Datorren asteko estreinaldiak

Iragarritako erretiro baten kronika

Paul Thomas Andersonen 'Phantom Thread' da Daniel Day-Lewisek eginen duen azken pelikula. Modaren munduan girotu dute filma. Balentziaga jostunaren bizitzan oinarrituta dago protagonista nagusiaren rola

Reynolds Woodcock jostunaren lekuan jarri da Daniel Day-Lewis aktorea Phantom Thread filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Iazko udaberrian albiste batek astindu zuen zinemaren mundua: Daniel Day-Lewis aktoreak iragarri zuen filmak egiteari utziko ziola. Paul Thomas Anderson zuzendariarekin egiten ari zen Phantom Thread izanen zuen azken filma.

Astindua, bai, baina ezin esan sorpresa erabatekoa izan zenik. Batetik, aktoreak oso ongi neurtu du betidanik bere lan erritmoa. Pelikula gutxitan hartu ohi du parte, eta tentu handiz aukeratzen ditu. Haren alde, esan beharra dago erabat murgiltzen dela aukeratzen dituen roletan, eta goi mailako interpretazioak eskaini ohi dituela.

Bestetik, joan den mendeko 90eko hamarkadan erretiro moduko bat hartu zuen Day-Lewisek. Izan ere, Jim Sheridanen The Boxer pelikulan lan egin ondoren, bost urtez egon zen beste rolik interpretatu gabe. Aktoreak zapatagin ospetsu batengana jo zuen, eta ofizioaren nondik norakoak ikasten ibili zen harekin. Martin Scorsese zinemagileak amaiarazi zuen haren erretiroa, Gangs of New York pelikulan lan egin zezan lortu baitzuen.

Laburra izanagatik, ez da nolanahikoa Daniel Day-Lewisek zinema munduan ondu duen ibilbidea. Stephen Frearsen My Beautiful Laundrette-rekin eman zuen bere burua ezagutzera, 1985. urtean, eta, horren ostean, film bilduma aparta kateatu du: My Left Foot (Jim Sheridan, 1989), The Last of the Mohicans (Michael Mann, 1992), The Age of the Inocence (Martin Scorsese, 1993), In the Name of the Father (Jim Sheridan, 1993)...

90eko hamarkadaren amaieran atseden hartu, eta, hortik aurrera, bakanagoak izan dira Day-Lewisen interpretazioekin gozatzeko aukerak. Hori bai, milurteko berrian aktore onenaren bi Oscar sari eskuratu zituen: There Will Be Blood (Paul Thomas Anderson, 2007) eta Lincoln (Steven Spielberg, 2012). Aurretik, beste bat irabazia zuen My Left Foot filman egindako lanarengatik.

Balentziagaoinarri hartuta

Phantom Thread filma da Daniel Day-Lewisek eta Paul Thomas Anderdsonek elkarrekin lan egin duten bigarren aldia;There Will Be Blood izan zen lehena. Aktoreak lanean zorrotz fama du, eta zuzendaria ere ez da makala. Proiektuak tentu handiz aukeratzen ditu, eta bere modura eraikitzen ditu pelikulak, itxuraz arrakasta komertzialari askorik erreparatu gabe. Horrexegatik, Thomas Anderson Hollywoodeko zinemagilerik errespetatuena da gaur egun.

Phantom Thread modaren munduan dago girotuta, 50eko hamarkadako Londresen. Han, Reynolds Woodcock eta haren arreba Cyril dira diseinatzailerik garrantzitsuenak. Halako batean, Reynolds Woodcockek Alma ezagutuko du: maitale eta musa bihurtuko da, eta kontrolpean zuen bizimodua hankaz gora jarriko zaio.

Reynolds Woodcocken rola Cristobal Balentziaga euskal jostun eta moda diseinatzailearen bizitzan oinarrituta dago, nonbait.

'PHANTOM THREAD'

Zuzendaria. Paul Thomas Anderson.

Aktoreak. Daniel Day-Lewis,Lesley Manville, Vicky Krieps,Richard Graham, Bern Collaco.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2017.

Iraupena. 130 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.