Programazioari asteburu bat gehitu dio dFeriak

Boterea izango da aurtengo gaia Donostiako arte eszenikoen azokan, eta emanaldien ia bi herenak estreinaldiak izango dira Euskal Herrian

dFeriako antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Boterea taularatuko du aurtengo dFeria Arte Eszenikoen Jaialdiak. Zerbait egiteko edo zerbait izateko ahala izan daitekeen arren, Norka Chiapusso jaialdiko zuzendariaren esanetan, beste adiera bati begiratuko diote: alegia, nagusitasun hegemonikoa izateko edo aginte gorena islatzeko gaitasunari. Aukeraketaren arrazoia ere aipatu du: «Boterea erabiltze hutsa utzi eta boterea gehiegikeriaz erabiltzera heltzea izan da protagonista azokaren 25 urteetan gehien txalotu diren ikuskizunetan». Martxoaren 11tik 14ra izango da aurtengo azoka «ofiziala», Donostian. Alabaina, aurreko astebururako ere programatu dituzte zenbait emanaldi, jaialdia 25. aldiz egingo dela ospatzeko.

Hauek dira jaialdiaren datuetako batzuk: 32 konpainia ariko dira oholtza gainean, eta 33 ikuskizun eta 36 emanaldi eskainiko dituzte; ikuskizun horietatik %63 lehen aldiz izango dira Euskal Herrian. Diziplinei dagokienez, %42 dantza ikuskizunak izango dira; %40, antzerkia, eta %18, askotariko diziplinak. Horiek bertatik bertara ikusteko, berriz, 400 akreditazio inguru banatuko dituzte.

Alde horretatik, arte eszenikoen esparruan dFeria ezinbesteko bilakatu dela nabarmendu zuen Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Hezkuntza ordezkariak. «Ez da ohiko jaialdi bat, azoka bat da, eta profesionalei bideratuta dago, topaketak egiteko gunea da, zubiak eraikitzeko gunea... Horrek ematen dio izaera berezia». Sendotu egingo dituzte profesionalen arteko topaketak, eta, emanaldiekin batera, aurkezpenak, neurrira egindako topaketak, bilerak eta bestelako jarduera paraleloak ere izango dira. Aurtengo berrikuntzen artean, nabarmendu du azoka hasi baino pare bat egun lehenago, martxoaren 9an, kalera aterako direla, baina egitasmo horri buruzko xehetasunak aurrerago emango dituzte.

Chiapussok dFerian izango diren emanaldietako batzuk nabarmendu ditu: antzerkian, Shakespeareren bi lan izango dira, Arriaga antzokiaren Macbeth eta Atalaya Teatroren Rey Lear, antzerkigile horrek «inork baino hobeto islatu zituelako boterearen itzalak». Tanttakak Como un viento helado lana aurkeztuko du, senideen arteko boterearen eta afektibitatearen inguruan ari den lana. Kolonbiako Teatro Petrak Yo no estoy loca lana ekarriko du Donostiara, eta Kolonbiako beste konpainia batek, La Maldita Vanidad izenekoak, Promesa del año obra. Azken horren Europako estreinaldia izango da, eta dFeria amaitutakoan ere, asteburu horretan, hirian izatea nahi dute.

Dantza ere oholtzara

Dantzan, Italiako Alessio Natale konpainiak The Place lana ekarriko du Donostiara, eta Evie Demetriouk, berriz, The More You Dance, The More You Get. «Harribitxi» moduan, Mari Paularen Retrópica emanaldia, «kultura zerbait hermetikoa den ikuspegiarekin hausten duena», eta Lava dantza konpainiaren Berding The Walls aipatu ditu.

25. aldiz egingo da aurten dFeria, baina ez da orain dela 25 urte sortutako jaialdia. 1988an egin zen estreinakoz, eta antzerkiari lotutako egitasmoa izan zen hasieran. Geroago sartu zuten dantza ere, eta, gaur egun, arte eszenikoen azoka da. «Teknologia sartzen asmatu du, berrikuntzei eta gizarteak nahi duenari erantzuten, eta erakusleiho bat da euskal ekoizpena erakusteko ere», esan du Insaustik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.