Bi bizilagun berri bukatu gabeko etxean

Peña II.ak eta Albisuk menderatu egin dituzte Elezkano II.a eta Zabaleta liderrak (15-22). Finalerdietara sartzeko aukera handitu zaie

Peña keinu bizian atzo, Albisu bikotekidea begira duela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketaren ligaxkako etxea goiko partetik ia osatuta zegoela ematen zuen: teilatuari pare bat teila jartzea baino ez zitzaion falta. Ematen zuen jakina zela zein izango zen finalerdietarako zuzenean sailkatuko diren bi bikoteetako lehena behintzat: Elezkano II.a eta Zabaleta lehen sailkatuak. Beste lekua zegoen dantzan, Altuna III.a-Mariezkurrenaren eta Peña II.a-Albisuren artean, baina, atzo arte aurrenekoek garaipen bat gehiago zutenez, kontuak edo aurreikuspenak edo dena delakoak haien alde zeuden.

Hara non, ordea, teilatuko zirrikitutik sartu diren Peña eta Albisu: erakutsi dute hautagai sendoak direla lehen bi lekuetan ez ezik baita aurrenekoan geratzeko ere, atzo irabazi egin baitzieten lehen sailkatuei, Bilbon (15-22).

Emaitza horrekin, harrapatu eta pasatu egin dituzte Altuna eta Mariezkurrena —bihar jokatuko dute horiek; atzelari nafarra osatu da—, eta puntu bakarrera jarri dira liderrengandik; gainera, ligaxkako bi partidetan irabazi egin dietenez, berdinduta amaituz gero, aurretik lirateke Peña eta Albisu. Bete-betean sartu dira, horrenbestez, finalerdietarako sailkatzeko hautagaien artean.

Horretara heltzeko, atzoko garaipena behar zuten, eta liderrak menderatu egin zituzten. Emaitza jokoaren ondorio izan baitzen. Dantzan ibili zituzten Elezkano eta Zabaleta, atzo arte bi partida bakarrik galduta zegoen bikote sendoa. Albisuk berealdiko partida egin zuen, pilotakada ia guztiak gozatuz eta norabidea emanez. Bi tanto bakarrik galdu zituela gehitzen bazaio horri, ez da harritzekoa Zabaleta atzo ibili zen bezala ibiltzea, ohi ez bezala: aurkariaren bizkarrean, atzo hamar urte bete zituen Bizkaia pilotalekuko atzeko koadroetan.

Albisuren erakustaldiari etekin oso ona atera zion Peñak. Hamar tanto egin zituen, eta, galtzekoak ez ziren pilota batzuk galdu ez balitu, urdinek astindu latza emango zieten atzo gorriei. 4-12 eta 8-17 egotetik, 13-17ra igaro ziren, eta, bukaeran, berriz ere garaileak moldatu ziren hobeto. Bere onena eman ezinda Elezkano ibili zen, menderatua, aurrean sartzeko pilota errazik gabe. Arriskatu egin behar, ondorioz, eta lautan egin zuen kale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.