Desberdintzeari entzungor ez egiteko esan dio Arabak Errioxako jatorri izenari

Ramiro Gonzalezek salatu du kontseiluak Arabako Mahastiak zigilua oztopatu nahi duela. Upategiak Jaurlaritzaren baimenaren zain daude

Arabakio Errioxako mahastiak, Guardia inguruan. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Errioxako jatorri izenak «ahal den guztia» egingo duela agindu zuen, Arabako Mahastiak sor-marka berriaren sorrera oztopatzeko, eta hitza betetzen ari da. Arabako Errioxako upategi txiki batzuek jatorri izen berri hori abiarazteko duten nahiak, bada, beste traba bat dauka aste honetatik aurrera: Errioxako kontseiluak, upategien «esklusibotasuna» bakarrik ez, mahastiena ere exijitu du, araudia aldatuz.

Arabako upategi txikiek Errioxako talde handiengandik desberdintzeko martxan jarri nahi duten izen berri hori galarazteko erabakia dela salatu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak: «Arabako Mahastiak zigilura joateko tentazioa izan dezaketen upategiei gogoa kentzeko egin dute». Izan ere, Errioxaren barruan Cava jatorri izena ere badago, eta horrekin ez du arazorik Errioxako kontseiluak.

Ardoaren gerrak ez du etenik Errioxaren eta Euskal Herriaren artean, azken urteotan, Arabako ardoak desberdintzeko egon diren saio guztiak zapuztuz joan delako kontseilua, bata bestearen atzetik. Gatazka horrek, ordea, beste koska bat egin du gora Arabako Mahastiak jatorri izen berriaren proposamena Europako Batasunera iritsi denetik, Jaurlaritzak bideratu eta Espainiako Gobernuak postari lana egin ondoren. Gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko baimen bat baizik ez dute behar Errioxako jatorri izena utzi nahi dutenek sor-marka berria abiarazteko; baina baimen hori ez da iritsi oraindik, BERRIAk jakin duenez. Bruselaren behin betiko baimena iristen den bitartean, Gasteizen oniritzia nahikoa litzateke aurtengo mahats bilketako ardoa zigilu berriarekin botilatzeko eta Espainiako Erreinuaren barruan babes bereziarekin saltzeko. Ipar Euskal Herrian ez luke babes hori izango.

Esklusibotasuna nahi du

Baina lehen-lehena da Errioxako zigilua uzteko prest daudenak azaltzea. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartean badira hamabost bat upategi urrats hori egiteko prest, egunkari honen iturrien arabera, baina denak ohartzen dira erabaki garrantzitsu horren arrisku handiez. Errioxa aterkia da maila batean, salmentei begira, baina traba izugarria ere bai etorkizun hobea nahi dutenentzat. Jatorri izena ontziz beteriko itsaso zabal bat bihurtu da, eta kontseiluak burdinazko eskuz ezartzen duen politikak upategi txikiak itotzen ditu talde handien mesedetan. Nola? Upategien eta eskualdeen desberdintzea galarazita. Homogeneotasuna da formula erabilia, litroetan lehiatzen direnei mesede egiteko eta kalitatean eta berrikuntzan sakontzen dutenei kalte egiteko; kasurako, Arabako Errioxako upategi gehienak.

Orain, ikusteko dago Errioxako kontseiluak egindako araudi aldaketak nola eragingo duen sor-marka berriaren prozesuan. Jakina zen Errioxako zigilua uzteko erabakia hartzen duten upategiek soilik Arabako Mahastiak zigilupeko ardoa ekoitzi ahalko dutela. Esklusibotasun hori mahastietara zabaldu du Logroñoko kontseiluak orain, eta mahastizainak bi zigiluen artean bakarra aukeratzeko egoeran jarri ditu, teorian.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez ez da Arabako Mahastiak sortzearen aldekoa, Errioxa jatorri izenaren barruan desberdintze handiagoa lortzearen aldekoa baizik. Dena den, kontseiluari esan dio «desberdintzeko eskaerei bide emateko, gero eta gehiago direlako», eta soluzioak «adosteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.