Datorren asteko estreinaldiak

Pantaila handiko bideo jokoak

Tomb Raider saileko hirugarren filmak pertsonaiaren gaztarora egin du salto

Aitaren bila abiatuko da Lara Croft pertsonaia, eta bidean hainbat abentura biziko ditu. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Komikietako superheroien mailara ailegatu gabe, azken urteotan asko izan dira bideo jokoetan oinarrituta egin diren pelikulak, eta horietako batzuk sail bihurtu dira: Resident Evil, Max Payne, Street Figther, Hitman: Agent 47, Prince of Persia, Warcraft edota Assassin's Creed dira film horietako batzuk.

Nolanahi ere, bideo jokoen eta zinemaren arteko uztarketan ezin aipatu gabe utzi Tomb Raider. Lara Croft pertsonaiak kontsolako pantailatik zinema aretoetako pantaila handira salto egin zuen 2001. urtean, Paramount Pictures ekoiztetxe handiaren eskutik. Izen bereko bideo jokoan oinarritutako film bat egiteko mandatua eman zioten Simon Westi, eta haren gidoiaren gainean sortu zen Lara Croft: Tomb Raider. Angelina Jolie aktore ezaguna aukeratu zuten Lara Croftena egiteko.

Oro har, filmak kritika nahiko txarrak jaso zituen, baina negozio hutsaren ikuspegitik ez omen zen batere gaizki joan. 94 milioi dolar (76 milioi euro) kostatu zen, eta ia 300 milioi (243 milioi euro) bildu zituen mundu osoan. Horiek horrela, istorioaren kalitatearen inguruko kritikei entzungor egin eta bigarrena prestatzeari ekin zioten.

Bi urte geroago ailegatu zen pantailetara Lara Croft Tomb Raider: The Cradle of Life pelikula. Saileko bigarrenean,Lara Croft urpeko tenplu baten bila abiatu zen, gaizkile txinatar batzuengandik ihes egiten saiatu bitartean. Beste zuzendari bat zuen bigarren film horrek,Jan de Bont, baina kalitateak ez zuen oso gora egin. Nolanahi ere, lehendabizikoa baino maila txikiagoan izan arren, Tomb Raider frankiziak negozio izaten segitu zuen.

Protagonista berria

Urte batzuk pasatu ziren Lara Croften berririk izan gabe, harik eta 2009an Warner etxeak pelikula berri bat iragarri zuen arte. Nonbait, Angelina Joliek ez zuen segitu nahi, eta beste aktore batek egingo zuen Lara Croften rola. Rhona Mitra edo Megan Foxen izenak aipatu ziren orduan, baina azkenean proiektuak ez zuen aurrera egin; Tomb Raiderren bidea hor amaitu zela ematen zuen.

Ez da hala izan, eta 2018an Warner hirugarrenarekin ausartu da. Berez film berria ez da aurrekoen segida, reboot bat baizik; ondorioz, Lara Croft gazteago bat aurkezten du filmak, 21 urtekoa.

Reboot horri esker, ekoizleek traumarik gabe aldatu ahal izan dute aktorea. Asko izan ziren Lara Croften rolerako aipatu ziren izenak —Jennifer Lawrence, Emma Watson, Rosario Dawson, Anne Hathaway...—, baina Alicia Vindaker izan da azkenean Angelina Jolieren ordezkaria. Zuzendari berria ere badu sailak: Roar Uthaug ezezagunak zuzendu du hirugarren hau.

Londresen bizi da Lara Croft; mezulari lanak egiten ditu, eta ozta-ozta izaten du errenta pagatzeko adina. Hala ere, ez du aitaren enpresekin zerikusirik nahi. Egun batean, ordea, aitaren bila joatea erabakiko du, eta bilaketa horrek Japoniako kostalderaino eramanen du.

'TOMB RAIDER'

Zuzendaria. Roar Uthaug.

Aktoreak. Alicia Vikander, Daniel Wu, Dominic West, Walton Goggins, Kristin Scott Thomas, Alexandre Willaume.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 122 minutu.

Generoa. Abenturazkoa. Akzioa. Bideo jokoak.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.