Aterpe bat norberarena

Emakumezko bost migrante kale gorrian gelditu ostean, haientzako toki bat atondu dute Irunen

Proportzioan, gutxi izaten dira muga zeharkatzera etorritako emakumezko migratzaileak. GORKA RUBIO / FOKU.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Joan den igande iluntzean, Afrikako bost emakume eta 4 urteko neska bat iritsi ziren Irungo tren geltokira (Gipuzkoa). Bilbotik zetozen, muga zeharkatzeko asmoz; bisarik eta pasaporterik gabeko joanean,uda honetan gutxienez beste 3.200ek egin duten moduan. Migratzaileen harrera sareko boluntarioek topatu zituztenean, Gurutze Gorriaren aterpera eraman zituzten, gaua bertan pasatu zezaten. Han, ordea, ustekabeko ezetza jaso zuten: estalpea ez omen zegoen emakumeentzat prestatuta.

Gerar Karrere SOS Arrazakeriako kidea harrituta dago oraindik «aurreikuspen faltarengatik»: «Lehen, Gurutze Gorriak aterpe bat zeukan Irunen, eta gela bereiziak zeuden bertan. Duela hamar egun inguru, ordea, babeslekua eskola batera aldatu zuen, eta ez zuen kontuan hartu emakumeak ere heldu zitezkeela». Proportzioan, emakume gutxik ekiten diote Afrikatik Europarako bidaiari; oro har, aintzat hartzen da arrisku gehiagori egin behar dietela aurre: poliziek edo bidaiako kideek egin ditzaketen erasoei, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak, diputazioek, udalek eta Gurutze Gorriak osatutako koordinazio mahai instituzionalak ez dauka protokolorik haientzat, ezta behar bereziak izan ditzaketen bestelako kolektiboentzat ere. «Kasuaren arabera ikusiz goaz», azaldu diote egunkari honi Eusko Jaurlaritzako Gizarte Lan Sailetik.

Irungo bost emakumeei Bilbora itzultzea eskaini zieten aukera bakar gisa. «Bestela, Gurutze Gorriaren zerbitzuei uko egiten zietela zioen orri bat sinatu behar zuten», azaldu du Karrerek: «Ez bazuten onartzen Bilbora itzultzea, ez zuten aukerarik beste aterpe batean sartzeko. Ziur aski ez zekiten zer ari ziren sinatzen ere». Bik onartu zuten, baina ez ziren aterpera ailegatu gau hartan: «02:00etan Bilbora iritsi zirenean, ez zegoen inor itxaroten, eta parke batean bukatu zuten lotan». Gurutze Gorritik azaldu dute hori ez dela haien funtzioa: «Erkidego mailako arreta ematen dugu; toki bat beteta badago edo egokia ez bada, beste bat eskaintzen diegu, Bilbon, Gasteizen edo Irunen, eta gero lagunduko diegu bidaian jarraitzen».

Aterpe inprobisatua

Boluntarioek arrastoa galdu zieten Irunen geratu zirenei; uste dute gauean mugarantz jarraitu zutela. Atzo, ordea, berriro gertatu zen: beste bi emakume iritsi ziren bi urteko ume batekin. Orduan erreakzionatu zuen koordinazio mahaiak: jakinarazi zuen aterpe bat irekiko zuela emakume eta «kolektibo kalteberentzat». Karrereren arabera, atondu duten etxea neguan kalean bizi direnentzat zabaltzen dutena da, eta oraingoz larunbatera arte zabalduko dute. Jaurlaritzak ez du baieztatu noiz arte erabili ahalko duten migratzaileek: «Egunez egun erantzuten dugu. Dagoen eskariaren arabera erabakiko dugu».

Aterpe berriak 25 leku inguru ditu; hartara, Irunen migratzaileentzako 82 ohe egongo dira denera. Toki horiek, ordea, «igaroan» daudenentzat dira: gehienez hiru gau igaro daitezke bertan. «Egunez ez daukate egoteko lekurik», salatu du Carrerek. Ondorioz, Bilbon, Donostian eta Irunen gaztetxeek eta auzo elkarteek ordezkatu dituzte maiz erakundeetako baliabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.