Lurretik loreetarainoko bideak

Alicia Martinen eta Garikoitz C. Muruaren 'Tektonika' erakusketa ikusgai dago Cristina Enean, Donostian

Garikoitz C. Murua eta Alicia Martin, Cristina Enea fundazioko areto batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Lurretik sustraiak, sustraietatik zuhaitzak, zuhaitzetatik adarrak eta adarretatik, berriz, loreak. Hala bete dituzte Donostiako Cristina Enea fundazioko hormak Alicia Martin (Plasencia, Espainia, 1982) eta Garikoitz C. Murua (Donostia, 1978) artistek Tektonika erakusketan. Zeharo desberdinak izan arren, batu dituzte bien teknika eta estiloa, eta parez pare jarri.

Fundazioko hiru gela bete dituzte sormenez, eta horiek hari batez lotzea zuten helburu: «Erronka handi bat zen erakusketa hau niretzat, baina, hala ere, ederki ulertu dugu elkar». Lehendabiziko solairuak batzen ditu bi artisten irudimenak; horma irudi erraldoi batek: «Kaleko artetik dator Gari, eta berak argi zeukan horrelako zerbait egin behar genuela», azaldu du Martinek. «Ideia horrek pixka bat ikaratu ninduen, tamaina txikiagoko lanak egiten baititut nik».

Ausartu zen, ordea, Muruaren proposamenera moldatzera; horma irudi erraldoira. Marrazki panoramiko bat osatzen du lehen solairuak, eta zatituta dagoen horma bat irudikatu nahi izan zuten.«Pixka bat urruntzen bagara, argi ikusten da hormak hausten dituen pitzadura bat dagoela». Fundazioaren printzipio nagusiak eraman dituzte paretetara, natura etaingurumena, eraikina ez baitago alferrik berdez inguraturiko parke batean.

«Erakutsi nahi genuen hasieran ikusezinak izan daitezkeen mugimendu batzuek gauza asko mugi ditzaketela», nabarmendu du Martinek. Hari horretatik tiraka jaio da Tektonika, eta lurretik loreetarainoko bidea egiten du; behetik gorainokoa, alegia. Izan ere, eskaileretan gora eginda, areto bat izan du artista bakoitzak bere irudimena zukutzeko.

Eskuinaldean dago Muruaren erakusketa. Lore formako marrazki ñimiñoz osatu ditu figura handiak; oso punta fineko errotuladore batez. «Entzungailuak jarri eta bere munduan sartzen zen Gari, eta hauxe da emaitza», azaldu du Eneko Calvok, erakusketaren arduradunak. «Behin bere munduan sartuta, ez zegoen handik aterako zuen inor».

Bizi zikloa hormetara

Zirkuluak sortu ditu lore txikiz. Eta, Martinen hitzetan, bizitzaren zikloa adierazi nahi izan du horrekin: «Ziklo batek ez du amaierarik, jarraitutasuna baizik, eta, erakusketa honetarako, bizi zikloaren fase desberdinetan dauden lore eta landareak aurrez aurre kokatu ditu Garik».

Parez pare dago Martinen erakusketaren gela ere. Zurezko eta metakrilatozko euskarrietan muntatu ditu bere artelanak, eta argi naturalarekin jolastu da irudiari dimentsioa emateko.

Fenomeno geologikoen eta prozesu piktorikoen arteko lotura estu bat egin du artistak, harri itxurako forma batzuekin. «Harri bat beste baten gainean jarri dut, horietako baten mugimendu txiki batek sor dezakeen desoreka irudikatzeko». Hala josi dituzte hiru gelak bi artistek, elkarren arteko desberdintasunak parean jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.