Maldan gora, balazta sakatuta

Zazpi partida falta dira denboraldia amaitzeko, eta zuloan dago Alaves, azkeneko postuan

Osasunaren eta Alavesen arteko neurketako irudi bat, igandean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zuloan dago Alaves, eta amaitzen ari zaizkio hondotik ateratzeko aukerak; panorama geroz eta ilunagoa dute arabarrek. Liga amaitzeko zazpi partida falta direla, azken tokian daude, eta salbazio postuekiko tarte esanguratsuarekin: zazpi puntutara du Mallorca. Matematikek ematen dute, baina bestelakoa da taldeak transmititzen duena. Maldan gora doa, eta balazta sakatuta.

Halako egoera konplikatuetan, gainera, min berezia egiten dute herenegungoa bezalako porrotek. Partidaren hondarrean joan zitzaion Alavesi Osasunaren kontrako derbia. Bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudienean, Ante Budimir azaldu zen, eta sareetara bidali zuen baloia, 93. minutuan. Esku hutsik geratu ziren arabarrak beste behin.

Entrenatzaile aldaketak, oraingoz, ez du lortu taldearen dinamika aldatzea. Julio Velazquez Alaveseko teknikari berriak ohartarazi zuen zaila eta gogorra izango zela, baina mezu argia eman zuen: mailari eustea posible dela. Esperantza horri eutsi eta lanean segitzea tokatzen zaie orain.

Garaiz dago azken kolpea barneratu eta altxatzeko, baina azeleragailuari sakatzen hasi beharko du, berandu baino lehen. Zazpi final ditu aurretik.

Denboraldi amaierako neurketek bestelako kutsua izango dute Osasunarentzat. Ustez, eginak ditu sasoi honetako lanak, baina ez du azken hitza esan: zeharka Europara begira jarraitzen du. Nafarrek 41 puntu dituzte, eta bostera dute Vila-Real, zazpigarren sailkatua. Zaila dirudi, baina ez ezinezkoa.

Gertuago begiratzen dio Europari Athleticek. Hain zuzen, puntu bat lortu du asteburuan toki horren lehian dabilen Vila-realen aurka. Berdinketak, gainera, badu balio berezi bat: sasoia berdinduta amaituz gero, bi taldeen arteko partidetako emaitzek Athletic jarriko lukete aurretik. Ate aurrean eraginkorragoa izatea da talde zuri-gorriak findu beharko duen arloetako bat. Gainerakoan, erakusten ari da onenei aurre egin eta goiko postuetan egoteko gai dela.

Martxa hartuta

Bolada onean da Reala. Azken hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu, eta bete-betean sartu da Txapeldunen Ligan postu bat lortzeko lehian.

Oraintxe, seigarrena da, 54 punturekin; 56 ditu bosgarrenak, Betisek, eta 57 dituzte Atletico Madrilek eta Bartzelonak —kataluniarrek bi partida gutxiago jokatu dituzte—. Txuri-urdinek ondo bideratua dute datorren sasoian Europan izatea, baina beren eskuetan dute sari handiagoa lortzea. Ikusiko da ea hasi bezain ondo amaitzen duten sasoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.