Datorren asteko estreinaldiak

Narkoaren harreman arriskutsuak

Virginia Vallejok Pablo Escobarrekin izan zuen harremana da 'Loving Pablo' filmaren oinarria

Javier Bardem eta Penelope Cruz filmeko eszena batean. 1980ko hamarkadako maitasun istorio bat kontatzen du filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
2007. urtean, argitaletxe garrantzitsu batek Amando a Pablo, odiando a Escobar izeneko liburua argitaratu eta lurrikara politikoa eragin zuen Kolonbian. Izan ere, hainbat presidente ohik—Alvaro Uribek eta Ernesto Samperrek, besteak beste— urte luzez narkotrafikoaren izandako harreman estuak deskribatzen zituen liburuak. Horrez gain, herrialde horretan bereziki sinbolikoak diren bi auzi berriro zabaltzea ekarri zuen: 1985eko Bogotako Justizia jauregiaren kontrako erasoa, eta 1989ko Luis Carlos Galan politikariaren hilketa.

Virginia Vallejo kazetaria dago Amando a Pablo, odiando a Escobar liburuaren atzean. Vallejo bere sorterriko telebista aurkezlerik ezagunenetakoa izan zen, baina horrekin batera beste kontu batengatik egin zen ezagun: Pablo Escobar narkotrafikatzailearekin izan zuen harremanagatik. Harremana 1983tik 1987ra luzatu zen.

Escobarren ondoan bizi izandako urteek hainbat filmetako gidoiak idazteko modukoak dira, baina Vallejoren biografia ez da horretara mugatzen. Escobarrekin bizi izandakoen ondoren, oso pertsona deserosoa bihurtu zen Kolonbian, ezagutzen zituen sekretuek eta narkotrafikoaren eta politikarien arteko harremanen ondorioz.

Horiek horrela, ez da batere harritzekoa oso ihesaldi zinematografikoa egin izana: 2006. urtean, AEBetako DEA agentziako talde batek herrialdetikatera zuen Vallejo. Egun batzuk lehenago, Alberto Santofimio Justizia ministro ohiaren kontra deklaratu zuen, ustez, harkPablo Escobarrekin eta narkotrafikoarekin izandako loturen inguruan.

Bikote mediatikoa

AEBek Vallejok zuen informazioa eskuratu nahi zituzten, eta horregatik lagundu zioten ihes egiten. Hainbat urte geroago, erbesteratu politikoaren estatusa eman zioten, eta, oraindik ere, kazetari kolonbiarra AEBetan bizi da.

Cristina Vallejoren liburua da Loving Pablo filmaren oinarri nagusia. Hortik abiatuta, ohikoak dituen drama sozialak alde batera utzita, Fernando Leon de Aranoa zuzen dari ezaguna bestelako lokatzetan murgildu da. Hain zuzen ere, pelikulak Virginia Vallejok eta Pablo Escobarrek iragan mendeko 80ko hamarkadan izan zuten maitasun istorioa kontatzen du.

Bi pertsonaia horien roletan, oso bikote mediatiko bat jarri da Leon de Aranoaren kamerapean: Javier Bardem eta Penelope Cruz. Ez da biek elkarrekin lan egiten duten lehen aldia —Jamón, jamón-en egin zuten lehen aldiz, eta gerora ere Woody Allenen zuzendaritzapean egin zuten Vicky Cristina Barcelona-, baina ez da oso ohikoa bi aktore hauek pantailan elkarrekin ikustea, eta horrek areagotu du pelikularen gaineko ikusmina.

Nolanahi ere, Loving Pablo bi zinemaldi garrantzitsutan aurkeztu dute dagoeneko —Venezian eta Toronton—, eta haietan bildutako kritikak ez dira oso onak izan.

'LOVING PABLO'

Zuzendaria. Fenando Leon de Aranoa.

Aktoreak. Javier Bardem, Penelope Cruz, Peter Sarsgaard, Julieth Restrepo, David Ojalvo.

Herrialdea. Espainia. Urtea. 2017.

Iraupena. 123 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.