Sanferminak Iruñean. Aritz Ibañez. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kidea

«Erraldoiak ikur bat dira; iruindar zaharrenak ere ezagutzen ditu»

Haurren ilusioak elikatzen dituzte Iruñeko erraldoiek, eta nagusiak ere gogotsu doaz haien dantzak ikustera. Zortzi erraldoietako baten urratsen ardura Aritz Ibañezek dauka.

IKER TUBIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Asiako Erreginaren gona azpia ongi ezagutzen du Aritz Ibañezek (Iruñea, 1979). Zazpi urte daramatza Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan, eta horietatik seitan dantzarazi du laugarren erraldoia. Sanferminetan goizero ateratzen da konpartsarekin batera, eta nekea ezin ezkuta dezakete bertako kideek. Hala ere, lana «gustura» egiten duela aitortu du, eta jakina da gogotsu egindako lana ez dela sobera nekeza izaten.

Zenbat urte daramazu erraldoia dantzatzen?

2005. urtean sartu nintzen, baina urte horretan belauna hautsi nuen. Beraz, entseguetara joateko aukera izan nuen, baina sanferminetan ezin izan nuen dantzatu.

Dena den, lehenagotik etorriko zen zure afizioa, ezta?

Nire osaba gaiteroa zen. Egunero jotzen zuen Asiako Erreginaren atzetik. Dantzan hasi aurretik, hiruzpalau urtez ibili nintzen txistua jotzen Amerikar Erreginarekin, baina ez nuen egunero jotzen. Txistua utzi eta erraldoia dantzatzen hasi nintzen gero.

Zeintzuek osatzen duzue konpartsa?

Kilikiek, buruhandiek, zaldikoek eta erraldoiek. Lehenbizikoekin bina lagun ibiltzen dira, goiz erdiko txandetan. Erraldoiekin, berriz, hiru lagun gaude goiz osoan. Orotara, gaiteroak eta txistulariak kontuan hartuta, ehun lagun inguru biltzen gara egunero.

Dantzari trebeak dira erraldoiak; haien barnean dabiltzanek dantzariak izan behar dute?

Nik uste erraldoiak dantzatzen dituzten guziak dantzariak direla; behintzat, erraldoi dantzariak. Baina egia da trebezia behar dela. Bals pausoa egiten jakin behar da, hori baita, batez ere, dantzatzen duguna. Dena den, nik uste konpartsako kide gehienak ez direla dantza taldeetako kide izan.

Erraldoiek bueltak ematen pasatzen dute eguna. Hori kontuan izanik, bestondoarekin etortzea ez dirudi sobera komenigarria.

Denetarik dago. Noski, hobe da fresko etortzea, baina egun batzuetan gaua luzatu egiten da. Orduan zorabiatuago amaitzen duzu, zangoek ez dizute ongi segitzen, baina, tira, eramangarria egiten da, betiere siesta egiteko denbora baduzu. Hala ere, egunero ezin zara parrandan eta erraldoiak dantzatzen ibili, hori oso nekagarria da.

151 urte igarota, erraldoiak ez dira modaz pasatu. Sanferminetan ezinbesteko dira?

Bai, sanferminetako ikur bat dira. Iruñeko pertsonarik zaharrenak ere ezagutzen ditu. Nik uste haieak ikustean jendeari haurtzaroko oroitzapenak datozkiola gogora. Horregatik dira hain maiteak. Erraldoirik gabeko sanferminak ez lirateke berdinak izanen. Jendetza dator; beraz, ezinbesteko dira.

Egunero ikus daitezke erraldoiak Iruñeko kaleetan dantzan. Zuek ere egunero atera behar duzue?

Egunero joateko konpromisoa eskatzen zaigu, baina denek ezin dute. Beraz, egunero joateko aukera dugunoklehentasuna dugu.

Besta egunek aurrera egin ahala, nekea metatuz doa. Sanferminak akitzeko gogoz zaude dagoeneko?

Bai eta ez. Lehen egunetan erritmoa hartu gabe gabiltza, beraz, egunik onenak erdikoak dira. Azken egunetan, bukatzeko gogoarekin egon ohi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.