SORKUNTZA, UMEA ASKE EGITEKO BIDE

Sorkuntzak haurren heziketan izan dezakeen eragina aztergai izan da artista askorentzat. Gure artean, nabarmentzekoak dira Jose Antonio Sistiagak eta Esther Ferrerrek 1960ko hamarkadan martxan jarritako esperientziak. Hitzaldi batek proiektu haiek azaleratu eta aintzat hartu ditu.

Jose Antonio Sistiaga, 1963an Esther Ferrerrekin batera Donostian ireki zuen Ostegunetako Akademian. SISTIAGA ARTXIBOA.
Ander Perez Argote
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Noski, euskal haurrak kezkatzen nau, euskal gutasun helduak kezkatzen nauelako». Jorge Oteizaren hitzak dira, 1977an Garaia aldizkarian argitaratuak, Xabier Letek egindako elkarrizketan. Ez da bereziki kontu berria: urte luzez erakutsi zuen artistak euskal haurraren heziketa artistikoaren gaineko kezka. Hezitzaileak artean hezteaz mintzatu zen, eta esperantzak jarri zituen haurrarengan, euskal esentziaren berreskurapenerako, eta bide batez, euskal heldua salbatzeko bide ezinbesteko gisa. Horretarako, gogotik bultzatu zituen hezkuntza proiektu askotarikoak. Ikerketa Estetikoen Nazioarteko Institutua, Donostian, edo Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Estetika Konparatuen Nazioarteko Institutua, besteak beste, Orioko (Gipuzkoa) artistak sustatutako egitasmoak dira. 1970ko hamarkadaren hondarretan, ordea, proiektu horien guztien porrota aitortu zuen; bakar batek ere ez zuen aurrera egin. «Guztiak egin du huts», esan zuen, eta erantzukizunak banatu zituen han-hemenka, politikari «txotxongiloentzat» batik bat. Aurrerantzean, ikastola esperimentalen aldarriari eutsi zion, baina ez zuen sekula bildu halakorik martxan jartzeko indarrik.

Porrotaren istorioa izanagatik, artista askok hezkuntzarekiko izandako interesaren adibide garbia da Oteizaren ahalegina. Gure artean bada eremu horretan nabarmenki aritu den artistarik: Jose Antonio Sistiaga. Oteiza Museoan da, ekainetik, hari eskainitako erakusketa zabala. Besteren artean, proiektu pedagogikoetan egindako lana da ikusgai. Joanden asteazkenean, hitzaldi batek mahaigaineratu zituen proiektu horiek. Han izan zen Sistiaga bera, Jaione Apalategi pedagogiako doktore eta Gregorio Diez de Ereño museoko zuzendariarekin.

Sistiagari eskainitako erakusketaren albo batean, Oteiza museoan, bada Relieve de Acción pública izeneko instalazioa. Sekula osatu gabea da: euskarrira imanez lotutako kolorezko egur zatiek osatzen dute, eta ikusleak nahieran mugi ditzake piezak. Elkarrekintza horretan osatuz doa obra. 1967an aurkeztu zuen Sistiagak, Donostian, eta gogoan du orduan gertatutakoa: «Konturatu nintzen haurrek ez dutela inolako arazorik obra horrekin jolasteko, baina helduek bai. Hezkuntza arazo baten seinale da hori». Antzera erakutsi zuen Antoine Saint-Exuperyk ere, Printze txikia lan ezagunean: elefante batek irentsitako boaren irudia erakusten die printzeak helduei, baina txano bat baino ez dute ikusten haiek. Bi mundu, beraz, elkarrengandik behar baino urrunago.

Kontraesan horretatik edaten du Sistiagaren hezkuntzarekiko kezkak. Eskola garaian piztu zitzaion, aspaldi, irakasle batek ikaskide bat jo zuenean. Mugarria, ordea, gerora etorri zen, Parisen zelarik. Saint Germain auzotik zebilela ume talde bat ikusi zuen, margotzen, leihoaren bestaldetik. Hara sartu eta Arno Stern topatu zuen. Ordurako ezaguna zen Stern: II: Mundu Gerraren azkenetan jarri zuten umezurtzen zaindari gisa, Suitzan. Hezkuntzan ezjakina zenez, margotzen jarri zituen umeak, zerbaitetan arreta jar zezaten. Eta txundiduraz hartu zuen esperimentuaren arrakasta. Ondorioz, metodologian sakondu eta haurren arte adierazpenaskerako teknikak garatu zituen. Ezaguna egin zen bere metodoa: Academia de jeudi edo ostegunetako akademia jarri zuen martxan Parisen, 1940ko hamarkada bukaeran. Han dihardu oraindik ere.

Sternen ideiek erakarrita, egitasmoa Euskal Herrira ekartzeko asmoan murgildu zen Sistiaga. Esther Ferrerrekin aliatu zen horretarako: Parisko eskolaren izen bera hartuta Ostegunetako Akademia zabaldu zuten Donostiako soto batean, 1963an. Adierazpen Askeko Tailerra ere deitu zioten. Sternek berak bidali zizkion materialak Sistiagari, mahai bat eta kolore paleta bat.

«Artearekin eta hezkuntzarekin lotutako zerbait egin nahi genuen». Pariseko etxetik mintzo da Ferrer. «Uste genuen bazegoela umeekin eskolako erregimenetik kanpo lan egitea, garai hartan ezinezkoa baitzen eskola ofizialean halako zerbait proposatzea». Haurren sormenari bide eman zioten horrela. «Umeak nahi duen hori egin dezala zen metodoaren helburua.Haiek aukeratzen zuten papera, tamaina, kolorea... Eta batek berde iluna erabili nahi bazuen, nik ez nion esaten nahasketa nola egin. Berari zegokion esperimentatzea, lortu arte». Bost urte iraun zuen esperientziak, eta ehunka ume pasatu ziren tailerretik. Atzera begira, hitz ederrak baino ez ditu Ferrerrek: «Oso esperientzia interesgarria izan zen. Umeak liluragarriak dira sormenerako askatasuna uzten zaienean. Ederrak dira topatzen dituzten soluzioak».

Kooperatiba, eskola eginda

Andoni Esparzagizon aurreratua izan zen bere garairako. Elorrioko Funcor kooperatibako gerentea zen. 1958an, Funcor Ikastetxea jarri zuen martxan, lantegiko langileen seme-alabek doan eta euskara hutsean ikas zezaten. Apalategik Sistiagaren erakusketaren harira egindako katalogoan dioenez, «enpresaburuaren gogoan bizi baldintzak hobetzea zegoen, langileei eta haien familiei zegozkienak lehenik, Elorrio herrikoak zetozen gero, eta azkenik euskal egitura sozial eta kultural berri bati laguntza ekarri nahi zion».

Oteizari ikerketa estetikotarako zentroen gaineko obsesioa zebilkion garai hartan. Eta interes berezia piztu zion Esparzaren ekinbideak. Harremanetan jarri zen Elorrioko kooperatibistarekin, eta potentzialtasun handia ikusi zion Funcorreko egitasmoari. Sistiagari proposatu zion erronkaren ardura. Ferrer ere kontratatzea eskatu zuen Sistiagak, eta, baiezkoa eskuetan, hala hasi ziren Sistiaga eta Ferrer, biak berriro ere, Elorrioko esperimentu harekin borrokan. 1963a zen.

Ordurako, Celestin Freinet eta Elise Freineten pedagogia berritzailea miresten zuen Sistiagak. Venceko (Frantzia) eskolan ezagutu zuen bikotea. Eskola berritzailea planteatzen zuten, aktiboa, irekia, eta antikapitalista. Haurraren egitea nabarmentzen zuten, eginez ikasteko. Eta arteak, edo sormenak oro har, garrantzi handia zuen eskola hartan, haurraren askatasunerako bide gisa.

Ferrerrek ere interes handia zuen eskola hartan. Are gehiago, metodoari buruzko ikastaroak eginak zituen Frantzian. Beraz, teknika horiek Elorrioko eskola esperimentalera eramateko saiakera egin zuten biek. Finean, Donostiako akademiaren antzeko metodologia lantzean zetzan ideiak: «Metodologia antzekoa zen, baina kasu honetan, lehen hezkuntza osora zabalduta». Hori zen, hain zuzen ere, berritasun nabariena: haurraren askatasuna bultzatzen zuen metodoak, erabakiak bere gain jarriz, sormenari atea zabaltzeko. Baina metodologia ez zen sorkuntzara lotutako materietara mugatzen, eduki guztietara baizik. «Eskola esperimentala egitea zen helburua —Ferrerrek dioenez—, umeek modu ezberdinean ikas zezaten, ez hain zuzendua, ez hain ideologikoa, askeagoa, finean». «Nik eskolako altzariak diseinatu nituen, haurren neurrira», dio Sistiagak. «Eta hamaika irakasle ere bidali genituen Frantziara, Freineten metodoa ikas zezaten».

Esperientziak, ordea, 1965an egin zuen porrot. Sistiaga, Ferrer eta orduko agintarien arteko talkek amildegira eraman zuten eskola. Ez Sistiagak, ez Ferrerrek ere ez dute ongi gogoan gertatutakoa, baina sumatzen dute zerbait: gela bateko gurutzea aldatu zuenekoaz mintzo da Sistiaga, herriko gazteekin plazan dantza egin zuenekoaz, berriz, Ferrer. Boteredunei, nonbait, ez zitzaienproiektua gustatu. Eta Ferrerrek dioenez,«Frankismo beteko garaiak ziren haiek. Askatasun hitzak beldurra ematen zuen. Eta bere kabuz pentsatzen zuten haurrakarriskutsuak izan zitezkeen».

Sistiaga eta Ferrer gabe ere, halere, aurrera jarraitu zuen urteetan Funcor Ikastetxeak. Eta denboran nabarmendu zen eskola haren hondar askatzailea. Han ikasitakoa da Blanca Lazkano elorriarra. Funcorreko irakaskuntza «berritzailea» du gogoan. Herriari «aberastasuna» ekarri ziola uste du, orduan herritik alde egin beharra baitzegoen batxilerra ikasteko: «Belaunaldi asko han formatu ginen, baita euskaldundu neurri batean ere, eta intelektualki jantzi ginen».

Egungo egoera

50 urte igaro dira Sistiagak eta Ferrerek itxitzat eman zutenetik Elorrioko esperimentua. 50 urte geroago, Oteiza museoan, mahaiaren ertzean eserita dago Jose Antonio Sistiaga. Ondoan ditu Apalategi eta Diez de Ereño. Parean, dozenaka entzule. Iraganekoa entzunda, egungoaz hitz egiteko garaia da.

Apalategik hartu du hitza, eta Sistiagaren eta Ferreren ahaleginen dimentsioa nabarmendu du: «Ekarpen oso garrantzitsuak izan ziren, irakaskuntza askeari ateak ireki zizkiotelako». Dioenez, egungo hezkuntza sistemak «neurri batean» integratu ditu proposamen horiek, «baina ez orokorrean». Itxaropenez mintzo da , «irakasleria profesionalizatu delako, eta halako esperientzien garrantziaz kontziente» delako. Baina, dioenez, oraindik ere «baldintza lazgarrietan» egin behar izaten dute lan.

Bata bestearen atzetik agertu dira ekarpenak, publikotik. Arteari eta sorkuntzari eskainitako edukiei geroz eta ordu gutxiago ematen zaizkiela salatu du batek. Beste batek Apalategiren hitzei segida jarri die: «Egia da sistema badoala metodo berritzaile horiek integratzen, baina aldi berean, pertsonen errepresiorako tresnak findu ditu». Azken esaldi horri heldu dio Sistiagak, konforme: «Sistemak supermerkatuko langileak nahi ditu». Eta gehitu du: «Gure garaian bezala, oraindik oztopoak jartzen zaizkio norberaren aukeratzeko askatasunari. Artistak esperimentatu behar du, bere gain hartu erabakiak hartzeko gaitasuna».

Teknologia berriek haurren sormenari jarri dioten trabaz mintzatu dira gero, eta baita ikasleen «arduragabekeriaz» ere. Diez de Ereñok borobildu du: «Egun, produktibitatearen arabera lantzen da sorkuntza». Eta aurrez Sistiagak botatako hitz batzuei helduz, azken puntua jarri du ikusle batek: «Umeek bezala, lerroak margotzera itzuli beharko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.