Ehun ekintza 10 urte ospatzeko

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra egingo da Olatu Talka. Argi ikuskizuna izango da lehen egunean

Iazko Olatu Talkako ekimenetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Donostia 2016ri lotuta sortu zen Olatu Talka egitasmoa, Donostia Europako kultur hiriburutzarako hautagaia baino ez zenean, babesa lortzeko. Hiriburutza joan zen, baina egitasmoari eutsi egin diote, eta hamargarren ekitaldira iritsi da jada. Maiatzaren 31n, ekainaren 1ean eta ekainaren 2an izango da aurtengoa, eta, urteurren hori baliatuz, jaialdiak orain arte osatutako ibilbidea azpimarratzeko txoko bat jarriko dute Alderdi Ederren. Hiri guztian izango du presentzia jaialdiak, auzoetan nahiz erdigunean. Hala ere, Kontxako erlojuetatik Aquariumera bitartean osatuko duten gunea nabarmendu dute antolatzaileek. #HiriaEgin leloari eutsiko dio jaialdiak, eta ehun egitasmo baino gehiago bilduko ditu.

Donostia Kulturak iragarri ditu horietako batzuk. Lehen egunean, Argiartean jaialdia egingo dute Memoriaren parkean, Loiolako Erriberetan, 22:00etatik aurrera. Antolatzaileen esanetan, argia paisaiarekin, arkitekturarekin eta herritarrekin jarriko dute harremanetan, eta oroimenaren kontzeptuaren inguruko irudiak zein emozioak argi instalazioen bidez adieraztea izango da helburua. Musikarekin, bideoekin, dantzarekin eta poesiarekin uztartuko dituzte argi instalazioak, eta eragile askok hartuko dute parte: besteak beste, Donostiako Arkitektura Eskolak eta Tabakalerak. Ikerne Gimenez eszenografoa ari da ekitaldi hori koordinatzen.

Ondarreggae jaia izango da ekainaren 1eko ekitaldirik aipagarrienetako bat. Hondartza denboraldiaren hasiera ospatzeko balioko du, bai eta hondartzaren eta itsasoaren erabilera arduratsua sustatzeko ere. Karpa bat jarriko dute hondartzan, eta, Basque Reggae Elkartearekin elkarlanean, zenbait kontzertu izango dira egun osoan zehar: Si'art Sound, Isens, Gambeat Radio Bemba, George Palmer eta Kobo Dada, Watts Attack Sound System eta elkarteko artistenak, besteak beste. Hitzaldi bat ere egingo dute reggaearen historiaz zein musikaz. Egun berean, hondartza pareko lorategietan, Mercadabadillo bigarren eskuko merkatua jarriko du Dabadabak.

Ekainaren 2an, azken egunean, Basoka egitasmoa izango da, Olatu Talkan ohiko bihurtua. Musikak hartuko ditu Miramongo basoak, besteak beste, Jon Busseloren, Iker Laurobaren, Ane Leuxen eta Luke Armstrongen kontzertuak izango baitira goizean.

Olatu Talkaren programazioan sartzen den arren, iraupen luzeagoa izango du Egiako pasabidean jarriko duten ilustratzaileen erakusketak. Hiriko gunerik kritikoetako bat da hori, eta 44 emakume ilustratzaileren irudiak —bakoitzaren bat— eta bakoitzaren biografia laburra jasoko dira binilo gainean egindako inpresio digitalean. Maiatzaren 28tik ekainaren 17ra egongo da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.