Bi nafar eta bi gipuzkoar

Tolosak eta Buruzgainek elkarren aurka jokatuko dute Berria Txapelketako finalerdietan

Tolosak Gaztelekuri irabazi zion Beotibarren. Irudian, etxekoen Kadete mailako aurrelari Jokin Tolosa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Nafarroako bina pilota elkarte izango dira XVII. Berria Txapelketako finalerdietan. Lazkaoko LAPKEk eta Iruñeko Oberenak sailkapen hori lortua zuten, joan den asteburuan Tolosa eta Ultzamako Buruzgain izan dira helburua lortu dutenak. Aise lortu ere, bi klubek hiru partidak irabazi baitituzte. Pronostikoak bete, eta Tolosak inolako arazorik gabe kanporatu zuen Andoaingo Gazteleku. Gauza bera egin zuten ultzamarrek Azpeitiko Ilunperen aurrean. Horiek hala, asteburu honetan bi finalerdi zinez interesgarri jokatuko dira: LAPKE-Oberena eta Tolosa-Buruzgain.

TOLOSA
Tolosa 0
Gazteleku (Andoain) 3


Txapelketa hasterako, faboritoen zerrendan indartsu ageri zen Tolosa, eta ez alferrik. Izan ere, finalerdietarako bidean ez dute inolako oztoporik izan orain arte. Tolosako Beotibarren bertan jaso zuten Andoaingo Gaztelekuren bisita, igande goizez, eta lehen partidatik nagusitu ziren etxekoak. Kanporaketako partidarik ederrena eskaini zuten kadeteek, eta, gorabehera ugariren ondoren, 22-19 irabazi zuten Tolosak eta Castrok Gaztelekuko Zestau eta Segurolaren kontra. Ondo aritu ziren lau gazteak: piloteoan nor baino nor gehiago jokatu zuten bi atzelariek, eta aurrean ere izan ziren tanto onak. Hots, 12-18 aurretik joan ziren bisitariak, baina ez zuten asmatu aldeari eusten, eta azkenean, kastari esker, irabazi egin zuten tolosarrek.

Lehen puntua galduta, burumakur geratu ziren andoaindarrak, eta garesti atera zitzaien hurrengo bi partidetan. Gazte mailan, Tolosako Amundarain eta Gabirondok 22-6 menderatu zituzten Gaztelekuko Gaztañaga eta Beloki. Ezeren gainetik, Amundarainen jokoa nagusitu zen. Hark ipini zuen erritmoa, eta aurka egin ezinda ibili ziren andoaindarrak. Beloki ahalegindu zen eskuin eskuko kolpea baliatzen, baina ezin izan zuen. Galtzaileen borondatea ez zen aski izan tanto gehiago egiteko. Hala, nagusien mailan hiru tanto egitea aski zuten tolosarrek, baina ez ziren horrekin bakarrik konformatu. Txukun jokatzea aski izan zuten Elolak eta Aizpuruk Gaztelekuko Eskudero eta Usandizagari 22-9 irabazteko.

HERNANIN
Buruzgain (Ultzama) 3
Ilunpe (Azpeitia) 0

Tolosaren antzeko gidoia erabili zuen Ultzamako Buruzgainek Azpeitiko Ilunperi irabazteko, igande arratsaldez, Hernaniko pilotalekuan. Kadeteen arteko puntua ozta-ozta eskuratu ostean, hurrengo bi partidetan errazago nagusitu ziren nafarrak. Kadeteen mailan 22-20 irabazi zuten Buruzgaineko Barberenak eta Gaskuek Ilunpeko Bidezabal-Larrañagaren aurka. Neurketa aparta jokatu zuten lau pilotariek: ia lehia osoan aurretik joan ziren gipuzkoarrak (8-15), baina nekea sumatu zuten azken txanpan. Fisiko onari esker garaipen bikaina lortu zuten ultzamarrek.

Gazte mailan ez zen sorpresarik izan, eta Mikelarena eta Garaño nafarrek 22-12 irabazi zieten Ilunpeko Odriozola eta Egigureni. Atzeko koadroetan, bere mailako atzelaririk onenetakoa izaki, aise nagusitu zen Garaño, eta haren agintea ez zuen alferrik galdu Mikelarenak. Tanto ederrak lortu zituen, eta sakez min handia egin zuen. Oraindik ez zegoen guztia erabakita nagusien partidaren hasieran, baina ez zen batere emoziorik izan. Hamar tanto egin beharra zuten nafarrek, eta aitaren batean lortu zituzten, 10-2 aurreratu baitziren. Sendo jokatu zuten, eta Iriartek eta Oskozek 22-12 irabazi zieten Ilunpeko Larrañagari eta Labakari. Iriarteren inspirazioa aipagarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.