Sanferminak Iruñean. Peio Hernandez. Sanferminetako argazkilaria

«Entzierroan argazki on bat ateratzeko, zoritxarren batek gertatu behar du»

Zezenak biziki gustuko ditu; hortik, entzierroa erretratatzeko gogoa. Afizioa ofizio bihurtu zuen aspaldi, eta urteak daramatza argazkilariendako paradisua diren besten lekuko izaten.

JOSEBA OIZ.
Iruñea
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Peio Hernandez (Iruñea, 1958) 1980tik dabil Iruñeko sanferminen begia izaten. Sanferminei buruzko lehiaketa ugari irabazi ditu, eta ez da argazkiak ateratzeaz nekatzen. Erretratuak sinatzean, bere abizenaren lehenengo hizkiarekin idaztea gustatzen zaio, H, gaztetako oroigarri gisa.

Argazkilari batendako, sanferminak paradisua dira?

Kanpotik etorritako argazkilarientzat, batez ere. Lehen, argazkiak nonahi eta noiznahi ateratzen nituen. Orain, argazkia atera aurretik badakit zeinek balioko duen, eta zeinek ez. Argazki asko atera daitezke, gaur egun; lehengo zuri-beltzeko kamerekin ezberdina zen. Misterio gehiago zegoen, errebelatu arte ez zenekielako zein argazki zeneukan. Orain, momentuan argazkiak ikusi eta ezabatzen ditugu. Kanpotarrek berria den orori argazkia ateratzen diote, baina urte asko gauza bera erretratatzen duzunean, argazki gutxiago egiten dira. Eguneroko lana bilakatzen da.

Lehiarik ba al dago argazkilarien artean?

Ez dut uste. Guztiok ezagutzen dugu elkar. Argazkilarien artean errespetua dago. Mercadereskobihurgunean, adibidez, zenbakiak banatzen dituzte arraindegian bezala, bakoitzak bere tokia har dezan.

Entzierroa da zuretzat argazkiak ateratzeko momentu kutuna?

Entzierroa gehien saltzen dena da. Hala ere, oso zaila da entzierroko argazki on bat ateratzea. Argazkia ona izateko, zoritxarren batek gertatu behar du; adarkadaren bat, erorketaren bat, Kaleko giroa erretratatzea da ederrena. Bermutaren ordua, musikariak kalera jotzera ateratzen direnean; kiliki eta erraldoien momentua, familiarekin zoazenean; peñak zezen plazatik ateratzeko momentua; gaua... Kalearen bat-batekotasuna gordetzea da niretzat ederrena.

Urteak daramazu entzierroa erretratatzen. Momentu berezirik gogoratzen al duzu?

Azkeneko mutikoa hil zen unea ongi gogoratzen dut. Ez nuen adarkada harrapatu, baina ondorengoa, bai. Mutilaren ondora hurbildu nintzen argazkiak ateratzera, Gurutze Gorrikoek handik bidali ninduten arte. Argazki horiek 32 egunkari baino gehiagotan agertu ziren. Heriotza gogorra izan zen. Roldanek, garaiko gobernadoreak, mehatxatu ninduenekoa ere memorian daukat. Haren gustukoak ez ziren argazkiak sanferminetan egin nituelako mehatxatu ninduen.

Zer da sekula erretratatuko ez zenukeena sanferminetan?

Emakumeak gehiegikeriaz erabiltzen dituzten argazki matxistak ez nituzke aterako. Aurtengo txupinazoko argazki batean, adibidez, neska baten bular biluziak gizon batek hartzen ikusten zen. Hori ez nuke inoiz erretratatuko. Eta ez nuke pertsona baten festa-giroa ere zapuztuko, argazkiak ateratzeko. Hori, noizbait, egin izan dut. Riau-riaua bertan behera gelditu zenean, Algara peñako kide batzuk kalean zeudela, Jose Cruz Perez Lapazaran, garaiko Juan Cruz Alliren kontseilaria zena ikusi, eta elkarrekin argazkia ateratzeko eskatu zidaten. Ez nekien Lapazaran nor zen, eta kontseilaria moztuta gelditu zen. Argazkia ez zen inon argitaratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.