak ikusten baititu, eta oso momentu onak pasatzen dituztelako elkarrekin. «Bizkai eta Gipuzkoako lagunekin aurkitzen gara txapelketetan. Nahiz eta elkarrengandik ez oso urrun bizi, urte osoan ez baitugu elkar ikusten». Garbaiok bat egiten du Expositorekin. Harentzat, dardoek eman dioten gauzarik onena hainbat lekutako lagunak egin izana da. «Zoragarria da edonora bidaiatzea, eta, bi dei egin ostean, lagunekin elkartzea». Egun ez dago dardoetako euskal federaziorik. Duela urte batzuk, Kataluniako federaziokoek animatu zuten Unanue horrelako zerbait sortzera, baina ez zuen emaitza handirik lortu. Expositok uste du badagoela zaletasuna federazioa aurrera ateratzeko. «Harreman handia dugu beste herrialdeetako dardozaleekin». Zaletasunaz gain, maila ere badago. Garbaioren ustez, gaur egun Euskal Herrian maila handiko hamar-hamabi jokalari daude.

Federaziorik ez badago ere, dardo taldeetan eta tabernetan entrenatzen jarraituko dute zaleek. Jende guztiarentzat ateak irekita daude, punteria kontua baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.