Datorren asteko estreinaldiak

Egokitzen jakin izan duen jurasikoa

Sasoi betean, bosgarren atalera iritsi da Steven Spielbergek hasitako saila, Juan Antonio Bayonaren gidaritzapean

Bayonak Jeff Goldblum aktorea berreskuratu du Ian Malcolmen rola egiteko, Jurassic Park III-tik desagertua zegoena. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ia oharkabean, 25 urte igaro dira Steven Spielbergek Jurassic Park egin zuenetik: Michael Crichtonen eleberriaren gainean, dinosauroen inguruko pelikula ikusgarria izan zen. Bertan erabili zituzten efektu bereziek zeresan handia eman zuten, garai horietarako erabat berritzaileak baitziren.

Ez zen inondik inora Spielbergen pelikularik onena, baina zinemagileak inork baino hobeto daki kalitatezko lanak eta zinema komertziala uztartzen. Dudarik ez da: bete-betean bigarren multzoan sartzen da Jurassic Park, arrakasta komertzial izugarria izan zuena. Eta ez soilik filmak lortu zuen harreragatik, haren inguruan sortu zen merchandising produktu ugariengatik ere: miniaturak, biserak, kamisetak...

Lau urte geroago bigarrena ailegatu zen, The Lost World: Jurassic Park. Berriro ere Steven Spielberg zuzendariaren aulkian, berriro ere Crichtonek idatzitako materiala izan zen lehengaia. Eta, lehengoaren mailara ailegatu ez bazen ere —Titanic-en urtea izan zen hura—, bigarrengoak ere egundoko arrakasta komertziala eskuratu zuen.

Dinosauroen abenturen lehen etapa ixteko, 2001ean hirugarren filma iritsi zen. Izenburutik beretik antzematen zen formula agortuta zegoela, eta ez zela irudimenerako tarte handirik: Jurassic Park III tristea jarri zioten. Horrez gain, Spielbergek Joe Johnstoni utzi zion bere lekua, eta Jeff Goldblum aktorea desagertu egin zen. Horiek horrela, nahiko txarrak izan ziren kritikak, eta uharteko saurioen abenturak hor bukatuko zirela ematen zuen.

Bigarren etapa

Kontuak oso bestelakoak izan ziren, ordea. 2015ean, Jurassic World pelikulak frankizia berpiztu zuen. Nublar irla parke tematiko bihurtuta, genetikoki sortutako dinosauro batek hankaz gora jarriko du bertako lasaitasuna.

Colin Trevorrow izan zen mundu jurasikoari hats berria eman ziona, baina askok Spielbergen beraren eskua ikusi zuten haren atzean. Nolanahi ere, eta askoren harridurarako, laugarren pelikulak egundoko arrakasta eskuratu zuen, eta sail osoko errentagarriena bihurtu zen. Areago, zinemaren historiako takilan diru gehien bildu duen laugarren pelikula bihurtu zen. Hogei urte pasatuta, dinosauroen negozioa bizi-bizirik zegoen.

Horrela ailegatu gara 2018ra. Spielbergen kutuna den Juan Antonio Bayonak zuzendaritza ardura bereganatu, eta haren eskutik etorri da Jurassic World: Fallen Kingdom, saileko bosgarren atala.

Aurreko filmak langa oso altu jarri zuenez, ez da erraza izanen hura gainditzea. Aktore talde bera mantenduta, zaleentzat oso maitea zen pertsonaia bat berreskuratu du Bayonak, Jeff Goldblumek jokatzen duen Ian Malcolmena.

Istorioak aurreko filma bukatu zen horretan segitzen du. Parke tematikoa desagertuta, dinosauroak berriro libre daude Nublar irlan. Orain, beste arrisku bati egin beharko diote aurre: sumendi batek irla osoa suntsitzen ahal baitu.

'JURASSIC WORLD:FALLEN KINGDOM'

Zuzendaria. Juan AntonioBayona.

Herrialdea. AEB.

Aktoreak. Chris Pratt, Bryce Dallas Howard, James Cromwell, Rafe Spall.

Urtea. 2018.

Iraupena. 128 minutu.

Generoa. Akzioa. Zientzia fikzioa. Abentura.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.