Sanferminak Iruñean

Eskurik esku, dantzariak bat eginik

Iruñerriko dantza talde guziek emanaldia egin dute txupinazoaren ondotik. Iruñeko alkatea bertara joan da lehenbiziko aldiz

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Denak bat eginda. Horrela atera dira Iruñerriko dantzariak Foruen plazara. Txupinazoaren ondotik, dantza jaialdia da egitarau ofizialeko bigarren ekitaldia, eta aurten ere jende anitz bildu da bertan ikuskizunarekin gozatzeko. Berezia izan da. Berezia, aurten dantzariak ez direlako taldeka agertu jendaurrean, denak sokan bat eginik baizik. Berezia ere, agintariena alde batera utzi, eta Bandera arbolaren doinuari jarraikiz astindu dutelako ikurrina. Eta berezia, estreinakoz, Iruñeko alkatea bertan izan delako.

Soka erraldoia izan da aurtengo jaialdiak utzi duen irudirik indartsuena. Denak plazan sartuta, Mikel Ripodas Iruña Taldeko dantzaria erdira atera da ikusle zein dantzariei lehenbiziko urratsak eskaintzeko. Jarraian, talde bakoitzak bere tokia hartu du plazan, eta sokadantzaz gainera, Arizkungo (Nafarroa) dantzak eskaini dituzte.

Lehenbizikoak errituak agintzen dituen arauak bete ditu. Talde askotan, aurreskulariaren eta atzeskulariaren agurra aprobetxatu dute norbait omentzeko.Adibidez, Jesus Belasko alkate ohia plazara atera du bere bilobak. Beste batzuek taldea utziko duten kideak agurtzeko baliatu dute aukera. Agurren ondotik, sokak emanaldia ikusten ari ziren dantzarien adiskideez eta senideez bete dira, eta denek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatu dute.

Arizkungo dantzak jo dituzte jarraian: sagar dantza lehenbizi, mutil dantzak gero. Iruñean ez da eztabaidarik, emakumeek eta gizonek dantzatu dituzte dantza guziak. Dantzariek, alegia. Horren ondoren, saioaren kolorea aldatu da, fanfarreak hartu baititu mikrofonoak Arizkungo gaita jotzeko. Ordurako plaza bero-bero, ez bakarrik dantzariek giroa berotu dutelako, baita termometroek gora egin dutelako ere.

Ikurrina plazan

Udaletxeko balkoian ez da ikurrinik izan aurten ere. Banderarik gabeko mastak jazarpen judiziala salatu du txupinazoa bota dutenean. Baina ikurrina han eta hemen izan da Iruñean, baita Foruen plazan ere. Urtero han da. Urte luzez ikurrina plazaratzen zen ekitaldi ofizial bakarra zen dantza jaialdia. Horregatik, askorentzat une berezia da ikurrinaren agurra. Aurten Iruña Taldeari egokitu zaio ohorea —txandaka hartzen dute taldeek egun horretan ikurrina astintzeko eta musika jotzeko ardura—. Ikurrina ez ezik, Nafarroako bandera eta arrano beltza atera dituzte plaza erdira emanaldia abiatu aurretik, eta txistularien doinuei jarraikiz airean dantzan paratu dituzte.

Joseba Asiron alkateak hori nabarmendu du. «Urtero ekitaldi honetan ikurrina mantendu da. Batzuek oraindik pentsatzen dute ikurrina debekatu daitekeela Iruñean; beraz, horregatik pentsatu dut hemen egon behar nuela». Ez horregatik bakarrik. «Dantzak asko gustatzen zaizkidalako ere bai». Aurtengoa «bikaina» izan dela nabarmendu du, eta «asko hunkitu» dela Belaskori dantzatu diotenean. Maider Beloki Kultura zinegotzia lagun izan du emanaldian, baita EH Bilduko beste kide batzuk ere.

Hain zuzen ere, alkatearen presentzia nabarmendu du Josune Egea dantzariak. Nafarroako Dantzarien Biltzarreko Iruñeko ordezkaria ere bada, eta, beraz, ekitaldia antolatzen buru-belarri aritu da. Saioaren balorazioa ere egin du: «Ni pozik nago. Entseguen ondoren emanaldia oso ongi atera da, eguraldi ona egin du, eta, beraz, ezin dugu gehiagorik eskatu». Sokadantzan aritu da bera, zuri-gorriz jantzita. «Egun hau ilusio handiz bizi dut. Sanferminak dantzan hastea bezalakorik ez dago». Zirrara dantzari guziek sentitzen dutela uste du, hori baita Iruñerriko talde guziak elkarrekin dantzatzeko biltzen diren egun bakarra.

Emanaldia bukatzeko, ikusleak ere batu dira dantzara. Azkaindarrak dantza jauziarekin eta larrain dantzarekin borobildu dute jarduna. Bukatu da jaialdia, baina dantzan jarraituko dute. Sanferminetan gorputza astintzeko hamaika aukera baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.