Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Denzel Washington, guztiz itxuraldatua

Aktore beteranoa protagonista da Dan Gilroy zuzendariaren 'Roman J. Israel, Esq.' pelikulan
Denzel Washington aktorearen lana goraipatu dute kritikariek, eta Oscarretarako izendapena jaso du.
Denzel Washington aktorearen lana goraipatu dute kritikariek, eta Oscarretarako izendapena jaso du. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2018ko apirilak 28

Orain dela lau urte, zinema areto gutxi batzuetan oso oharkabean pasatu zen pelikula bikain bat estreinatu zen, Nightcrawler. Jake Gyllenhaal zen istorio horretako protagonista, Los Angelesen (AEB) gertatzen ziren hilketa ugarien argazkiak egiten zituen kazetariaren rolean.

Nightcrawler Dan Gilroy gidoilariak zuzendu zuen lehen lana izan zen, eta erakutsi zuen ongi ikasia zuela urteetan zinemagintzan metatutako esperientzia. Izan ere, pelikula ugariren gidoiak idatzi zituen beste batzuentzat, gehienak akziozkoak, eta, bere garaia iritsia zela erabakita, estreinako harrigarria eskaini zuen.

Orain, berriro bueltan da Gilroy, Roman J. Israel, Esq. pelikula judizialarekin. Eta berriro ere Los Angeles hiria egin du protagonista, baina ez postaletakoa, baizik eta, Nightcrawler-en gertatzen zen bezala, ilunpetan dagoen hori, apenas ezagutzen dena. Hain zuzen ere, Skid Row auzoko epaitegiak bihurtu ditu pelikulako protagonista nagusiak.

Bertan mugitzen da idealez beteriko abokatu beterano bat. 1970eko hamarkada da, eta afro-amerikarren eskubideen aldeko borroka pil-pilean da. Horretan dago engaiatuta protagonista, baina egun batetik bestera lehentasunak aldatuko zaizkio. Haren maisua izan dena hilko da, eta enpresa handi batean hasi beharko du lanean. Bertan ezagutuko duena oso errealitate desberdina da, eta bere idealak non jarri erabaki beharko du.

Akzioa eta konpromisoa

Denzel Washington aktore ezagunak jokatu du Roman Israel J., Esq.-eko rol protagonista, eta, ohi duen bezala, egindako lana txukuna baino txukunagoa izan da. Horren lekuko da aktoreak aurtengo Oscarretarako gizonezko aktore onenaren sarirako izan duen izendapena, pelikulak izan duen bakarra.

Washingtonen ibilbide luzeari erreparatuta, bi multzo nagusitan sailkatzen ahal dira hark egin dituen pelikuletako gehienak. Batetik, arrakasta komertziala helburu duten akzio pelikulak leudeke. Horien artean, The Pelican Brief, Crimson Tide, The Siege, The Bone Collector etaThe Taking of Pelham 1, 2, 3, besteak beste.

Horiekin batera, aldez edo moldez eskubide zibilen aldeko borroka eta bere herriko arrazakeria eta bazterkeria pantailara ekarri duten pelikula garrantzitsu askotan hartu du parte Washingtonek. Esate baterako, Spike Lee zuzendari konprometituarekin behin baino gehiagotan egin izan du lan, besteak beste Malcolm X biografia luzean.

Baina aktorearen lan konprometituen zerrenda ez da mugatzen Leerekin izan duen elkarlanera; hor dira, besteak beste, Norman Jewinsonen The Hurricane, eta baita Fences ere, aktoreak berak duela bi urte egin zuen filma.

'ROMAN J. ISRAEL, ESQ.'

Zuzendaria. Dan Gilroy.

Aktoreak. Denzel Washington, Cloin Farrel, Carmen Ejogo, Selley Hennig, Nazneen Contractor.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2017.

Iraupena. 129 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...