Di Maio Italiako Atzerri ministroak M5Sren buruzagitza utzi du

M5S alderdiaren lidergoan dimisioa eman arren, Atzerri ministro karguan jarraitzeko asmoa du. Alderdia berrantolatzeko deia egin du

Di Maio Italiako Senatuan, iragan astean. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
Ander Perez Zala - Jone Bastida Alzuru
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Luigi di Maio Italiako Atzerri ministroak 5 Izar Mugimendua (M5S) alderdiaren buruzagitza utzi du, urteotan izandako barne tentsioen eta hauteskundeetako emaitza eskasen ondorioz. «M5S berrantolatzeko ordua iritsi da. Aro bat itxi da gaur. Nire betebeharra burutu dut», adierazi zuen. Halaber, jakinarazi zuen Atzerri ministro karguan jarraituko duela.

Helburu zehatz bat finkatu du Atzerri ministroak: legealdiren amaierarako «baloratuak» izatea. Horretarako, gobernuak «jarraitu» behar duela esan zuen, eta emaitzak iritsiko direla. Vito Crimi Barne ministrordea izendatu dute alderdiaren behin-behineko buru.

Alderdiak goia jo zuen 2018ko martxoko bozetan, boto gehien jaso zuen indar politikoa izan baitzen (%33), eta, harrezkeroztik, beherantz egin du hauteskunde bakoitzean; gobernuan izandako aldaketek eta alderdikideen dimisioek ere eragina izan dute Di Maioren erabakian.

Dimisioaz galdetuta, Giuseppe Conte lehen ministroak adierazi du erabakia errespetatuko duela, eta horrek ez duela eraginik izango koalizio gobernuan: «Aurrera jarraituko dugu». M5S eta Alderdi Demokrata (PD) koalizioan ari dira gobernatzen iazko abuztutik, Matteo Renzi gobernuburu ohiaren Italia Vivarekin eta Askeak eta Libreak-en (LeU) kanpo babesarekin; aurrez, Di Maioren alderdiak koalizio bat osatu zuen Lega ultraeskuindarrarekin, baina Matteo Salvinik iazko udan hautsi zuen, hauteskundeetara joateko helburuarekin. Jokaldia, ordea, ez zitzaion ondo atera, M5S eta PD ados jarri baitziren gobernatzeko.

Di Maiok hauteskunde erabakigarri batzuen atarian eman du dimisioa: igandean Italia erdialdean dagoen Emilia-Romagna eskualdean bozak egingo dituzte, ezkerraren gotorleku historikoan, eta inkestek lehia estua iragarri dute ezkerreko eta eskuineko zerrenden artean. Salviniren alderdia buru duen zerrenda gailenduko balitz, agintari ultraeskuindarrak garaipen hori baliatuko luke Erromako gobernuaren dimisioa eskatzeko.

Contek, ordea, ez die garrantzi handia eman boz horiei: «Gobernuari buruzko bozketa bat dela esatea oker dago. Haren erabakia errespetatuko dut; ardura handiz jardungo dugu». Gobernuburuak esan du Di Maioren erabakiak ez duela eraginik izango Italiako Gobernuan.

Baina lehen ministroaren gehiengo osoak gero eta tarte txikiagoa du bi ganberetan —batez ere Senatuan—, asteotan 30 bat diputatuk eta senatarik utzi baitute M5S. Iragan abenduan, hiru senatari Legara pasatu ziren; Lorenzo Fioramontik Hezkuntza ministroaren kargua utzi zuen hil horren amaieran, eta Gianluigi Paragone senataria alderditik bota behar izan zuten, boto diziplina ez errespetatzeagatik. Iragan asteartean bertan bi diputatuk M5S utzi zuten.

Di Maiok alderdiko militanteen esku utzi zuen bere kargua iazko maiatzean, Europako Parlamenturako bozetan botoen %17 baino ez zituztelako lortu; haren alde agertu ziren bozketan parte hartu zutenen %80, eta karguan jarraitu zuen. Orain, ordea, buruzagitza uzteko erabakia hartu du. Inkestek %15eko babesa iragartzen diote M5Sri balizko hauteskunde orokorretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.