Iaz baino 10.700 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Herrian

Bigarren hiruhilekoan baino 3.200 langabe gehiago daude, batez ere Bizkaian izandako gorakadaren ondorioz. Sortutako enpleguaren prekaritatea salatu dute sindikatuek

Jon Fernandez.
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 183.500 langabe zeuden joan den irailean. Hala diote INE estatistika institutuaren EPA inkestaren azken datuen harira Gaindegiak ateratako kalkuluek. Iazko lehen bederatzi hilabeteetako datuarekin konparatuz gero, aurten 10.700 langabe gutxiago daude herrialdean. Ondorioz, langabezia tasa ia puntu bat jaitsi da urtebetean, iazko iraileko %14,7tik aurtengo %12,8ra.

Azken datua aurtengo bigarren hiruhilabetekoarekin alderatuz gero, ordea, langabe kopuruak gora egin du: 3.200 gehiago, hain zuzen ere. Igoera hori Bizkaiari eta Gipuzkoari zor zaie. Izan ere, Araban eta Nafarroan behera egin du langabeziak azken hiruhilekoan, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Araban 1.300 langabe gutxiago daude, EPAren arabera, eta Nafarroan 1.200 gutxiago. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bigarren hiruhilekoan baino 200 langabe gutxiago zenbatu ditu INSEEk, eta lehen hiruhilekoan baino 800 gutxiago.

Gipuzkoan, aldiz, gorakada txiki bat islatu du Espainiako estatistika institutuak, 300 langabe gehiagorekin. Igoerarik handiena, edozelan ere, Bizkaian kalkulatu du INEk: 5.500 langabe gehiago.

Nolanahi ere, azpimarratzekoa da langabezia datuetan INEk eta Eustatek emandako datuen arteko aldea Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan. Iazko hirugarren hiruhilekoan, esate baterako, Eustatek INEk baino 16.300 langabe gehiago zenbatu zituen hiru lurraldeetan; aurtengo bigarren hiruhilekoan 17.400 gehiago. Hirugarren hiruhilekoan, ostera, parekatu egin dira bi institutuen irakurketak, eta bien arteko aldea 1.600 langabera jaitsi da: hiru lurraldeetan 133.300 langabe daude INEren arabera, eta 131.700 Eustaten arabera. Bi datuak inkestetan oinarritzen dira, ez enplegu bulegoetan lanik gabe azaltzen direnen erregistroan.

INEren datuekin jarraituz, eta langabezia tasari erreparatuz gero, Gipuzkoa da tasarik apalena duena (%10,35), Araba (%12,16) eta Nafarroa (%12,41) ditu atzetik tasa oso paretsuekin, eta Bizkaiak dauka daturik txarrena, %15,5eko tasarekin.

Landun gehiago

Azpimarratzekoa da, baita ere, landunen kopuruak Hego Euskal Herrian izan duen gorakada iazko irailetik aurtengora. INEk iazko hirugarren hiruhilekoan baino 35.900 landun gehiago zenbatu ditu, 1,1 milioi guztira, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan baino 19.500 gehiago. Bestetik, biztanleria aktiboak ere gora egin du EPAren datuen arabera: joan den irailean iazkoan baino 26.000 biztanle aktibo gehiago zeuden. Landunek eta lan bila dabiltzatenek osatzen dute biztanleria aktiboa, lan egiteko adinean dauden herritarrek.

Sindikatuek, langabeziaren urte arteko jaitsieran baino sortzen den enplegu berriaren kalitate txarrean jarri dute fokua. «Prekarietateak maila jasangaitzean segitzen du», ELAren aburuz. Hego Euskal Herrian urtebetean 9.900 lagun gutxiago daudela azaldu du sindikatuak, baina gaineratu du jaitsiera hori ez dela kolektibo guztietan gertatu. Izan ere, 55 urtetik gorako langabe kopuruak 3.400 pertsonatan egin du gora, 21.400era iristeraino. Gazteen langabeziak ere gora egin du: iazko irailean baino 1.000 gehiago daude beharrik barik, guztira 27.500. «Hala ere, gazte gehiago dabiltza lanean orain, eta horrek gazteen langabezia tasa %39,2tik %37,7ra murriztu du». Aldi berean, baina, bi kolektibo horiei eragin die aurtengo enplegu sorrerak. Iazko irailean baino 35.900 landun gehiago daude orain, eta horietatik 4.200 gazteak dira eta 12.100 55 urtetik gorakoak.

UGTko idazkari nagusi Josep Maria Alvarezek ere enplegu berriaren prekarietatea salatu du, eta adierazi du EPAren datuek «herrialdearen egoera txarra, oso txarra» islatzen dutela.

Europatik urrun

Europako Batasuneko herrialdeen zerrendan langabezia tasarik handienetan bigarrena du Espainiak, baina Euskal Herria ere EBko batez bestekotik gora kokatuta dago, 4,1 puntu gorago hain zuzen ere. Hirugarren hiruhilekoan %8,3koa zen EBko batez besteko langabezia tasa, eta %12,3koa Euskal Herrikoa. Bakarrik lau herrialde daude egoera okerragoan: Grezia (%22,6), Espainia (%18,9), Katalunia (%14,6) eta Zipre (%12,5). Beste muturrean daude, aldiz, Eskozia (%4,6), Alemania (%4,3) eta Txekiar Errepublika (%4,1).

Espainian, berriz, lehen aldiz jaitsi da langabezia tasa %19tik behera 2009. urteaz geroztik. Uztailetik irailera bitartean 235.900 pertsona jaitsi du langabe kopurua, eta 4,3 milioitan geratu da langabe kopuru orokorra, azken zazpi urteetako daturik onena. Era berean, azken hiruhilekoan 226.500 landun gehiago daude Espainian, guztira 18,5 milioi pertsona. Langabeziaren jaitsieraren eta landunen igoeraren arteko tarte hori biztanleria aktiboaren jaitsieragatik da, 24.9000 herritar gutxiago daudelako lanean edo lan bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.