Albistea entzun

Sanferminak Iruñean. Txema Esteban. Peñen pankartetako marrazkilaria

«Ahotsik ez dutenei bozgorailua paratzeko erabiltzen ditut marrazkiak»

Aurten zazpi peñatako marrazkiek daramate haren sinadura, eta zortzigarren bat ere margotu behar izan du. Txema Estebanek dio «pribilegiatua» dela, nahi duen kritika egin baitezake.
IKER TUBIA

Iker Tubia -

2011ko uztailak 8 - Iruñea

Marrazkilaria da Txema Esteban (Iruñea, 1973), eta peñen pankartak margotzea da haren lanetariko bat. Lan luzea da, urtarrilean hasten baita. Aurten zortzi peña margotu ditu, beraz, lan handia izan du. Dioenez, peñak margotzeak «asko gogobetetzen» du. Unerik latzenak 1993an eta 2009an bizi zituen. Lehenean, Espainiako erregearen aurkako irainengatik salatu zuten; bigarrenean, presoen aldeko marrazki bategatik.

Aurten zazpi peñek aukeratu zaituzte haien kritikak zabaltzeko. Ohorea izanen da.

Zazpi pankarta marraztu ditut, eta Irrintzikoa azkenean ere margotu dut, arazotxo bat izan dutelako. Hogei urtetik gora daramat pankartak margotzen, eta gogobetetzen nau. Saria gutxienekoa da, garrantzitsuena egindako lana eta aitortza dira. Egia esan, nire lanean murgildurik ibili naiz, lepo, pankartak ez ezik Gora Iruñearen kartela ere egin baitut. Baina hori da nire lana. Orain paratu ditut oinak lurrean, eta kalera ateratzeko aukera izan dut.

Lan horrek denbora luzea behar du, noiz ekiten diozu?

Eguberrien ondotik hasten naiz. Jendea ez da konturatzen zenbaterako lana den. Nik gertatzen den guzia apuntatzen dut, baina albisteak etorri bezala joaten dira. Oso entzutetsua behar du izan berri batek jendea horretaz oroitzeko. Horregatik ez naiz hasten sanferminak akitu eta segidan, marrazkiak gaurkotasuna gal dezakeelako. Jendea hilabete edo bi hilabete atzera gertatutakoaz oroitzen da batik bat.

Zer sentitzen duzu zure sinadura daramaten hainbeste pankarta karrikan dantzan ikusten dituzularik?

Musika aditu bezain pronto lepoa luzatzen dut, sanferminetan nire pankarten bila ibiltzen bainaiz. Kontuan izan behar da pankarta bat zer den: gizartearen parte batek utzi didan gune zuri bat da, eta nahi dudana adieraz dezaket han.Urte osoan pentsaezina den zerbait da. Pribilegiatua naiz.

Nondik sortzen zaizkizu marrazki satirikoak egiteko ideiak? Zaila da?

Nik uste dut errealitatea ezberdin ikusten dudala; jendearekin mintzatzen naizelarik antzematen dut hori. Jendeak ikusten ez dituen gauzak ikusten ditut.

Yolanda Barcina da zure pankartetako izarra. Marrazten erraza da, edo zerk bultzatu zaitu hainbestetan marraztera?

Zuzenketatxo bat eginen nuke: ez da nire izarra, gurea baizik. Kontuan izan behar dugu zer-nolako pertsonaia dugun Nafarroan; ikusgarria da. Azken 30 urte hauetan inor ez da ailegatu haren mailara. Barcinak lortu du, adibidez, gaztetxe mugimendua akitzea, baita beste gauza anitz ere. Pentsa, Miguel Sanz ere akitu du. Tirano handia izan da.

Iruñerrian izen oso ezagun bat bada: Martin Balda. 147 pankarta sinatu zituen, eta bestak iragartzeko kartelak ere egin zituen. Haren bideari jarraitu nahiko zenioke?

Bakoitzak bere etapa du. Hura mundu burgesetik dator, eta ni langileriatik. Nire ikuspuntua hagitz ezberdina da. Baldaren asmoa ez dakit zein zen, baina nik ahotsik ez dutenei bozgorailua paratzeko erabiltzen ditut peñak. Niretzako pasioa da lan hau.

Heldu den urtean pankartak marrazteko asmoz zabiltza?

Batzuek nahi ez badute, bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.