Datorren asteko estreinaldiak

Komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko oreka zaila

Daniel Kalparsoro zuzendariak thriller generoa landu du berriro 'El aviso' pelikulan

Heriotza mehatxua jasoko du 10 urteko Nico haurrak. Jon gazteak bere gain hartuko du ikerketa. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Euskadiko Filmategiak atzera begirakoa eskaini berri dio Daniel Kalparsorori; errepaso zabala egin zaio haren filmografiari, eta hari buruzko liburu bat argitaratu dute. Otsailaren 24an amaitu zen egitasmo hori, modu berezian: izan ere, haren azken pelikula ikusi zuten Donostiako Tabakaleran, El aviso izenekoa, aretoetara iritsi baino hilabete lehenago.

Film berrian, euskal zinemagileak aurreko filmaren bidetik segitzen du; Cien años de perdon izan zen, eta emaitza onak lortu zituen kritika zein ikusle kopuru aldetik. Kalparsorok ez du generoz aldatu beharrik ikusi, eta zinema espainiarrak azken urteotan eman duen aktorerik interesgarrienarekin lan egin du berriro: Raul Arevalorekin, alegia. Harekin batera, Aura Garrido eta Sergio Mur daude, besteak beste.

Hamar urte dituen arren, Nicok heriotza mehatxu bat jasoko du. Ez daki nork eta zergatik bidali dion abisu hori, eta bere ingurukoen artean inork ez dio garrantzia handirik ematen. Baina Jonek,zenbakiekin obsesionatuta bizi den gazteak, horren berri izanen du. Azken urteotan inguru horretan gertatu diren heriotza misteriotsuak ikertzen ari da Jon, eta uste du Nicok jaso duen mehatxua horiekin lotuta dagoela.

Gorabehera dezente izan baditu ere, Daniel Kalparsoro filmografia sendoa eraikitzen ari da urteen poderioz. Gaur egun, Espainiako zinemagintzan komertzialtasuna eta gutxieneko maila artistikoa bermatzen ahal dituen zuzendari bakanenetakoa da. Estilo indartsu eta zuzen bat dauka, eta badaki berezko ukitua ematen bere pelikula gehienei.

Urrun gelditzen bada ere, 1995era joan behar dugu filmografia horren hastapenak topatzeko. Haren debut txundigarriak —Salto al vacio— haize ufada freskoa ekarri zion Euskal Herrian orduan egiten zen zinemagintzari.

Estreinako indartsua

Bere txikian, filmak oihartzun handi samarra lortu zuen, eta, horri esker, Pedro Almodovarren ekoiztetxeak —El Deseo— bigarren pelikula egiteko aukera eman zion; Pasajes urtebete geroago ailegatu zen. Ez zuen aurrekoaren harrera ona izan, baina Kalparsoro bazen nor ordurako.

Euskal Herria utzi eta Madrilen jarraitu zion bere ibilbideari: A ciegas, Asfalto, Guerreros, Ausentes... Haren zinema aro gris samar batean sartu zen, hasierako indarra galduta eta komertzialtasunaren eta ahots propioaren arteko oreka aurkitu ezinean. Telesailekin ere saiatu zen —La ira, Inocentes...—, baina horretan ere zorte handiegirik gabe. 2016an, Donostia 2016ren mandatuz egin zen Kalebegiak film kolektiboan parte hartu zuen, beste hainbat euskal zuzendarirekin batera.

Urte berean, Cien años de perdón thrillerra estreinatu zuen, eta, tentsioz beteriko pelikula horri esker, zinemagilea lehen planora itzuli zen. Gaur egun, futbolaren ustelkeriaren inguruko telesail batean murgilduta dago.

'EL AVISO'

Zuzendaria. Daniel Kalparsoro.

Aktoreak. Raul Arevalo, Aura Garrido, Sergio Mur, Belen Cuesta, Luis Callejo.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 122 minutu.

Generoa. Thrillerra.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.