Datorren asteko estreinaldiak

Europako frankizia baten arrakasta

Lehenengoa estreinatu eta hogei urtera, Franck Gastambidek 'Taxi' saila berpiztu du

Beste zuzendari bat eta beste aktore batzuk ditu Taxi 5 filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Oraindik orain, Frantziak segitzen du Europako industria zinematografikorik indartsuena izaten. Kontaezinak dira herrialdeak ekoizten eta esportatzen dituen filmak, horietako askok kalitate maila handia erakutsi ohi dute. Hori hala izanda, zinemazale askok uste dute soilik gisa horretako filmak direla frantziarrek egiten dituztenak.

Uste oker horri buelta ematea erraza da; izan ere, azken urteotan, Frantzian egin den frankiziarik arrakastatsuenak eta errentagarrienak ez du zerikusirik askotan irudikatzen den zinema frantziarrarekin. Taxi du izena sail horrek, eta hogei urte geroago, oraindik ere, bizirik dago.

1998. urtean jaio zen frankizia, Gerard Pires zuzendariak Marseillan girotutako komedia bat aurkeztu baitzuen orduan. Daniel pizza banatzaile bat da, bere ametsa betetzea lortuko duena: taxi lizentzia bat eskuratzea. Hori lortuta, dena korapilatuko zaio, Emilien ezagutu, eta gaizkile talde baten atzetik jo beharko dute haren lizentzia kontserbatu nahi badu.

Itxuraz, filmak ez zuen deus berezirik, auto jazarpenak eta akzio eszenak ziren aurkezten zituen elementu nagusiak, komedia ukituekin uztartuta. Baina gidoilari lanetan Luc Besson zegoen, eta zuzendari eta ekoizleak inork baino hobeto ezagutzen ditu film bat arrakastatsu bihurtzeko sekretu guztiak.

1998. urtean bi gertakari nagusi izan ziren Frantzian: Taxi-ren arrakasta eta gizonezkoen futbol taldeak munduko kopa irabaztea. Bi horiek errealitate komun bat ekarri zuten lehen lerrora; munduko kopan Zidane izan bazen taldearen heroia, Taxi-n jatorri magrebtarreko aktore bat zen protagonista nagusia, Samy Naceri. Zoritxarrez, Frantzia pluralaren lilura horrek ez zuen luze iraun.

Ikusleak eta sariak

Sei miloi ikusle baino gehiago bildu zituen lehenengo Taxi hark, eta kontua ez zen horretan gelditu. Harrigarria ematen badu ere, Cesar sarietarako zazpi izendapen lortu zituen, eta bigarren mailako bi sari eskuratu.

Horiek horrela, ondorio logikoa ekarri zuen pelikulari egindako harrera beroak, bi urte geroago bigarrena estreinatu baitzen, Taxi 2. Aldaketa gutxi, antzeko istorioa eta lehenengoaren protagonista igualak. Aktoreak ez ziren aldatu, Samy Naceri, Fraderic Diefenthal eta Marion Cotillard. Zuzendari berria zuen sailak, Gerard Krawczykek hartu zuen Piresen lekukoa.

Bigarrenak are arrakasta handiagoa lortu zuen. Eta, logikoki, beste bi ailegatu ziren, 2003an eta 2007an. Maila apalagoan bada ere, horiek ere oso errentagarriak izan ziren. Eta 2004an, Hollywoodek bere remake-a egin zuen,oihartzunik gabe pasatu zena.

Taxi frankizia amaitutzat ematen zuenean, 11 urte geroago, Franck Gastambidek berpiztea erabaki du, Luc Bessonen ezinbesteko laguntzaz. Zuzendari berria, protagonista berriak, baina finean, orain dela hogei urteko istorio bera. Ikusteko dago zein izanen den ikusleek eginen dioten harrera.

'TAXI 5'

Zuzendaria. Franck Gastambide.

Aktoreak. Sabrina Ouazani, Franck Gastambide, Bernard Farcy, Malik Bentalha.

Herrialdea. Frantzia.

Urtea. 2018. Iraupena. 98 minutu.

Generoa. Akzioa. Komedia.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.