Datorren asteko estreinaldiak

Gobernuaren eta hedabideen arteko gerra amaiezina

Gaur egun AEBek duten egoeraz kezkatuta, Spielbergek 1970eko hamarkadara jo du

Aktore beteranoak bildu ditu Spielbergek filmerako; tartean dago Meryl Streep. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bueltan da Steven Spielberg. Egia esan, inoiz ez da joan, beti hortxe aritu baita, zuzendari edo ekoizle lanetan. Kontua da iaz ez zela haren pelikularik estreinatu—2015eko The BFG izan zen azkena, eta ez zitzaion oso ongi joan—.

Nolanahi ere, zinemagile ezaguna ez da alferkerian ibili, eta hainbat pelikula prestatzen aritu da aldi berean. Batera edo bestera, bost omen ditu esku artean —tartean Indiana Jonesen bosgarrena izanen dena—; haiek hurrengo hilabeteotan ailegatuko zaizkigu, mailakatuta.

Bitartean, azkar samar egin omen du The Post hau. Nonbait, film hau egitea ez zegoen Spielbergen aurreikuspenen artean, baina esan du bere herriaren egoera politiko larriak bultzatu duela. Ez dago esan beharrik zuzendaria Donald Trumpen aurkakoa dela erabat, eta, haren hautaketan hedabideen inguruan gertatutakoak gertatu eta gero, erabaki zuen egungo egoerarekin zerikusi zuzena duen gai bati heltzea.

Filmera ekarri duen gaia 1971. urtekoa da. Orduan, Richard Nixon zen AEBetako presidentea, eta The New York Times egunkariak gobernuaren jardueraren inguruko agiri batzuk argitaratu zituen. Haien arabera, presidenteak gezur larriak esan zizkien herritarrei, Vietnamgo gerraren inguruan. Hori ikusirik, AEBetako Gobernuak egunkariaren kontra jo zuen, eta The New York Times-ek horren inguruko informazioa kaleratzeari utzi zion.

Lantalde ezaguna

Gobernuaren eta hedabideen arteko gerra ez zen hor gelditu; The Washington Post-eko zuzendariak, Ben Bradleek, eta editoreak, Katharine Grahamek, gaiarekin segitzea erabaki zuten, eta agiri gehiago eman zituzten argitara.

Azkar-azkar egin du Steven Spielbergek The Post. Horretarako, oso ongi ezagutzen duen aktore batengana jo zuen, Tom Hanksengana. Bosgarren aldia da Hanksek eta Spielbergek elkarrekin lan egiten dutela; 1998ko Saving Private Ryan-ekin hasi zen bien arteko elkarlana, eta 2015ekoa dute azken pelikula, Bridge of Spies.

Era berean, zinemagileak aspaldian berarekin lan egiten duten teknikariekin egin du The Post pelikula. Haien artean, Janusz Kaminski argazki zuzendari ezaguna dago, azken hamarkadotan Spielbergen film gehienetan lan egin duena: Minority Report, The Terminal, War of the Worlds, Saving Private Ryan...

Hanksekin batera, Meryl Streep da filmeko beste protagonista nagusia. Aktore beteranoak, ordea, lehen aldiz egin du lan Spielbergekin. Streep ez dago bere garairik gozoenean; izan ere, Hollywoodeko askok Weinstein auzian isilik egon izana salatu dute. Aktorea ekoizlearen aginduetara lan egindakoa da behin baino gehiagotan, baina afera argitara atera zenean isilik geratu diren bakarretakoa izan da.

AEBetan jada estreinatu da The Post, eta, oso kritika onak jasotzeaz gain, hurrengo hilabeteko Oscar sarietarako hautagai nagusietakotzat jotzen dute herrialde horretan.

'THE POST'

Zuzendaria. Steven Spielberg.

Aktoreak.Toms Hanks, Meryl Streep, Sarah Paulson, Jesse Plemons, Bob Odenkirk.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2017.

Iraupena. 116 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.