Koronabirusa

Iparraldean, irekiera prest

Neurriak arintzeko bigarren fasea hasiko da bihar. Etxeratze agindua 21:00etan izanen da

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

Ipar Euskal Herriko ostatuek, jatetxeek, antzokiek, zinema gelek eta museoek zazpi hilabete pasatu dituzte hetsirik. Joan den urriaren 29an hesteko agindua eman zien Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta, geroztik, osorik hetsirik egon dira, luzaz egutegi zehatzik ukan gabe egon ondoan. Apiril hondarrean, berriz, neurri murriztaileen arintzearen egutegia eman zuen Macronek, eta, maiatzaren 3az geroz, lehen fasea abian da. Gaurtik aitzina hasiko da bigarrena: orain arte hetsirik egon diren hainbat sektore berriz irekiko dituzte, eta etxeratze agindua 19:00etatik 21:00etara gibelatuko dute.

Ostatu eta jatetxeetan terrazak bakarrik ez dituzte irekitzen ahalko, eta publikoa hartzen duten gainerako lekuetara jende kopuru mugatu bat baizik ezingo da sartu, hala nola zinema geletara, museoetara eta antzokietara.

Sektore horietako langileak jadanik hasiak dira prestatzen. Jerome François Baionako Soinua ostatuko kudeatzailea da, eta jadanik hasia da irekitzearen prestatzen: garbitu, konpondu, hornitzaileak deitu... «Biziki kontent gara berriz irekitzeaz, luze izan da», onartu du. Halere, protokolo zorrotzak errespetatu beharko dituzte ostatu eta jatetxeek. Terrazetan soilik hartzen ahalko dituzte bezeroak, eta gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira mahai inguruan.

Aldiz, protokoloa «aplikatu ezina» zaio Nicolas Miqueli, Baionako Victor Hugo jatetxeko jabeari. Haren arabera, eguraldiak gehiegi baldintzatuko du jatetxearen funtzionamendua: bihar ez du irekiko. Ekainaren 9ra arte egonen da beha, neurriak arinduko dituztelakoan. «Badakigu eguraldia nolakoa den hemen: eguzkia izaten ahal da 11:30ean, eta euria 12:30ean. Terrazan jan nahi duten bezeroekin zer egin behar dugu euria hasten badu?», galdetu du. Ez du arriskurik hartu nahi izan.

Itxieraren harira sortu zuten Kasu, ostalariak kexu kolektiboak, bestalde, atzo jakinarazi zuen, Euskal Hirigune Elkargoarekin negoziatu ondoan, datorren hilabetean onartu beharra duela instituzioak lur zergaren diru itzultzea. Izan ere, hetsirik izan badira ere, pagatzen segitu baitute ostalariek.

Kulturzaleen berantetsia

Kultur gelak ere zabalduko dituzte gaurtik aitzina. Miarritzeko Atabal kontzertu gelako arduraduna da François Maton: «Neurri zorrotzak aplikatzeko gai gara, alta, hetsirik egotera behartuak izan gara. Ulertzeko ez da erraza izan. Hegoaldean, adibidez, irekiak egon dira, neurri zorrotzekin», azaldu du. Berriz ere irekitzearen berria ukan eta berehala, programazioa prestatzen hasi da kontzertu gelako lantaldea. «Maiatzaren 21ean izanen da gure lehen kontzertua. Tokiko musika taldeak ekarraraziko ditugu, lehentasunez», esplikatu du. Dagoeneko salgai dira txartelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.