Sanferminak Iruñean. Vicent Egea. La Pamplonesa musika bandako zuzendaria

«50.000 bestazaleren inguruan jotzeak izugarri emozionatzen nau»

Urtero gisa, La Pamplonesa musika bandak uztailaren 6an Iruñeko karriketara aterako ditu instrumentuak, bederatzi egunez. Vicent Egeak urteak daramatza banda zuzentzen.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
La Pamplonesa udal banda gidatzen hamalau urte daramatza. Alacantetik datorren arren, Iruñeko bandaren erritmoa bihotzean darama. Aurtengo sanferminetan ere, Vicent Egeak (1961, Cocentaina) banda mitikoa zuzenduko du, edo, dioen bezala, entseguetan landuriko piezen lekuko izanen da.

Nolakoa izan da orain arte La Pamplonesa bandan egindako lana?

Harro nago plano artistikoan egin dugun lanaz. Bandako musikari kopurua handitu dugu, sartu berri direnen exigentzia mailarekin kontent gaude, kontzertu ugari eman ditugu... Kontzertu batzuk ezohikoak izan dira, Gaiarre antzokikoa, adibidez. Beste batzuk, betiko tokietan eskaini ditugu.

Nola bizi ditu sanferminak La Pamplonesa bandak?

Iruñearekin daukagun saihestu ezineko hitzordua da. Jende guztia gure zain dago, festaren irudiaren soinua gara. Ez dugu hutsik egiten, urtero egoten gara sanferminetan, lehen momentutik bukaera arte. Iruñeko Konpartsarekin aritzen gara batez ere.

Zein da, zuretzat, sanferminetako momenturik gogokoena?

Musikalki, prozesioa. Han pieza artistikoagoak aurkezten ditugu, eta gainera, publikoak aktiboki aditzen gaitu, arreta handiz. Oso momentu berezia da guretzat, han dauden pertsonak gure musikarekin emozionatzen baitira.

Txupinazoa eta gero, egitarauko ekitaldietako lehenbizikoak zarete.

Esango nuke suziria bota baino lehenago hasten garela. Minutu batzuk lehenago, udaletxe barnean aritzen gara, baina jendeak hori ez daki, ateak itxita egon ohi direlako. Txupinazoa ikaragarria da. Festarako gogoz beteta dauden 50.000 pertsonaz inguratuta gaude, eta horrek izugarri emozionatzen nau. Txupinazo ondorengo ekitaldian segurtasunaz inguraturik gaudenez, ez da arazorik izaten.

Zaila al da uztailaren 6an Udaletxe plazako ekitaldia zuzentzea?

Zuzentzea eta bandarekin ekitaldi batean egotea gauza ezberdinak dira. Zuzendaritza lana entseguetan eta kontzertuetan dago. Kalean, ezinezkoa da soinua manipulatzea. Txupinazo geroko ekitaldia, beraz, ez dut zuzenduko; haren lekuko izango naiz.

Ekitaldi gehiagora zoazte, Riau-riaura kasu. Zergatik jarraitzen duzue joaten programa ofizialean ez dagoen ekitaldi batera?

Deitzen gaituztelako joaten gara. Aurreko urteetan ere deitu gaituztenez, ez diogu joateari utzi,egitarau ofizialetik at egon arren.

Nola portatzen da jendea zuekin?

Hainbeste jenderen artean egon arren, ez da aparteko arazorik egon festazaleekin orain arte. Jendeak, oro har, errespetatzen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.