Datorren asteko estreinaldiak

Superheroiz jantzitako antiheroia

Lehenengo pelikularen arrakastaren ondotik, Deadpoolen bigarrenarekin atala egin dute

Zuzendariz aldatu dute oraingoan, David Leitchek zuzendu du bigarren filma. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Marvel etxearen unibertso agorrezinaren barruan, dudarik gabe, Wade Winston Wilson da pertsonaiarik ganberroena. Deadpool izenpean ezagutzen da, eta superheroiei eman ohi zaizkien bertuteak ez ditu harentzat gorde; mertzenarioa, zirtolaria eta mingain luzekoa, zuzentasun politikoa ez dago harentzat egina.

Rob Liefeld marrazkilariak eta Fabian Nicieza idazlearen eskutik, 1991. urtean agertu zen pertsonaia lehen aldiz, Marvelen The New Mutants komikian. Poliki-poliki gero eta jarraitzaile gehiago bildu, eta 2016an zinemarako jauzia egin zuen. Nolanahi ere, 2004tik abiatua zen pantaila handirako proiektua.

Tim Miller zuzendariak izan zuen zinemarako egokitzapenaren ardura, eta Ryan Reynoldsek egin zuen Wade Wilsonena. Harekin batera, Morena Baccarinek, Ed Skreinek eta T.J. Millerek ere hartu zuten parte lehenengo Deadpool horretan.

Hainbat sekuentziarengatik eta pertsonaiek erabiltzen zuten hizkeragatik, filmak R sailkapena jaso zuen AEBetan, helduentzako pelikula dela adierazten duena. Normalean hori traba handia izaten da film baten ibilbide komertzialerako, baina Deadpool-ekin ez zen halakorik gertatu, eta pelikulak arrakasta handia lortu zuen, AEBetan zein estreinatu zen gainerako herrietan. Arrakasta komertzialaz gain, oso kritika onak izan zituen Tim Millerrek zuzendutako filma.

Horiek ikusita, Marvelek, bere tradizioari eutsi, eta sail zinematografiko luze baterako makineria prestatu zuen. Horren ondorioa da oraingoan ailegatu den bigarren filma, Deadpool 2. Honako honek ez du erraza izanen aurrekoaren arrakasta berdintzea, baina piztu duen ikusmina ikaragarria da; trailerrak Interneten izan duen ikustaldi kopuruari erreparatzea besterik ez dago. Aldaketa inportante batekin dator Deadpool 2. Hasieran, Tim Millerrek ekin zion berriro proiektuari, baina filmaketaren erdian pelikulan lan egiteri utzi zion.

Nonbait, Millerren eta Ryan Reynolds aktore nagusiaren artean desadostasun handiak sortu ziren bigarren filmari eman beharreko tonuaz. Zuzendariak film dotoreago nahi omen zuen, eta aktoreak, berriz, lehenengo pelikularen tonu zakar eta ganberroari eutsi nahi zion. Azkenean, Reynolds atera zen garaile, eta zuzendari aldaketa etorri zen. John Wick pelikularekin ezagun egin den David Leitchek hartu zuen zuzendari aulkia.

Gainerakoan, bigarren Deadpool-en Josh Brolin fitxatu izanada beste nobedade handia. Aktoreak Cable-rena egin du, Deadpoolen aurkari ankerra. Luzerako omen doa bi pertsonaia horien arteko gerra, Brolinek berak aurreratu baitu rol berean beste hiru film egitea aurreikusia dutela.

'DEADPOOL 2'

Zuzendaria. David Leitch.

Aktoreak. Ryan Reynolds, Zazie Beetz, Josh Brolin, Morena Baccarin, T. J. Miller.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 111 minutu.

Generoa. Fantasiazkoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.