Aurtengo Oscar sarietarako hautagai nagusia da Guillermo del Tororen azken filma, hamahiru hautagaitza bildu baititu. Sari nagusiak daude tartean: film onenarena eta zuzendari onenarena. Hortaz, zinemagile mexikarrak paregabeko aukera du Hollywooden erabateko onespena lortzeko.
Del Tororen onespena ez da egun batetik bestera lortua, urte luzeetan lan handia egin baitu gaur egun industriaren barruan duen estatusa lortzeko. Izan ere, Hollywoodeko parametroen arabera, Del Toro oso periferiatik datorren zinemagile bat da: lehenik eta behin, ez delako estatubatuarra. Nahiz eta globalizazioaren aroan hori ez den ezinbestekoa, kontuan hartzeko moduko ezaugarri bat da betiere.
Bestetik, generoei dagokienez ere bazterbideetan ibilitako zuzendari bat da. Genero fantastikoa eta beldurrezkoa landu izan ditu gehienbat; genero horietan bilakatu zen ezagun, Cronos filmarekin. Gerora, haren egiteko modua zertxobait leundu bada ere, haren filmografiak argi utzi du izaki bitxiekin liluratuta dagoela: El laberinto del fauno, Pacific Rim...
Nolanahi ere, Hollywoodeko ateak komiki baten moldaketa batekin zabaldu zitzaizkion: Mike Mignolaren Hellboy eraman zuen pantaila handira 2004an, eta film horren harrera onak aukera eman zion munta handiagoko proiektuei ekiteko. Nolanahi ere, proiektu horiek ez dute beti horren harrera ona izan, eta, esate baterako, 2015eko Crimson Peak-ekin nolabaiteko porrota izan zuen.
Esperimentua
Aurreko filmak izan zuen oihartzun eskasa gorabehera, zuzendariak ez zuen etsi, eta The Shape of the Water filma egiteari ekin zion iaz, Vanessa Taylorekin idatzitako gidoi baten gainean. 2011n bururatu zitzaion filmerako ideia nagusia, eta beste proiektu batzuk egin bitartean hasi zen abiapuntu hori garatzen.
1963. urtean gaude, eta Gerra Hotza gori-gorian dago. Testuinguru horretan, AEBetako Gobernua hainbat esperimentu militar egiten ari da isilpean. Elisak esperimentu horietako baten laborategian egiten du lan. Mutua eta bakartia da. Bulegoan egiten duen lanak ez du zerikusirik esperimentu militarrekin, baina egun batean sekretu handi bat aurkituko du Zeldak, lankidearekin batera: han ezkutatzen duten gazte anfibio bat. Harreman berezi bat hasiko da bi pertsonaien artean.
Sally Hawkinsek Oscarretarako izendapena lortu du, Elisaren rola egiteagatik. Bestetik, Doug Jonesek egin du gazte anfibioarena; zazpigarren aldia da aktore horrek eta zuzendariak elkarrekin lan egiten dutela.
The Shape of the Water Veneziako zinemaldian aurkeztu zuten, eta han Urrezko Lehoia irabazi zuen filmak. Horren ostean, filmak sari eta izendapen ugari pilatu ditu; orain, ikusteko dago martxoaren 4ko gaua Guillermo del Tororen gau handia izango ote den.
'THE SHAPE OF THE WATER'
Zuzendaria. Guillermo del Toro.
Aktoreak. Sally Hawkins, Doug Jones, Michael Shannon, Octavia Spencer, Richard Jenkins.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2017.
Iraupena. 119 minutu.
Generoa. Fantasiazkoa.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Alfonbra gorria fantasiazko generoari
Veneziako estreinalditik, Guillermo del Tororen 'The Shape of the Water'-ek sariak eta kritika bikainak bildu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu